Uxue Alberdi idazleak nobela, kronika, saiakera eta ipuingintza landu izan ditu bere ibilbide oparoan. Hain zuzen ere, ipuin-liburu batekin estreinatu zen 2007an. Orain, ia bi hamarkada geroago, bere hirugarren narrazio bilduma kaleratu du Susa argitaletxearen eskutik, “zauriz eta irrikaz” zeharkatutako obra. Gaur, astelehenarekin, aurkeztu du Donostian zortzi kontakizun barne biltzen dituen Hetero lana. Susako editore Leire Lopezek liburuaren izenburuari egin dio erreferentzia, azalduz Hetero horrek “argi konkretu bat proiektatzen” duela ipuinengan, bizitza guztiak zeharkatzen dituen “hetero-arauarena”, hain zuzen ere. “Heterotasunarena da markoa”, baina ez da bikote harreman heteroei buruzko liburu bat, gaineratu du editoreak. Aitzitik, “hetero-arauak” baldintzatzen dituen zenbait erpin izan ditu jomugan: aita-seme harremanak, bikotekide ez diren gizonen arteko erlazioak, “gaztaroan posible izan ziren heterotasun horren apurketa ez gauzatuak” eta bikoteen zentralitatetik kanpo erlazioak ulertzeko moduak, besteak beste. Badago, ordea, gozamenerako eta galderetarako tokirik, noski, dena ez baita zuria ala beltza idazlearen narrazio hauetan.

Azken aurreko ipuina kenduta -Sehaska kanta-, emakumeak dira narrazio guztien protagonistak. Landareek hazteko behar dutena da lehenengoa, iraganeko “mamuek” egunerokoan nola eragiten diguten kontatzen duena. Ukitzen gaituen hura dator gero, protagonistaren haur eta nerabezaroko lau pasarte kontatzen dituena. Irla izenekoari, aldiz, antzerki elkarrizketa forma eman dio Alberdik. Ipuin horretan, Kuban errefuxiaturik bizi diren batzuk bisitatzera joandako bi lagunen bidaia “desliruratu bat” kontatzen du. Gizakiaren adin guztiak narrazioak, berriz, igerian aritzen den gizon heldu bat eta haren semea ditu hizpide. Literatura lezioak ipuinean, berriro ere, testuaren formarekin jolas egingo digu Alberdik, idazle eta editore baten WhatsApp bidezko elkarrizketa erakutsiz. Gero Uso pasea dator, gaztetan sortutako desira berriez diharduena. Alargunak narrazioarekin bukatzen du idazleak bilduma. “Araua eta arrakala, bien arteko tentsioan ageri dira protagonistak, gizonek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez ari dira, gizonekiko espektatibez eta dezepzioez, unean bertan egin eta esan ez ziren horiez...”, gaineratu du Lopezek.

Tentsio kontrajarriak

Hitza hartu eta idazleak berak kontatu du, zazpi ipuin horiek idazteko beste hamaika irakurri behar izan dituela, bereziki, “molde diferenteetan” idatzitakoei erreparatu eta barneratze lana eginez; horrela topatu omen du bakoitzarentzat, narratiba eta lengoaia propioa. Narrazio bakoitza besteekin alderatuta oso ezberdina izan arren, “sakonean konpartitzen duten irrika eta zauri bat badute”. “Oso liburu pertsonala” dela aitortu du Alberdik, baina neurri berean “egilearen eta narratzaileen arteko distantzia” ere aldarrikatu nahi izan du. “Asko interesatzen zait bizipenetatik ipuinetara gertatzen dena, zer prozesu dagoen hor, zer elaborazio mota, nola bidaiatzen duten istorioek mundu errealeko erreferentzietatik fikzioaren mundura”, aitortu du.

Hetero ez da gai baten inguruan idatzitako bilduma, aitzitik, gorputzak eskatu ahala idatzi ditu Alberdik ipuinak. “Liburu honi Hetero izenburua jarri ez bagenio, jende gutxik pentsatuko luke hetero-arauaz ari denik, bollerek eta marikek bakarrik, seguru asko. Hain da ordena hegemonikoa, ez dela ikusten”, azaldu du. Segidan aipatu du, ordea, beste izenburu bat jarri izan balio, seguruenik, “giza harremanen inguruko liburu bat dela” esango lukeela jendeak, “desirari, maitasunari eta botereari buruzkoa”. Bere pertsonaiak ordena patriarkalaren barruan mugitzen badira ere, “jokoaren barruan eroso sentitu ez arren, ez dute jokoa uzten”. Zentzu horretan, McKenzie Warken hitzak ekarri ditu gogora, “hetero izateaz hitz egin baino, hetero jarduteaz hitz egin beharko litzateke”. Hetero izatearen “erregimen politikoaz” harago, afektuek eta desirek gain egiten duten “zingiretan” kokatu nahi izan ditu pertsonaiak, “elkarren kontrako bi indarrek sortutako tentsioan”.