Iazko irailerako pentsatua bazegoen ere, azkenean, apirilaren 12an inauguratuko da Usurbileko Sutegiko erakusketa aretoan, Jose Luis Zumetak bere herriari eskainitako lanen bilduma. Zumetaren Usurbil, gaur, ostiralarekin, aurkeztu dute Potxoenea kultur etxean. Bertan izan dira Usurbileko alkate Agurtzane Solabarrieta, 650 Usurbil Biziren dinamizatzaile Ines Aspiazu eta Zumeta Arte Estudioaren arduradun Usoa Zumeta. “Askotan esan dut gure herria ezin uler daitekeela Zumetarik gabe eta ziur nago alderantziz ere gertatuko dela, ezin dela Zumeta ulertu Usurbil gabe”, esan du alkateak. Hain zuzen ere, iaz egunkari honekin izandako elkarrizketa batean artistaren alabak adierazi bezala, Gaur Taldeko kide izandakoa zendu ondoren, haren obrari buruzko ikerketek aditzera eman zioten zeinen estua zen pintorea eta bere jaioterriaren arteko harreman “sinbiotikoa”.

Urtebete igaro da Sutegik Zumetaren inguruan antolatutako beste erakusketa bat barne hartu zuenetik. Mikel Laboa plazan dagoen mosaiko monumentalaren zaharberritzea behin bukatuta, Usoa Zumetaren komisariotzarekin, 1973 eta 1974a bitartean muralaren sortze prozesuari buruz hitz egiten zuten argazki, txosten, artelan eta buztinezko zenbait tesela bildu zituen. Apirilean irekiko den esposizioa, aurrekoa bezala, iaz inaguratzea nahi zuen Usoa Zumetak, mosaikoaren 50. urteurrena ospatzearen bueltan. Horretarako behar zen ikerketa, ordea, behar baino luzeagoa izan da eta urteurrena “borobiltzeko” asmoz orain irekitzea erabaki zuten.

Eduki figuratiboa

Jose Luis Zumetaren obra, gaur egungo paradigmatik begiratuta, espresionismo abstraktuarekin lotu ohi da. Alta, artistak beste lan ildo batzuk ere izan zituen, esate baterako, arte figuratiboa. Erakusketa berria, Usurbil eta usurbildarrak jomugan dituen bildumatxoa izateaz harago, artistaren artelan figuratiboen erakusleiho ere izango da.

Garaiari dagokionean, lehen margoa 1960koa da, Joxean Artzeri, biak 21 urte zituztela, eskainitako erretratu bat, konkretuki. Azken biak, aldiz, 2018an ondutakoak dira. Denbora tarte hain zabala hartzeak, Zumeta beraren ibilbidearen inguruko hausnarketa ekarriko duela iruditzen zaio alabari. Hastapenetan, figurazioa landu bazuen ere, 1960ko hamarkadaren hasieran Parisen jasotako eraginen ondorioz 20 urtez abstrakzioa landu zuen bereziki, “figurazio minimoa” ere baztertzeraino. 1978. urtean, ordea, bilatutako aldaketa etorri zen eta figurazio errealista margotzen hasi zen. “Beti egon dira biak hor baina, egia da, atzera begira jartzen bagara, hemerotekan abstrakzioa gehiago egon dela jomugan, figurazioa baino”.

Sorpresa asko

Esposizioa eta ikerketa elkarlanean aritu dira. “Sorpresa asko” topatu ditu bidean eta horietako zenbait Sutegin ikusgai egongo dira, artistaren aurpegi ezberdinak erakusteko asmoarekin.

“Pieza bakoitzak garai eta diziplina batean sakontzeko aukera emango digu”, esan du Usoa Zumetak. Adibidez, txorien inguruko eskulturen maketak ere erakusgai egongo dira. Ezin ahaztu, Zumetaren obran, hegaztiak behin eta berriz errepikatu ohi diren sinboloak direla, hasiera-hasieratik.

Gainera, gerora kartel bilakatu ziren 70. hamarkadako pare bat piezek, arte grafikoan artista usurbildarrak egindako lana ikusaraziko du. Kartelgintzaren munduan lan handia egin zuela jakina zen. Aitaren funtsak aratzerako garaian, Usurbilekin erlazionatutako sei aurkitu ditu. Hori bai hori sorpresa.

Bisita gidatuak

Erakusketaren harira, herrian zehar hainbat bisita gidatu antolatu ditu 650 Usurbil Bizi proiektuak, Museo Irekia ekimenaren baitan. Apirilaren 14, 20 eta 28an, bisitak Sutegin hasiko dira, herrian zehar sakabanatuta dauden zenbait artelanetan geldialdiak eginez. Zumetaren muralaz gain, Remigio Mendiburu, Judas Arrieta, Irantzu Lekue eta beste hainbat artisten piezak bisitatuko dituzte. Ibilaldia bukatzeko, aitari eskainitako erakusketaren inguruan mintzatuko da Usoa Zumeta. Bisita gidatuak hiru euroko kostua izango du –adin txikikoak, debalde– eta hamalau lagunentzako lekua izango da bisita bakoitzean.