Fernando Bernués dramaturgoak, Harkaitz Cano idazleak eta Isabel Herguera zinemagile eta ilustratzaileak mugak apurtu nahi izan dituzte, liburutegiei “gorazarre” egiteko. Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez izena du Canok idatzi eta Bernuések zuzendutako antzezlan berriak; eta, aldi berean, lasartearrak idatzi eta Herguerak marraztutako haurrentzako album ilustratua ere bada. Hala ere, guztiaren gainetik ezer izatekotan, metafikziozko artefaktu bat da. Hiru egileek, Ereingo editore Uxue Razquinekin eta Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendari Patxi Presarekin batera, proiektu “berezi” horren berri eman dute gaur Donostiako Santa Teresa komentuan eskainitako prentsaurrekoan.

Bernuések azaldu duenez, guztiaren jatorrian antzerki obra bat egiteko ideia zegoen: gertakari tragiko baten ondorioz, literaturarekin zerikusia duten aipu zifratuz beteriko paperezko hegazkinak bidaltzen dizkio leihotik behera aita batek, Oihana izeneko hamar urteko alabari. Horren aurrean, Agata izeneko liburuzain baten laguntzarekin, erreferentziak topatu beharko ditu liburukien artean alabak. “Bila zoazen liburuaren ondoan izan ohi da behar duzun liburua”, hausnartu du Canok. Aldi berean, etxeko apaletatik liburuak desagertzen -edo “ezkutatzen”- diren garaiotan, obra honekin liburutegien “gorazarre” egin nahi izan duela nabarmendu du. Horretarako, gainera, literatura unibertsaleko zenbait autoreren lanen artetik mokaduak hartu ditu, Antonio Skármentaren Nerudaren postaria nobelan Mario Jiménez izeneko pertsonaiak poeta txiletarraren olerkiak hartzen zituenean bezala. Poemak -eta testuak orokorrean- ez direlako idazten dituenaren jabetzakoak, “behar dituztenenak baizik”.

Antzezlana euskaraz, gaztelaniaz, valentzieraz eta galizieraz taularatuko da eta kasu guztietan zuzendaria Bernués izango bada ere, tokian tokiko konpainia batek garatuko du bakoitza, bere antzezle propioekin. Euskarazko bertsioaren kasuan, Tanttakak taularatuko du, antzezleak Miren Arrieta (Oihana), Asier Hernández (aita) eta Sara Cozarren (Agata) izango direlarik. Gipuzkoako kasuan, Foru Aldundiak bultzatutako Eskola Kultura ekimenaren baitan estreinatuko da abenduaren 14 eta 15ean Santa Teresa komentuan; hamar saio eskainiko dira, nagusiki zortzi eta hamabi urte bitarteko ikasleei zuzenduak. Abenduaren 16rako programatutako saioak, publiko orokorrarentzat izango dira.

Antzezlana eta liburua

Antzezlanaz hitz egin dugu, bai; baina, zer da, orduan, Ereinek argitaratutako album ilustratua? Obraren gidoia, agian? Ez. Antzezlana liburu aurkezpen batekin hasten da. Oihana heldu batek bere gazte garaiko pasadizo batzuetan oinarritutako album ilustratu bat aurkezten du bere babesleku kuttun batean, liburutegi batean, hain zuzen ere. Gerora, liburu horretan bertan kontatzen direnak azalduko dizkigu antzezlanak. Jakina, obrarako liburu bat behar zuten eta atrezzozkoa egin baino, benetakoa izatea otu zitzaien. Herguerarengana jo zuten Bernuések eta Canok, albumeko zein antzezlaneko irudiak ilustra zitzan. Proposamena Sultanaren ametsa amaitzen ari zela iritsi zitzaion donostiarrari, Zinemaldia baino sei hilabete lehenago. Lan karga zela eta estutasunak pasatzen ari bazen ere, baiezkoa eman zien, proiektu honek, hein batean, bere pelikularekin erlaziorik bazuelako. “Sultanaren ametsa liburu bati egindako omenaldia da, hau, berriz, liburu askori egiten dioguna”, esan du ilustratzaileak.

Haren ekarpena izan da paperezko edizioaren formatu etzana edo “zinematografikoa” izatea. Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez, bi pertsonek batera irakurtzeko moduko liburua da, seme-alabei ohean ipuinak kontatzen dizkieten gurasoen esperientzia aldarrikatuz. Izan ere, horixe baita literaturazaletasuna pizteko lehenetariko pausua.