Miriam Luki kazetari urretxuarrak jaso du gaur, astelehenarekin, Gipuzkoako Liburu-denden Elkarteak urtero banatzen dituen Zilarrezko Euskadi Saria. Liburu-saltzaileek Argialdiak (Susa, 2023) ipuin bilduma errekonozitu dute euskarazko kategorian eta Donostiako Hontza dendan egindako ekitaldian luzatu diote merezimendua. Gainera, ekitaldi berean, Gaztelaniazko kategorian irabazle izan den Juan Tallón idazle galiziarrak jaso du elkartearen garaikurra Obra maestra eleberriarengatik. Adolfo López, Liburu-denden Elkarteko presidenteak gogora ekarri nahi izan du, Gipuzkoako liburu saltzaileek bozketa bidez aukeratzen dutela Zilarrezko Euskadi Saria, aurreko uztatik, merezitako sona izan ez duten lanak mahai-gaineratzeko asmoarekin. Argialdiak bildumaren inguruan, Lukik erakutsitako “egoera eta giro ezagunak sortzeko” trebeziarengatik eta haren “estilo berezi” eta “zorrotzarengatik” erabaki dute saria ematea sektoreko adituek.
Donostiako Kultura Zinegotzi Jon Insaustiren eskutik jaso du Lukik Zilarrezko Euskadi Saria. Insaustik, zinegotzi paperean baino irakurlearen azaletik goratu du idazlearen lana; “izenburu ironiko”-tik hasi, eta “guztiok noiz edo noiz sentitu ditugun bizipen edo sentimenduak deskribatzen dituzten” bederatzi kontakizunak goraipatzeraino. “Erraza egiten zaigu kontakizunetan agertzen diren pertsonaien sentimenduak identifikatzea, ezagunak egiten zaizkigu”, esan du Insaustik. Idazlearen beraren ahotik jaso du zinegotziak erantzuna: “Nire ipuinekin irakurlea hunkitzea nahiko nuke”.
“Horrorea nagusia den garai hauetan”, azaldu du idazleak, literaturaren bidez bizitzari baikortasunetik gorazarre egitea “zilegi da”. Miriam Lukiren bidea, ordea, “ez da hori izan”. Aitzitik, bere bederatzi ipuinen bidez giza kondizioan arakatu nahi izan du, bereziki, “berdintzen gaituzten ezaugarri horietan”. Gizabanakoa “iruzurtia den” dikotomia moral batean aritzen dela uste du, “ona” eta “txarraren” artean erabaki behar horretan. Izatez, gizakia grisetan ibiltzen dela uste du, eta horixe da haren kontakizunetan islatu nahi izan duena, “giza kondizioaren miseriei begiratzea” inongo “epairik egin gabe”. “Agian, horren kontziente izango bagina, horrorea saihesteko aukera izango genuke”, esanez amaitu du.
Eskerrak, liburu-saltzaileei
Tallonek egin bezala, Lukik ere liburu-saltzaileak eskertu nahi izan ditu bere solasaldian , ez bakarrik bere Argialdiak saritzeagatik, egiten duten preskriptore lanagatik baizik, dendariek irakurle izan behar dutelako liburuak gomendatzekotan. “Haiek gabe idazleok ez ginateke ezer”, gehitu du. Zentzu horretan Mariasun Landak kontatutako anekdota bat ekarri nahi izan du prentsaurrekora. Errenteriarra Lukiren liburua erostera joan omen zen Donostiako liburu-denda batera iragan uztailean. Atetik sartu zenean, saltzaileak Lukiren liburua omen zeukan esku artean, huraxe irakurtzen ari zen. “Ezin zaizu ezer hoberik gertatu. Liburu-saltzaileak zure liburua irakurtzen baldin badu eta gustuko baldin badu, zure lanarentzat ez dago ezer hoberik”, esan du barrez kazetariak.