Alan Griffin musikari irlandarra zendu da astearte honetan. Alboka taldeko kide den Joxan Goikoetxeak Facebooken adierazi duenez. Aurten 71 urte bete dituen musikaria 80. hamarkadan iritsi zen Euskal Herrira, eta hainbat euskal artistekin atera zituen proiektu asko.

“Ez adiorik, Alan Griffin. 1952.01.22 - 2023.12.05. Biotzean min dut, min etsia, zotiñik-gabeko negar-miña. Alatsu txoriak, udaondoz, negua du galazi-eziña”, idatzi du Goikoetxeak, Griffinekin batera Alboka taldeko kide denak.

Donostiara literaturaren inguruko doktoretza idazteko asmoz iritsi arren, euskal musikan bete-betean sartu zen. Urte gutxiren buruan, Amaia Zubiriak eta Txomin Artolak grabatu zituzten hainbat lanetan parte hartu zuen, tartean, euskal musikako hainbat doinu ezagun jaso zituen Folk-Lore Sorta. Bilduma horretako azken diska, hirugarrena, Gabonetako abestiei eskainia dago.

Griffinek ibilbide luzea egin zuen gurean, eta bilduma hori itxi eta bi urtetara, 1994ean Alboka folk musika taldearen sortzaillen artean egon zen, Joxan Goikoetxearekin, Txomin Artola bera eta Joxean Martin-Zarkorekin batera. Bertan Haizea eta Ganbara taldetako kide ohi batzuk elkartu ziren, euskal folklorea modu instrumentalean gorde eta zabaltzeko asmoz.

Urte hartan bertan, taldearen izen bera zuen lehen lana argitaratu zuen, zazpi lurraldetako musika bildu zuena.

Lau urte geroago, Artolak taldea utzi zuen, eta Juan Arriola biolin-jotzailea batu zitzaien Bi beso lur lanean. Orduz geroztik, beste hiru diska argitaratu ditu Albokak: Lorius (2001), Lau anaiak (2004) eta Lurra, ur, haize (2017).

Auñamendi Eusko Entziklopediak gogoratzen duenez, Albokak Euskal Herriko hamaika kontzertuetan zabaldu du bere musika, eta munduan zehar ere "arrakastaz ibili dira Europako folk musika jaialdi nagusietan: Dranouter (Belgika), Folkest (Italia), Euromusika (Hungria), Forde (Norvegia), Musika Interzeltikoaren Jaialdia (Italia), Folk Segovia (Espainia), Musicas Vivas (Vic, Catalunya), Folk Getxo (Euskal Herria), Manifesta - Amarante (Portugal), Conciertos de Radio3 - TVE2, Festival de Músicas de Raiz (Murcia), Ottocento festival - Saludeccio (Italia), Pir 99 (Huesca), Festival de la Luna Celta (Toledo), Musiche Presenti (Reggio Emilia - Italia), Concerti Scaligeri (Verona), Musicas Del Mon (Catalunya), World Music Getafe, Transhumances musicales (Francia), etabar".