Euskal Herri osoa ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen Urmuga bi urtez behin ospatzen da. Tarteko urteetan, festibal ibiltari eta musikatua, Urtanta izeneko programa berezituan eraldatzen da, gai baten inguruan bueltaka dabilen ekimenean. Orain bi urte Elkano eta mundu-bira jorratu ostean, 2024ko Urtantak omenaldi izaera hartuko du. Alde batetik, Nestor Basterretxea zena jaio zenetik ehun urte bete direla ospatuko du eta, bestetik, bizirik dauden Jakin aldizkariko sortzaileei ere gorazarre egingo die. Urmugaren Urtantaren nondik norakoak gaur, ostiralarekin, aurkeztu dituzte Donostiako Cristina Enea parkean. Bertan izan dira, besteak beste, Felipe Uriarte eta Migel Zeberio antolatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbe, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza, EHUko Joxe Azurmendi Katedrako Iñaki Zabaleta, eta Nestor Basterretxearen seme Gorka Basterretxea.
Uztailaren 22tik 28ra ospatuko da Urtanta, Hondarribian, Arantzazuko Basilikan, Bakio aldean eta Aralarko Mailopean garatuko diren egun osoko programazioetan. Betiko izaerari jarraiki, mendi ibilbideak eta kontzertuak, biak izango dira etapa bakoitzean. Migel Zeberioren Et Incarnatus hari orkestraren laguntzarekin, belaunaldi ezberdinetako euskal artistak bilduko ditu Urtantak, besteak beste, Donostiako Orfeoia, Eñaut Elorrieta, Idoia Asurmendi, Anje Duhalde eta Maika Etxekopar.
“Egin nahi izan ditugun omenaldien inguruan hainbat proposamen, geografia eta aukera sortu zaizkigu, baina mugatu egin behar izan ditugu”, onartu du Zeberiok. Zentzu horretan, zenbait gairi heltzea erabaki dute. Basterretxearen kasuan, alde batetik, azken urteetan bizitako Hondarribia hautatu dute. Bestetik, Gaur taldeko kide izandakoaren sorlekura ere bidaia egingo du Urtantak: Basterretxea bermeotarra zen eta han inguruan dagoen Bakiora joango dira, bi herrien artean baitago Gerra Zibileko itsas gudariei eskainitako Matxitxakoko guda artelana. Lemoizen, “gure herriak oraindik itxi ez duen zauri horretan”, proposatu zuen Basterretxeak gainera, zentral nuklearra ekipamendu zientifiko eta kulturalean bihurtzea.
Hirugarren geografia bat ere landu du Urmugaren Urtantak, Arantzazuko Santutegia. Ezagunak dira, kriptako margoak direla eta, Basterretxeak Elizarekin izandako istiluak. Horiek gaindituta, eta hainbat artistek egindako lan ezberdinei esker, Euskal Herriko “erdigune espirituala” izateaz gain, “erdigune artistikoa” ere bilakatu zen.
Azkenik, Nafarroa ere zapalduko du Urtantak, aurtengo edizioaren itxiera Aralarko Mailopean egiteko.
Hondarribia eta Arantzazu
Ekitaldi eta programa guztiak josteko, Basterretxeak landutako serie Kosmogonikoa hartu dute oinarri antolatzaileek. Maisulan horiekin, Joxe Miel Barandiaranek jasotako mitoei forma eman nahi izan zien Basterretxeak. Hari horri tiraka, ikuskari berri bat sortu dute eta Hondarribian eta Arantzazuko Santutegian eskainiko dute taula gainean, uztailaren 22an eta 23an, hurrenez hurren. Diziplina askotarikoak uztartuko dituzte ikuskarian, Asisko Urmenetak eta Titika Rekalte aktore zuberotarrak sortutako gidoi batetik abiatuta. Arte plastikoak, aktore-lana eta musika, noski, ezinbesteko osagarriak izango dira, operaren kutsu nabarmena izango duen ikuskizun horretan. Et Incarnatus Orkestra hariez arduratuko da; Donostiako Orfeoia eta Maika Etxekopar, aldiz, ahotsa jartzeaz. Olaia Inziartek ere parte hartuko du. “Zentzumenak asko kitzikatuko dituen ikuskizun aparta izango da, poetikoa eta ederra ikusteko”, esan du Zeberiok.
Errepertorioari dagokionez, Carl Orffen Carmina Buranaren zenbait zati abestuko dituzte, baita Mikel Laboaren Baga biga higa eta Gure Hitzak, eta Benito Lertxundiren Itzaltzuko Bardoa ere. Areago joan nahian, Jon Esnaola konpositore gazte tolosarrak sei euskal doinu tradizional hartu, eta buruan dituela beste sei sorkuntza berri idatzi ditu. Horiek ere, Hondarribian eta Arantzazun estreinatuko dituzte. “Modernitatea eta espiritualtasuna, antzinakorekin eta geroarekin nahastuko ditugu”, nabarmendu du antolatzaileak.
Arantzazun, gainera, omenaldia eskainiko zaie bizirik dauden Jakin aldizkariaren sortzaileei, Paulo Agirrebaltzategiri eta Joxe Azurmendiri; baita Bitoriano Gandiagari ere, Hiru gizon bakarka poema liburuaren argitalpenaren 50. urteurrena dela eta.
Bakio eta Aralarko Mailopea
Uztailaren 25ean, Bakion, eta 28an, Aralarko Mailopean, Urmugan izaten diren antzeko programak antolatu dituzte, “solerako kantariak, gazte-gazteak” direnekin uztartuz. Eñaut Elorrietak, Idoia Asurmendik, Anje Duhaldek, Olaia Inziartek, Xabier Leturiak eta Et Incarnatus Orkestrako kideek “festa giroko” kantutegia eskainiko dute, Urmugaren ohiko ibilaldiak bukatu ondoren egunari amaiera borobila emateko.