Zinzindurrunkarratz. Oskar Alegriak bere hirugarren dokumentala izendatzeko erabilitako izenburua surrealismotik eratorria dela dirudi, baina, izatez, bere jatorria onomatopeiatikoa da. Zirin, mendi-brisak egiten duen soinuari esaten diote Artazu (Nafarroa) inguruan. Durrun, aldiz, mendian behera harriak egiten duen burrunbari esaten diote eta, azkenik, karrantz, tximistak mendi gaina jotzen duenean sortutako eztandari. Soinuek eta haren faltak, memoriak eta ahanzturak bezala, berebiziko garrantzia dute Alegriaren ez-fikzio poetiko honetan. Areto komertzialetatik urrun, Tabakaleran ikusi ahal izan zen atzo, larunbatarekin. Lan hau filmatzeko, familiako Super-8 kamera zaharra hartu zuen, bere aitonak Artazutik Argiñanoko bordetara egiten zuen transhumantziaren bidea errepikatzeko. Kamerak arazoak zituen, ordea, soinuak grabatzeko. Beraz, galdutako soinu, memoria eta bideen inguruko pelikula mutua ondu du zinemagileak. Proiektua, ordea, ez zuen bakartasunean egin, Paolo izeneko astoa izan baitzuen bidaide. Eta Alegriak berak dioenez, Paolo bera izan zen pelikularen soinu diseinuaz arduratu zena.

Zer da zuretzat memoria? Eta, aldi berean, zer da zuretzat ahanztura?

Memoria eta ahanztura txanpon beraren bi alde dira… beraz, kantoia da gehien interesatzen zaidan esparrua, bi aldeen artean uztartzen eta dantza egiten duten ertza, errealitatearen eta ametsaren artekoa.

Zure zinemarekin, orokorrean, ahanzturaren kontra egiten duzula esango zenuke?

Grabitatearen kontra egiten dudala esango nuke. Hori da gehien apurtzen saiatzen naizen legea… Zumiriki filmean zuhaitz artean dilindan etzanda egotea edo Emak Bakian plastikozko eskularruari segika, dena zamak arintzeko lana da.

Memoriak badu ahozkotasunetik asko, eta, hain zuzen ere, filma bataiatzeko garaian ahozkotasunera jo duzu.

Bai. Slovenian izan naiz aste honetan. Han bokalik gabeko hitz asko dituzte, adibidez, Krn izeneko mendi bat. Zinzindurrunkarratz izena oso interesgarria iruditu zaie. Hizkuntza musikala denean urrunago bidaiatzen dela uste dut.

Zergatik berreskuratu, berriro ibiliz, zure aitonak egiten zuen bidea?

Hantxe bertan dagoelako. Horixe izan zen Malloryk emandako erantzuna, “Zergatik igo duzu Everesta?” galderari. Nire kasuan antzekoa da: erronka eta mitoarengatik.

Zure aitona zenak zazpi ordutan egiten zuen bidea. Zuk gehiago baliatu dituzu. Zer da garrantzitsuagoa, bidea eta bertan aurkitzen duzuna ala helmugara iristea?

Bide berbera ezin da berreskuratu, desagertua delako. Niretzat hori ez da garrantzitsuena, inportanteagoa da ibiltzeko manera berreskuratzea: moteltasuna, begirada, bidearekiko errespetua eta, bereziki, isiltasuna. Hori guztia ere gainbehera dator.

Bideak zer ekarri dizu zuri?

Bidea etxea da. Momentu batean hori oso magikoa da. Eta paradoxa bat. Mugitzen zara , kanpoan zaude… baina beti sentitzen zara babesleku eta aterpe baten barnean.

Zure aitonaren garaian ehun artzainetik gora zeuden han. Orain, ordea, bakarra geratzen da. Zer pentsamendu sortzen dizu horrek?

Argiñanoko bordetan 111 artzain biltzen ziren bere garaian. Aitonak ogia eta jatekoa eramaten zien, horregatik dakigu kopurua, dena zenbatua eta kontrolatua zuen. Apaiz bat ere bazen haien artean, eguneroko meza ematen zen garaiaz ari baikara. Orain artzain bakarra geratzen da Andimendi osoan. Bakarrarekin esan nahi dut, bakarra dela han goian sei hilabetez bizi eta dena eskuz egiten duena. Bixente Otamendi Goikoetxea da bera, denboratik at bizi den heroia.

Zure amari omenaldia ere bada ‘Zinzindurrunkarratz’.

