Bernardo Atxagak haur literatura umorearen bidez “konbentzionalkeriaren” aurka eta moralismotik urrun, baina beti ere fikziotik. Irudikatu diogu, baina idatzi ere, hala idazten du asteasuarrak. Eta horren eredu da, hain zuzen ere, Xola, bere burua lehoitzat duen arratoi-txakurra. Erein argitaletxeak, euskaraz lehen aldiz, 1995tik 2015era Atxagak idatzi eta Mikel Valverdek ilustratutako bost ipuinak –Xolak badu lehoien berri, Xola eta basurdeak, Xola eta Angelito, Xola eta Ameriketako izeba eta Xola eta lapurrak– liburuki bakarrean argitaratu ditu, aliteraziora jotzen duen izenburuarekin: Holaxe bizi da Xola. Idazlana gaur, asteartearekin aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean bi autoreek, Uxue Razquin Ereingo editorearekin batera. “Alde batetik, Xola kaleratu eta orduan ezagutu genuenok, Euskal Herriko haur literaturan mugarria izan den bildumarekin berriz gozatzea du helburu liburuak eta, bestetik, orain estreinakoz haren abenturak ezagutuko dituzten haurrek Xolaren unibertsoa deskubritzea, eta orrialde horietan agertzen diren marrazkiekin eta umorearekin disfrutatzea”, azaldu du Razquinek.
Euskaraz modu bateratuan argitaratu den lehen aldia bada ere, Britania Handian ingelesez eta Japonian japonieraz formatu horretan kaleratu zuten. Atxagaren helduentzako eleberri askorekin gertatu bezala, Xola txakurtxoak bisitatutako munduko hamaika txokoetatik ere berri onak iritsi dira; izan ere, Shogakukan argitaletxe japoniar garrantzitsuak, esaterako, haren mendeurrenaren harira osatutako haur literaturaren esparruan idatzitako 125 ipuin apartekoenen zerrendan sartu baitu Atxagaren eta Valverderen sorkuntza.
Txakurren eta katuen artean erabaki beharraren premian bizi den gizarte honetan, txakurrengandik hurbilago sentitu izan dela aitortu du idazleak, haien “psikologia” hobeto ulertzeraino. Hain zuzen ere, haiekin hazi eta hartu-eman estuagoa izan omen du, itxura batean fikzioaren historian arrakasta handiagoa lortu duten felidoekin baino. Xola bera, idazlearen anaietako batek etxean izan zuen txakurtxo koldar batean oinarritutako pertsonaia da. Animaliak etxeko atean soinuak entzun eta armairu baten barruan izarapean ezkutatu zeneko pasartea kontatu nahi izan zuen hasiera batean. “Oraindik ere ez dut lortu hura kontatzerik”, esan du barrez Obabakoak-en autoreak.
Atxagak bezala, Valverdek ere nahiago ditu txakurrak katuak baino, bigarren horien muturra marrazterako garaian arazoak izaten dituelako. Xola asmatzeko garaian, ordea, zenbait buruhauste izan zituela eman du aditzera. Txakurtxoa beltza izateko argibidea eman zion asteasuarrak. Ilustratzaile gasteiztarrak ohikoa duen “marraren” erabilerarekin ez zetorren bat, ordea. Horregatik, eta “espresibitate” handiagoa lortzeko , Hergéren Milu, Goscinny eta Uderzoren Ideafix eta Bill Wattersonen Calvin eta Hobbesen erreferentziak buruan zituela, grisetik hurbil dagoen zuri baten aldeko apustua egin zuen Xolarekin.
Banbulorekin gertatu bezala –Atxagaren beste txakur-literarioa–, gizakien antzera, Xolak ere hitz egiteko gaitasuna dauka. Ezaugarri horrek egiten du, Atxagaren ustez, “unibertsal”. Jakina, “Japonian ere, txakurrak txakur”. Horra hor, munduko bazter guztietan Xolak lortutako konplizidadearen arrazoia.
Hori bai, bere hizkera “ume batenaren tankerakoa da”; kontzeptuak, gainera, nahastu egiten ditu, eta haur asko bezalaxe “uste handikoa da”. “Oso poetikoa den inozentziarekin” bizi da Xola, hori bai, errealitateak “zaplazteko bat” eman arte, eta orduan sortzen dira egoera komikoak. “Uste dut barrea eta irribarrea oso osasungarriak direla eta nik horretan lagun ahal badut, lagundu egiten dut”, esan du Atxagak, irribarrez noski.
Beste Xola batzuk
Beti izaten da pertsonaietara itzultzeko joera, batzuetan, ordea, autorearen eskuetatik ihes egiten dute. Ondo ikasia du hori Atxagak, esperientziaren bidetik, hori bera gertatu baitzaio Xolarekin. Ereinentzako bilduma errepasatzerako garaian, azkeneko bi ipuinen -Xola eta Ameriketako izeba eta Xola eta lapurrak- bertsio laburragoa proposatu zuen, idazterakoan “apur bat luzeegi” joan zela iruditzen baitzitzaion. “Burua, askotan, luze joaten da, eta eskua haren atzetik. Batzuetan komeni da eskuari geldi egoteko esatea”, esan du.
Burua eta eskua luze joate horretan, Xolaren inguruko argitaratu gabeko beste bi ipuin idatzita badituela aitortu du Atxagak. Xolaren inguruko kontakizunak direla diogu, baina idazleak gaineratu duenez, bere hurbilekoek idatzi horiek irakurritakoan, haietan Xolaren arrastorik ez dagoela esan omen zioten. Dirudienez, arratoi-txakurrak alde egin du idazlearen etxetik... oraingoz, behintzat.