Jendetza ugari bildu zen atzo Pasaia Itsas Festibalaren hirugarren egunean, euskal kostaldean egiten den nazioarte mailako itsas eta kultur jaialdirik garrantzitsuenean; jardueraz beteriko eguna zen, eta ez zen ezer falta izan: baxurako produktuen dastatzea eta edariekin uztartzea, askotariko musika, txotxongiloen kalejirak, baita saregileen erakustaldia ere.
Egun ederra esnatu zen goizean goizetik. Eguzkiak gogotik jo zuen egunaren lehen zatian, eta horrek, zalantzarik gabe, milaka pertsona animatu zituen, jakin-minez, soilik bi urtean behin errepikatzen den ikuskizunarekin gozatzera. Arratsaldean euriak jaia zapuzteko ahalegina egin bazuen ere, ordurako larunbata musikaz dotore jantzia zen.
Eguerditik aurrera Euskorleansen musika eta dantzarekin goza-tzeko parada izan zen, brass bandak eta New Orleanseko jazza uztartzen dituen proiektua erakargarria oso. Ekimen hori Kukai Dantzaren eta L.M. Moreno Pirata musikariaren arteko elkarlanetik sortutakoa da, eta ikuskizunak alaitasunez zipriztindu zituen San Pedro eta Donibane kaleak jai giro politean.
Ordu berean, 12:00ak aldera, batel estropada ere jokatu zen, bokalean gainera, egun hauetan 110 ontzi inguru sartu diren agertokian bertan. Hainbat ontziren presentziak oihalez, mastaz eta itsas giroz bete dute badia egunotan.
Bertaratu ziren ikusleek txundituta begiratzen zieten ontziei; han zebiltzan nabigatzen Phoenix, Recouvrance, Grayhound edo Le Biche itsasontziak, ostegunean Aitamari-k gidatuta eta Mater eta Saltillo atzetik zituztela badiara etorrita. Zalantzarik gabe, nekez ahaztuko duten irudia, zuzenean ikusteko aukera izan zutenentzat.
Atzoko egunez ezin bertsoak falta, eguzkia desagertu eta eguraldia erabat aldatu zen arratsaldean. Horretarako, Jaialdia Pasai Antxoko Errota itsasadarrera lekualdatu zen, hitzordua 16:30ean zelarik. 19.00etatik aurrera Trintxerpek ere bat egin zuen festarekin, Haatik Dantza Konpainiako dantzariek eskainitako Ur Bizitan ikuskizunarekin.
Larunbateko egitaraua Lonja plazan amaitu zen Anna Colom eta Ana Tijouxen kontzertuarekin.