Txiki txikitatik musika izan du bere pasio nagusia Marina Landa donostiarrak. Bakarka aritu ondoren, Iñaki Ortego teklistarekin elkarlanean hasi zen iaz. Orain, Aria taldea sortu dute eta 2023an zehar, Domenico Gargano ekoizle italiarraren laguntzarekin lehen EPa kaleratu nahi dute. Gainera, musikarekiko pasioa beste esparru batzuetara ere eraman du Landak. Deustuko Unibertsitatean doktorego tesian dabil buru belarri, komunikazioaren ikuspuntutik 1990 eta 2020. urte bitarteko euskal pop musika aztertuz.

Urte berria proiektu berri batekin hasi duzu.

–Aria izeneko proiektu musikala martxan jarri dugu. Iaz, bakarrik jotzetik, Laurobako teklista ohi Iñaki Ortegorekin, jotzen hasi nintzen. Proiektuak beste dimentsio bat hartu du. Momentuz biak gabiltza, baina beste taldekide bila ere bagabiltza. Domenico Gargano ekoizlearekin gure lehen EPan lanean ari gara.

Zure txikitako ametsa musika talde bat izatea al zen?

–Bai, txiki txikitatik. Nire musika partekatzearen beldur izan naiz beti. Niretzako gakoa izaten da, zalantzak azaleratzen zaizkidanean, besteen feedback eta babesa jasotzea. Momentu jakin batean, zaku batean nituen hamaika abestiekin zerbait egiteko garaia iritsi zen. Orain, talde formatuan erosoago sentitzen naiz.

Zer da musika Marina Landarentzat?

–Ez dakit nire ikertzaile alderditik datorren pentsamendua ote den, baina niretzat musika komunikazioa da. Musika partekatzea da, biluztea, gozatzea, baita sufrimendua kanpora ateratzen uztea ere. Etengabe barruan daukadan zerbait irrazionala da.

Nola ezagutu zenuen Domenico Gargano ekoizle italiarra?

–Sizilian hiru hilabete eman nituen tesiarekin. Bertan ezagutu nuen Domenico, kasualitatez. Harreman polita sortu zen gure artean eta kolaboraziorako aukera piztu zen. Gerora, ahal izan dudanetan hara itzuli naiz eta Domenicok gitarra jo zuen gurekin Atlantikaldian. Pixka bat arraroa da, ez baita gure leku berean dagoen pertsona bat, baina momentuz ongi moldatzen gara elkarrekin lan egiteko.

Konposatzen dituzuen abestien letrak euskaraz izango dira?

–Gehienak bai. Baina baditut kanta batzuk beste hizkuntza batzuetan ere. Euskal Herrian jende asko elebiduna da, eta gero eta jende gehiago eleaniztuna. Nire kasuan, hainbat hizkuntza hitz egiten ditut. Musika niretzat hizkuntzak ikasteko tresna ere baden heinean, beti saiatu izan naiz beste hizkuntza batzuetan idazten. Euskarazko letrak dira gehienak, baina azkenaldian batzuk italieraz ere idatzi ditut.

Zure doktorego tesia ere musikarekin erlazionatuta dago. Konkretuki 1990-2020 bitarteko euskal pop kanten edukia aztertzen zabiltza.

–Hiru urte daramatzat tesiarekin eta aurten amaitu nahiko nuke. Komunikazioaren esparrutik hartu dut musikaren gaia. Hau da, musika komunikazio prozesutzat ulertu dut, zeinetan igorle bat badagoen, abeslaria; mezu bat badagoen, letrak; eta hartzaile bat ere badagoen, entzulea. Komunikazio prozesu horretatik abiatuta, euskal musika herrikoiak zer nolako mezuak transmititu izan dituen aztertu dut.

Oso gai zabala dirudi.

–Eztabaida handia dago euskal musika popularraren inguruan. Alde batetik, euskal musika popularra hainbat modutara uler daiteke: musika tradizionaltzat edota mainstream bezala. Gizartearen gehiengoarengan eragina izan dezakeen musika interesatzen zitzaidanez, mainstreamean kokatutako abestien letrak aztertu ditut. Musika gizartearen isla bat da, eta esanguratsua da gure bizitzetan. Iruditu ez arren, diskurtso bat dago letren atzean, pertsonalagoa edo politikoagoa izan daiteke, baina horrenbeste aldiz entzuten dugun musika edo abesti batek gure jokabidean, jarreran edo mundua ikusteko moduan eragin lezake. Esanguratsua iruditzen zitzaidan hori aztertzea. Euskal Herritik kanpo ere egin dira horrelako ikerketak, baina gurean garai hori aztertzen duen analisirik ez dago.

