Itsasoa hizpide izango duen poesia-irakurraldi musikatua antolatu du Balea Zuria argitaletxeak Hondarribiko Itsas Etxean ostiral honetarako.

Itsas hariak deituriko emanaldian poesia, musika eta irudia uztartuko dituzte, argitaletxetik atzo iragarri zutenez. “Itsasoa ardatz hartuta, bidaia poetikoa planteatzen du musikaren laguntzarekin, kostalde eta itsas eremu ezberdinak jorratuz. Itsasoa ez da paisaia soil bat, entzulearekin hitz egiten duen ahotsa ere bada, eta tradizio literario handia duena. Bere musika eta doinu propioak ditu, beti ezberdinak, eta, hala ere, beti berdintsuak”, azaldu zuen Balea Zuriak ohar batean.

Alderdi poetikoari dagokionean, hiru poema-liburutan oinarritutako poemak entzun ahalko dira; hain zuzen ere, Pello Otxoteko egile irundarraren Itsas bizi-mina, eta Aritz Gorrotxategi donostiarraren Amua eta Uda betea. 

Otxotekok eta Gorrotxategik musika bidelagun izango dute olerkien irakurketan. Talentu handiko bi gaztek ipiniko diete harizko musika itsaso-paraje poetikoei. Nerea Azcona harpista donostiarrak eta Nora Otxoteko biolontxelista irundarrak zuzenean joko dute Hondarribiko agertokian. Poesia eta musika aipatu baditugu ere, beste hirugarren diziplina batekiko elkarrizketa ere sustatuko dute: Imanol Larrinaga margolariaren irudiek apainduko baitute saioa, proiekzioen bitartez.

Itsas hariak arratsaldeko 19.00etan hasiko da Hondarribiko Itsas Etxean, eta sarrera debaldekoa izango da. Ordubeteko iraupena izango du.

‘Itsas hariak’

Non? Hondarribiko Itsas Etxean.

Noiz? Ostiralean, 19.00etatik aurrera.

Parte Hartzaileak: Pello Otxoteko, Nora Otxoteko, Aritz Gorrotxategi eta Nerea Azcona.