Tokioko Nazioarteko Zinema Jaialdia (TIFF, ingelesez) alfonbra gorri eta guzti hasi da astelehen honetan Japoniako hiriburuan, eta aurten estreinakoz izango du euskal zinema zikloa, besteak beste 20.000 erle-espezie (2023) filma proiektatuko delarik. Estibaliz Urresola Solagurenen aipatutako filmaz gain, Donostiako azken Zinemaldian nabarmendutako beste film batzuk ere ikus ahal izango dira azaroaren 1eraino arte luzatuko den TIFF jaialdiko euskal ziklo aitzindari horretan. Isabel Hergueraren Sultanaren ametsa (2023) animaziozko zinta eta Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren Arnasa betean (2023) Japonian estreinatuko dira, horrenbestez.

Bestetik, Latin Beat sailaren barruan, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu berri den beste lan bat erakutsiko da: Isabel Coixeten Un amor. Estatuko zinemari dagokionean, aktore lanean Ethan Hawke eta Pedro Pascal dituen Pedro Almodovarren Extraña forma de vida filma ere bertan eskainiko da.

TIFF jaialdiaren 36. edizio honetan, Paris, Texas (1984) eta Buena Vista Social Club (1999) film entzutetsuen Wim Wenders zuzendari alemaniarra izango da epaimahaiburu, eta Pacification (2022) edo El canto de los pájaros (2008) lanengatik ezagun den Albert Serra zuzendari kataluniarra epaimahaikide.

Lehiaketatik kanpo, Andrew Haighen All of us strangers, Takeshi Kitanoren Kubi izeneko azken lana, edo jendea ikusteko irrikaz dagoen Yorgos Lanthimosen Poor things proiektatuko dira, besteak beste. Jaialdiaren irekierako Wendersen Perfect Days (2023) filma aukeratu dute, eta itxierarako, berriz, Takashi Yamazakiren Godzilla Minus One (2023).

Hamalau urte pasa ostean, aurten bigarrenez emango du TIFFek Akira Kurosawa Saria. Zinema globalari zuzendariek egindako ekarpenagatik banatzen da aintzatespen hori, aurrez Steven Spielberg zinemagileak eskuratu zuelarik, eta edizio honetan Gu Xiaogang txinatar zuzendariak eta Mouly Surya indonesiarrak jasoko dute. Aurten, Erraldoien sorbaldak izenburupean, Yasujiro Ozu zuzendari nipondar ospetsuari eskainitako atal berezia ere izango du jaialdiak. Bertan, Japoniako Zinema Artxibo Nazionalaren laguntzari esker digitalki zaharberritutako zinegilearen lanen bertsio batzuk aurkeztuko dira, haren jaiotzaren 120. urteurrena eta heriotzaren 60. urteurrena ospatzeko, bitxia bada ere, biak ala biak egun berean gertatu ziren, gainera: abenduaren 12an.