Zer hipotesi landu duzu?

–Ez dago hipotesirik, galderak daude: Zer eduki mota dagoen edo zer gai jorratzen diren; letren ikuspegia pertsonala ala kolektiboa den, artistek zer nolako kulturatik edan duten, erabiltzen den sinbologia ere aztertu dut... Ideologiari ere garrantzia eman diot, genero identitateak eta genero diskurtsoak jorratzen nabil, hizkuntzari lotutako mezuak eta lurraldetasuna.

Zenbat abesti hartu dituzu ikerketa horretarako lagin bezala?

–301. Kantak aukeratzeko Gaztea hartu dut oinarri, euskal musika popularrean erreferentziazkoa delako, eta aukeraketa egitea, bestela, ezinezkoa izango zelako. Urte bakoitzeko Top Gaztea urte horretan gehien entzun diren 30 kantekin osatzen da. 1990. urtetik honakoak hartu izan banitu, 1.000 kanta inguru aztertu beharko nituzkeen. Eskerrak ez nuen egin, 301 nahikoa izan dira (barreak).

Urte bakoitzeko ‘Top Gaztea’ zerrendako hamar kanta aukeratu al dituzu?

–Hori zen hasierako ideia. Urte bakoitzeko Excel taula bat egin nuen. Eromena izan zen datu horiek guztiak atera eta prozesatzea. Gainera, zenbait urtetako zerrendak ez dira existitzen eta beste iturri batzuetara jo behar izan dut. Taulak eginda nituenean, beste urte batzuetako kantak edo bertsioak ziren abestiak kendu egin behar izan nituen. Ondoren, arrakastatsuenak edo entzunenak nituenean konturatu nintzen, urte batean hamahiru zirela aztertzeko interesgarriak ziren kantuak; beste batean, aldiz, zortzi. Zer lehenetsi behar nuen, hamar abestiko langa edo benetan corpusa urtez urte aldatu egingo zela onartzea? Urte bakoitzeko hamar inguru izan dira, horregatik dira 301 abesti.

Suposatzen dut abesti bakoitza behin eta berriz entzun beharko zenuela, ez zaizu nekeza egin? Abestiez gozatzeko ahalmena ez al da galtzen?

–Abesti batzuk izugarri gogaitu naute. Pixka bat tristea da, kanta asko, gehienak ez badira, nire bizitzaren soinu banda baitira. Zorionez, entzun baino, gehienbat irakurri egin ditut. Ikerketan, doinuak eta erritmoak letretatik disoziatu behar nituen, soilik testua lantzeko. Batzuekin ez zait beharrezkoa izan, baina, ofizialki argitaratuta ez zeuden letren abestiak behin eta berriz entzun behar izan ditut zer esan nahi zuten ondo ulertzeko, eta batzuekin bai bukatu dut, momentuz, berriro entzuteko gogorik gabe.

La Oreja de Van Gogh taldearen abestiak ere aztertu dituzu beste ikerketa batean.

–Bai. Ikerketa laster argitaratuko da liburu baten kapitulu bezala. Nik La Oreja de Van Gogh-ekin horrelako maitasun itsu bat dut eta ez naute, beste abesti batzuekin gertatu bezala, nekatu. Gainera, kasu horretan letra guztiak argitaraturik daudenez, taldea ez dut horrenbeste entzun behar izan. Irakurtze hutsarekin, entzutearekin identifikatzen ez diren hainbat kontu topatzen dituzu. Hori ere interesgarria da.

Zer aztertu duzu La Oreja de Van Gogh-en letretan?

–Batez ere leku identitatearen eraikuntza, Donostiarekiko duten harremana ardatz hartuta. Oso interesgarria da, entzulearen jatorriaren arabera nola gauza batzuk identifikatzen dituen ala ez. La Oreja de Van Gogh talde donostiarra da, baina Latinoamerikan ez dakite donostiarra denik. Oso jarraitzaile sutsua denak jakingo du, baina entzule arruntak Espainiarekin erlazionatzen du. Hainbat kantetan Madril ere aipatzen dutenez, nire galdera zen ea zer nolako harremana zuen taldeak Donostiarekin beraien letren bitartez. Badituzte Donostiako hainbat sinbolo esplizitu. Pablo Benegas elkarrizketatzeko aukera izan nuen eta zuzenean galdetu nion itsasoa, Parte Zaharra edo Kale Nagusia aipatzen dutenean ea Donostiaz ari diren. Baietz erantzun zidan. Baina, noski, una calle Mayor Madrilen ere badago edo beste edozein hiritan ere egon daiteke.

