Marina Landak (ahotsa eta gitarra akustikoa), Iñaki Olaskoagak (gitarra elektrikoa), Ion Larrañagak (bateria), Maialen Urretabizkaiak (baxua) eta Iñaki Ortegok (teklatua) osatzen dute Aria taldea. 2023ko azken txanpan argitaratu zuten lehen diskoa, Urdin, Domenico Gargano ekoizle italiarraren eskutik. Diskoa argitaratzearekin batera, urtearen amaieran, bere doktorego tesia ere defendatu zuen Landak. Tesi horretan, 1990etik 2019ra bitartean Gaztea irratian entzun diren Euskal Herriko 300 kantaren letrak aztertu zituen.

Txikitatik musika talde bat izateko ametsa izan duzula aitortu duzu noiz edo noiz. Aria da zure proiektu musikala eta ‘Urdin’ zure lehen diskoa. Zure ametsa bete da?

–Baietz esango nuke. Halere, sinesgaitza egiten zait oraindik ere. Diskoen kaxa iritsi zenean, ama ni baino gehiago hunkitu zela gogoratzen dut. Arraroa egin zitzaidan, kostatu egin zitzaidan onartzea bizitzen ari nintzena benetakoa zenik. Hilabete intentsuak bizi izan nituen, nire gain lan asko hartu nituelako: argazki saioa nik itxi nuen, diseinua nire planteamendu batetik jaiotakoa da, banaketa nik antolatu nuen... Hain garai intentsua izanik, diskoa eskuetan hartu nuenean kostatu egin zitzaidan bizitzen ari nintzenaren kontzientzia hartzea.

Zazpi abestiko lana kaleratu zenuen iaz.

Denak euskaraz sortuak dira, bat izan ezik, Anime perdute. Kantu horretan euskara eta italiera uztartzen ditut. Pop estiloko kantak dira, entzuteko nahikoa lasaiak, atseginak. Ekoizlearen eraginez ukitu elektronikoa ere badute.

Domenico Gargano aritu da ekoizle lanetan.

–Domenicorekin Palermon grabatu genituen kanta guztiak, 2022 eta 2023 bitartean. Ariaren kasua nahiko berezia da, behin diskoa prest zegoela osatu baitugu taldea. Orain taldea osatzen duten guztiek ez dute grabazioan parte hartu. Paraleloan joan gara taldea osatzen eta diskoa sortzen. Domenicok grabatu zituen instrumentu gehienak, pianoak izan ezik –Iñaki Ortego eseri zen teklatuen aurrean–. Domenico musika elektroniko alternatibotik datorrenez, bere ekarpena esparru horretatik egin du.

Nola sortu zen ‘Urdin’ grabatzeko aukera?

Tesia prestatzen nenbilela, Siziliara joan behar izan nuen hilabete batzuetan ikerketa han jarraitzeko. Hiri berri batera iristen zarenean zerotik hasi behar zara, inor ez baituzu ezagutzen. Prozesu katartikoa izan zen niretzat. Han bertan gitarra bat erosi eta konposatzen hasi nintzen. Gero, Domenico ezagutu, eta nire kantak grabatzen laguntzeko prest zegoela esan zidan. Diskoan dauden kanta gehienak Sizilian bertan konposatu nituen. Hasierako helburua, han sortutako hori nire garai horretako bizitzaren isla izatea zen. Ostera, Iñaki Ortego ezagutu eta berarekin jotzen hasi nintzenean konturatu ginen bazegoela beste kanta pare bat sartzeko aukera.

Euskaraz sortutako proiektu bat ekoizle italiar bati azaltzea zaila egin zitzaizun?

Hizkuntza ez da inoiz oztopo izan. Agian, oztopo gehiago izan du nik nahi nuena onartu eta hura bideratzen. Nire aldetik arraroa egin zitzaidan beti gitarra akustiko batekin jotzen nuen kantu bat, bat-batean ez dakit zenbat instrumenturekin entzutea. Hasieran oso arrotza egin zitzaidan eta asko eztabaidatu genuen horren inguruan (barrez). Azkenean, emaitzarekin gustura geratu nintzen eta, esango nuke, bera ere pozik geratu zela.

Diskoa zure bizitzaren garai bateko isla dela diozu; letrak, beraz, autobiografikoak izango dira, ezta?

Abesti gehienak niri gertatutakoak dira, baina ez guztiak. Nirekin nago abestiaren atzean dagoena, adibidez, mantra bat izan zen nire bizitzan. Palermon bizi izan nituen lehen aste horiek oso gogorrak izan ziren. Bi aukera nituen: Italian nituen zereginak bete gabe etxera itzuli, ala pasa behar nituen hiru hilabeteei eustea. Hortik sortu zen abestia, gogoratzeko zauriez, sustraiez harago eta zilbor-hesteez harago, bakoitzak bere buruarekin egoten eta maitatzen jakin behar duela. Ito kantua, bestalde, harreman toxiko baten inguruan mintzo da, eta momentu batean horrela dio: “Galdu nintzen baina ez ninduzun ito”. Anime perduteren kasua ere hortxe dago; Mediterraneoko errefuxiatuez hitz egiten du eta, moduren batean, Aita Mari-k, itsaso horietan egindako misioen bitartez, Euskal Herria eta Sizilia josten ditu. Ez da niri gertatutako zerbait, baina auzi garrantzitsua bai niretzat. Kasu horretan mezu politiko bat bidaltzeko erabili nahi nuen musika.