Bai. Bideko heroina da. Bere despedida izan genuen justuki abentura hau hasi baino lehen, eta bere isiltasunak ere hartu zuen bidearen parte. Azkenean bere haurtzaroko paisaia ere bada. Gero sute handia izan zen, dena kiskali eta horretan doa dolua. Filma hautsaz eta lainoz egina dago.

Zer pentsatu zenuen Super-8 kamerak soinurik ezin zuela grabatu antzeman zenuenean?

Ni beti absentzia batetik partitzen naiz. Izan daiteke galdutako etxe baten izena, izan daiteke urperatutako irla bat… eta hemen, ahots galdua faltatzen zen. Hori izan zen gure kamera zaharrak hartu zuen azken irudia: urteberri batean gure amak aitonari urte jaioberriari zer eskatuko zion galdetu zionekoa eta, justu, hantxe moztu zen bobina, gure aitonaren ahotsa erregistratu gabe. Beraz, erronka eta abiapuntua da hortik partitzea, ahots galdu hori nola berreskuratu asmatzea, mutu geratu den kamera zahar berarekin.

Pelikula zein puntutaraino da espontaneoa eta zenbateraino planifikatua?

Oso kuriosoa da baina hori da filmari buruzko hitzaldietan gehien errepikatzen den galdera. Eta ez daukat gehien errepikatzen dudan erantzunik. Beraz, batzuetan esaten dut Paolo bera izan zela bidea erabakitzen zuena eta, beste batzuetan, nik neuk. Asto batekin ibiltzen zarenean ez dakizu zer ageriko den edo non lo eginen duzun. Hori da magikoena, berriz antzinako moduan ibiltzea, gauak harrapatzen zaituen lekuan, hantxe bertan eta aire librean lo egitea.

Pelikula mutuaz ari gara, eta kontraesankorra badirudi ere, soinuek badute garrantzia izugarria, bidean grabagailuarekin grabatu zenituen “korte” horien bitartez.

Bai, soinuak dira urrezko pegamendua, irudi mutuen artean jartzen dena, pelikula ongi kolatzeko, lotzeko. Gauza bera egiten dute Japonian kintsugi izeneko artearekin, apurtutako objektuak konpondu egiten dira, pitzadurak ezkutatu gabe, zauriak erakutsiz… Film hau hori baino ez da, zauritutako film bat.

89 minutuko dokumentala egin duzu. Zenbat metro pelikula erabili zenituen orotara, eta, kalkuluetan sartuta, metro eta minutu horien arabera, zenbat kostatu zitzaizun?

Oso polita da ikustea nola pelikulak eta bobinak metrotan neurtzen ziren. Bobina bakoitza 15 metrokoa da, eta 3 minutu eta 20 segundo filmatzen zituzten. Bakoitzak 50 euro balio du, beraz oso ongi pentsatu behar da aurretik zer grabatuko duzun. Plano bakoitza jatetxe bateko menu bat bezain garestia baita.

N.G.

Nondik atera zenuen Paolo?

Asto-casting bat egin nuen. Bost ikusi, eta astoetan adituek lanerako asto bat hautatzeko aholkuak eman zizkidaten. Baina nik kontrakorako behar nuen astoa, bide berezi bat egiteko, memoriaren bidea. Eta isilik. Paolok bere belarriekin konkistatu ninduen, oso kuriosoak baitira bere mugimenduak. Eta bera izan da filmaren soinu diseinua egin duena.

Zaila gertatu al zitzaizun berarekin ibiltzea eta bera filmatzea?

Asto batez bidaiatzea gero eta zailagoa da. Iraultzailea da eta, nola esan, manifestu bat. Bideak oztopoz beterik daude egun, sasituak, abandonatuak… Erronka handiagoa da abenturarako. Bestalde, asto batekin herri batera sartzea... ez dago enbaxadore hoberik. Ate guziak irekitzen baititu.

Memoriaz ari gara. Zure azken pelikula Tabakaleran aurkeztu zenuen atzo. Aurretik ere hainbat jaialditan ikusi ahal izan da. Baina, non ikusi ahalko da aurrerantzean?

Festibaletan eta gero kultur aretotan, baita ermitetan edo frontoietan ere… herriko plazetan eta herriarekin. Niretzat oso inportantea da bi zirkuitu horiek mantentzea, koherentziaz diot. Filma oso artisau eran egina dago eta hori kontuan izan behar da banaketa momentuetan ere. Itzela da niretzat ikustea nola filma festibal handi batean eta herri txiki batean ematen ahal den. Zumiriki, adibidez, Venezian izan zen, eta Larrabetzuko ermitan ere bai, areto komertzialetatik urrun. Hori ez zait inoiz interesatu. Artazu, nire herri txikia, munduarekin konektatzen badugu, horrekin jada dena egina izanen da.