Zer ondorioztatu duzu?

–Donostiaz hainbat narrazio mota egin dituztela. Badago bat ikuspegi erromantikoa transmititzen duena; badago beste bat egunerokotasunean oinarritua, eta badago iluntasuna transmititzen duenik ere. Iruditzen zait jende askorentzat taldearen alde ilun hori ezezaguna dela, ez baitira horiek kantarik arrakastatsuenak. ETAri buruzko hainbat kanta badituzte.

Zeintzuk?

La carta; Cumplir un año menos; Promesas de Primavera eta Sirenas, adibidez. Sirenasen “Ya se han marchado las sirenas/Lejos de San Sebastián” esaten dutenean hitz-jolasa egiten dute, alde batetik, izaki mitologikoarekin eta, bestetik, anbulantzia eta polizia kotxeen sirena-hotsen desagerpenarekin, indarkeria nolabait desagertu delako hiritik. Hemen ere badago beste kontu interesgarri bat: alegia, talde batzuk euskalduntzat jotzen direla eta beste batzuk ez. Eztabaida potoloa da, tesian ere lantzen ari naizena.

Gaztelaniaz kantatzen duten taldeak ere aztertzen ari zara?

–Esaterako, Fito, La Oreja eta Alex Ubago sartu ditut. Hizkuntza ere aldagaia da, eta hizkuntza batean edo bestean sortutako kanten artean ezberdintasunik badagoen aztertu nahi izan dut.

Ba al dago?

–Gauza batzuetan bai. Esate baterako, harreman erromantikoez mintzatzen diren kanten kopuruan: proportzioan, gaztelaniaz euskaraz baino gehiago baitira. Harreman erromantiko horiek jorratzeko moduan, aldiz, ez dago hainbesteko alderik. Gaztelaniaz baino kanta gehiago aztertu ditut euskaraz, Gazteak baduelako euskararen aldeko akzio positiboa. Nahita nahiez, euskarazkoen proportzioa handiagoa da. Badaude hainbat gauza amankomunean eta beste batzuk ez, eta uste dut biak direla interesgarriak. Funtsean badago artista guztiak batzen dituen zerbait, testuingurua eta kultura. Euskal Herriko independentzia jorratzen duten kanta batzuetan, kanta berean edo talde beraren beste kanta batzuetan nazioarteko kultura popularren eragina ere nabari liteke. Normala da, izan ere, pertsonak garen heinean eta gizarte zabal batean bizi garen heinean, hainbat eragin baititugu.

Hegan egitea eta hegaztiak aipatzen dituzten abestien inguruko ikerketa ere egin duzu.

–Kasualitatez egin nuen. Azken bosturteko abestiak aztertzean konturatu nintzen hegan egin edo hegaztien inguruko aipuak sarri agertzen zirela izenburuetan. Nazioarte mailan ere musika popularrean maiz gertatzen da, baina euskal musikan sinboloa ebidenteagoa izan daiteke, ez bakarrik Txoria Txori dugulako. Arrano beltza ere hor dugu, Euskararen Txantxangorria euskararen erabilera sustatzeko kanpainan... Hegaztiak sinbolo dira eta interesgarria iruditzen zitzaidan aztertzea, ea Txoria Txorik adierazten duen askatasun sozialaren bidea jarraitzen ote zuten beste abestiek ere. Eta ez da horrela, abesti horiek, nagusiki, askatasun indibiduala irudikatzeko erabiltzen dutelako sinbolismo hori. Tendentzia hori nahiko orokorra dela antzematen da.

Abesti pandemikoak ere ikergai izan dituzu.

–Hori ere liburu batean argitaratuko da aurten. Ideia nagusia hau da: covid-19a edo birusa ez dela kantetan agertzen. Kontzeptu esplizitutzat “cuarentena” eta “ERTE” agertzen dira Iseo & Dodosounden eta Duplaren kanta pare batetan. Horrek erakusten du, nolabait, kanten idazketa errealitatetik ihes egiteko erabili zutela artistek. Baina adierazitako sentimenduak, emozioak eta balioak bat datoz pandemiako lehen urteko sentsazio orokorrarekin: ezjakintasuna, zalantza, bakardadea, kezka, kontaktu fisikoaren premia... Hemen, tesian bezalaxe, abestia bere testuinguruan jarri beharra azpimarratzen dut. Agian, hemendik 20 urtera SUAren Hormak apurtzea entzuten baduzu, ahaztua izango duzu noiz idatzi zen eta zer esan nahi duen ateratzeko aukerarik gabe lau hormaren artean egoteak.