Euskaraz abestea garrantzitsua al zen zuretzat?

–Bai. Aspaldi erabaki nuen, ahal nuen esparru gehienetan, ahal nuen pertsona gehienekin eta ahal eta une gehienetan euskaraz egitea. Kantak idazten hasi nintzenean, 13 urte edo nituela, ingelesez idazten hasi nintzen eta gero gaztelaniaz, nire kontsumo ohituren eraginez. Une batetik aurrera erabaki pertsonala eta politikoa hartu nuen, euskaraz kantatzearena. Orain, naturalki horrela ateratzen zait. Artifiziala, italieraz idaztea izan da (barreak). Halere, gustatu zait euskarak eta italierak nola bat egin duten.

Marina Landa. Iker Azurmendi

Nolakoa da zure sortze prozesua?

Koadernoa eta gitarra alboan izan behar ditut beti. Batzuetan testua eta melodia batera etortzen zaizkit bestelako zereginetan nabilen bitartean. Hori gertatzen zaidanean segida ematen saiatzen naiz, gitarra hartu eta akorde eta erritmoak bilatuz. Beste batzuetan, gitarrarekin jolasean nabilela iristen da melodia eta, nire egoera emozionalaren arabera, zeren inguruan idatziko dudan pentsatzen hasten naiz.

Zure letrak kantatu ohi dituzu. Inoiz izan al duzu beste batzuenak musikatzeko tentaziorik?

–Bakarlari ibiltzen nintzenean beste batzuen kantak ere abesten nituen. Gerora konturatu nintzen ekarpenik egiten ez zuten adabakiak zirela. Oso zaila egiten zait bertsio bat kanta originala baino hobea izango dela imajinatzea. Badaude oso politak direnak, ez dut ezetzik esango. Nire bizipen edo pentsamenduak direnez, nire kantak jo eta abesterakoan azala uzten dut.

Zure tesian sakonki aztertu duzu euskarazko pop musika. Zure ikerketan topatu al duzu arrakastaren formularen zantzurik?

–Oihan Vegak hauxe zioen: Euskal Herrian kantu batek arrakasta izateko euskaraz sortua izan behar du eta dantzagarria ere izan behar du, txosnetan entzutekoa. Berak dio zure musika txosnetan ez badago, ez zarela inora iritsiko edo jendeak ez duela zure musika gogoratuko. Halere, lehenik eta behin, bakoitzarentzat edota gizarte bezala arrakasta zer ote ebatzi beharko genuke. Arrakastatsua izan zaitezke Euskal Herrian, baina ez Estatu edo nazioartean. Edo, agian, hemengoa izanda kanpoan sona handia lor dezakezu, baina hemen ez... Hizkuntzak rol oso garrantzitsua jokatzen du. Euskaraz eginez gero publiko jakin batengana iritsiko zara, baina ez beste batengana; hemengoa izanda gaztelaniaz abesten baduzu, aldiz, beste ate asko ere itxiko zaizkizu. Eztabaida interesgarria dela iruditzen zait: nire ikerketan, erantzun sendoak baino galderak topatu ditut gehiago.

Nahiko zenuke zure abestiak txosnetako zerrendetan jartzea?

–(Barreak) Polita izango litzateke. Zeini ez litzaioke gustatuko horrelako zerbait? Iazko Durangoko Azokan aurkeztu genuen guk diskoa. Gogoratzen dut, ausaz, bertara sartu nintzenean bozgorailuetatik gure kanta bat entzuten zela, azokaren playlist-ean zegoelako. Kasualitate horrek sekulako ilusioa egin zidan.

Aurrera begira kontzerturik emango duzue?

Maiatzaren 12an Tolosan izango gara; ekainaren 7an, Alkizan eta ekainaren 13an Bilbon. Azken hori akustikoa izango da. Bagabiltza beste data batzuk ere ixten. Zuzenean jotzeko irrikaz gaude.

Nolakoak izango dira zuzenekoak?

–Diskoarekin alderatuz, zuzenekoak zertxobait bestelakoak izango dira. Alde batetik, musikari bakoitzak bere egin ditu abestiak. Bestetik, kontzertuak mugituagoak eta kañeroagoak izatea nahiko genuke. Ordubete iraun ohi dute. Gainera, dantzagarriagoak diren eta diskotik kanpo geratu diren beste abesti batzuk ere joko ditugu zuzenekoetan. Garagardo bat eskuan hartuta gustura entzun eta pixka bat dantzatzeko moduko kontzertuak eskaintzen ditugula esango nuke.