Xanti Espinak aurten 66 urte beteko ditu eta erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio. Lezon oso ezaguna da Espina, izan ere 40 urte daramatzalako herrian musika irakasten eta herriko festa eta data esanguratsuetan ekintzak antolatzen.

Noiz hasi zenuen musikarekin harremana?

Ni oso berandu hasi nintzen musika ikasten. Ingenieritza ikasi nuen eta 21 urterekin edo hasi nintzen musikarekin. Hasieran hobby bat izan zen, baina gerora droga batean bihurtu zen. Ingenieritza bukatu nuen, baina ikasketak hor utzi nituen nire aitaren atsekaberako. Nik musika ikasketak oso azkar egin nituen eta hiru urtetan titulua atera nuen. Baina, nire etxean ez zegoen musika tradiziorik eta nire aitak ez zuen uste musikaz bizitzerik ezango nuenik. Oso haserre egon ziren urte askotan. Garai horietan gure gurasoentzat bizitza oso gogorra zen

Nola erabaki zen Lezon musika eskola bat sortzea?

Errenterian kontserbatorioa zabaldu zen 84. urtean eta Lezoko gazteak hara hasi ziren joaten. 20 gazte izango ziren astero hara joaten zirenak.

Noiz hasi zinen musikako eskolak eskaintzen?

Txistu taldea eramaten zuen pertsonak utzi behar zuen. Bururatu zitzaidan kartel bat jartzea txistu eta solfeo klaseak eskaintzen nituela esanez, 80 haur apuntatu ziren. Hurrengo ikasturtean 110 apuntatu ziren. Non sartu ere ez genuen. Lokal zahar batean entseatzen genuen hezetasunez beteta.

Hori izan zen musika eskolako hazia?

Bai. Gure lokalean ez ginen sartzen eta ikastolari baimena eskatu nion bertan talde batzuei klasea emateko. Gurasoek baliabide eskasak ikusita, bilera antolatu zuten. Kasualitatez garai hartako alkatearen, Arantxa Zeberioren, seme-alabak musika ikastera apuntatu ziren. Alkateak musika ikasteko grina zegoela ikusi zuen eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari batekin harremanetan hasi ginen musika eskola bat sor-tzeko baldintzak ezagutzeko.

Zein erabaki hartu zen?

Gaur egun AEK euskaltegia dagoen lokala utzi ziguten musika eskolak emateko, txiki gelditu zitzaigun berehala eta gaur egun liburutegia dagoen etxean ere eskolak ematen hasi ginen. Orduan legegintzaldi aldaketa egon zen eta HB sartu zen. Baina alkate horrek ere musikarekiko sentsiberatasun berezia zuen. Zorte handia izan dugu agintariekin, egondako guztiek, alde batekoak izan edo bestekoak, beti musikaren aldeko apustua egin izan dutelako.

Noiz lortu zenuten gaur egungo musika eskolaren eraikina?

Handik gutxira, inguruko (Elias Salaberria etorbideko) etxeak eraikitzen hasi ziren eta Mikel Arrizabalaga alkateak eraikitzaileari esan zion etxe guzti horiek eraikitzeko baimenaren ordainean, musika eskolarako eraikin bat egin behar zuela. Kontratistak eraikin hau borobila egin zuen ondoko etxeei bistak eta eguzkia ez kentzeko eta ahalik eta diru gehien aurrezteko ez zituen gelak insonorizatu. Liskar eta bilera askoren ondoren, kontratistak Lezok merezi zuen musika eskola egin zuen. Inaugurazioa hauteskundeekin kointziditu zuen eta ezer ofizialik ezin zenez egin, nik neuk antolatu nuen inaugurazioa maia-tzean, nire urtebetze egunean.

Urte hauetan guztietan nolakoa izan da musika eskolaren bilakaera?

Musika eskola sortu zen urtean eta 90eko hamarkadan Lezon arazo larri bat zegoen drogarekin. Jendea haurrengatik ikaratuta zegoen eta haur asko musika eskolara gerturatu ziren, kalean egon beharrean, zerbait kulturala egin zezaketelako. Garai horietan 200 ikasle baino gehiago genituen. Gainera, urte horietan eskolaz kanpoko ekintza eta eskaintza gutxi zegoen. Orain ordea, eskaintza asko dago. Gainera, guretzat oso garai latza izan zen pandemia eta ikasle asko galdu genituen. Orain berreskuratzen hasi gara eskaintza berritu bat dugulako.

Nola ikusten duzu musika eskolaren etorkizuna?

Bada garai bakoitzera egokitzen saiatu behar du. Nik ideia asko ditut, horietako bat da dantza eskola musika eskolan uztartu behar dela. Lezon dantzari asko eta puntakoak ditugu eta nire ustez musika eta dantza elkarrekin joan behar dute.

Hasiera-hasieratik herriko bizitza kulturalean parte-hartze aktiboa izan duzue.

–Bai, musika eskolaren sorreraren baino pixka bat lehenago, 1980an, txistulari taldeko helduei, txaranga bat sortzea, Takili Takulu, bururatu zitzaigun. 20 urte inguruko 20 gazte ginen. Udalak dirulaguntza bat ematen zigun eta sobratzen zitzaigun diruarekin instrumentuak erosten hasi ginen. Eta taldekideak instrumentu berri horiek jotzen ikasteko eskoletara joaten ziren. Oso originala zen.

Gaur egun musika eskolako ikasleek eta musika eskola berak ere festetan parte hartzen du.

Bai, Mendekoste eta Santakrutz jaietan kontzertuak ematen ditugu, inauterietan Trapujalerekin ateratzen gara... eta ezin dugu ahaztu Lesoinu aste pedagogiko musikala.

Hainbat urtetan Lezoko bizitza kulturalean parte hartu ondoren, udazkenean erretiroa hartzen duzunean, herriko ekintzak antolatzen jarraituko duzu?

Baietz pentsatzen dut. Hainbat urtetan ekimen desberdinak egin ondoren, zaila ikusten dut uztea.