Liburuaren Eguna igande honetan izango da, beraz; aurretik, ordea, martxan dira hainbat ekimen, irakurtzearen plazera bultzatzea helburu dutenak. Horien artean, Donostiako Herri Ametsa Ikastolak gauzatutakoa: 4. DBHko hainbat ikaslek ipuin pertsonalizatuak egin dizkiete Lehen Hezkuntzako (LH) 1. mailakoei. Elkarlana oinarri duten fikziozko kontakizun horietan, txikienak dira protagonista.

Ekimen hori, Liburuaren Egunari zuzendutako ekintza zehatza izanik, proiektu orokorrago baten parte ere bada. Bertan, 4.DBHko 15-16 urteko nerabeen eta LH1eko 6-7 urteko haurren arteko “elkarbizitza” eta “lankidetza” sustatzen dira, Olatz Goikoetxea irakaslearen esanetan, baita ikasleen euskarazko ahozkotasuna ere. Ideia “pandemia garaian” otu zitzaiela dio 4. DBHko Proiektuak ikasgaiko maistrak. Etxean konfinatuta zeudenean, bereziki txikienei, kosta egiten zitzaien pantailaren aurrean klaseak hartzen jardutea, eta ikasle zaharragoekin hizketaldiak izatea interesgarria litzatekeela hausnartu zuten ikastolako arduradunek. “4. DBHkoekin egiten zituzten bideo-deiak askoz ere gusturago gauzatzen zituztela ikusi genuen”, adierazi du Nerea Goikoetxeak, LH1eko tutoreetako batek.

Erantzun positiboaz jabetuta, elkarlan hura garatzen jarraitzeko erabakia hartu zuten, eta horretan aritu dira azken hiru urteotan. Txikienek jorratu beharreko gaiak dira abiapuntu eta, hortik aurrera, zaharrenek ekintza ezberdinak sortzen dituzte. Erdibidean, noski, bi astean behin burutzen dituzten talde biren arteko elkarrizketak dira nagusi. Ikasturte honetan, esate baterako, egun jakin batean paleontologo bihurtu dira haurrak, dinosauroei buruz ikasteko, nerabeek antolatutako indusketa batean parte hartu dutelarik; eta dametan ere aritu dira, antzinako greziarrak hobeto ezagutu asmoz.

Baina, zergatik aukeratu zituzten adin hauetako gaztetxoak, 6 urteko haurrak eta 15 urteko nerabeak? Bada, Nerearen esanetan, txikienei konfinamenduko dinamika “pisutsuagoa” egiten zitzaielako, eta erreferentetzat dituzten nagusiagoekin elkarlana errazagoa egiten zitzaielako. “Gure ikastolako zaharrenak dira” 4. DBHko ikasleak, gogorarazi du Olatzek, eta “txikientzako superheroiak dira”. Gainera, gaztetxoenek kontzeptuak nola barneratzen dituzten ikustea oso aberasgarri egiten zaie nerabeei, ikasketa-prozesua ulertzeko modu bikaina delako.

Olatz eta Nerea Goikoetxea, Herri Ametsa Ikastolan adin ezberdineko haurren arteko elkarlan-priektu bultzatu duten irakasleetako bi. Arnaitz Rubio

Txikientzako ipuinak

Liburuaren eguneko ekimenari dagokionez, lehen aldiz gauzatu dute. Duela pare bat hilabete ekin zioten: Proiektuak ikasgaiko 13 ikaslek galdeketa prestatu zuten, LH 1. mailako 34 haurren zaletasun eta bestelako ezaugarriak ezagutu ahal izateko; “lehenengo klasean gure bikotearen bila joan, eta beraien gustuei buruzko galderak egin genizkien. Horrekin guk liburua egin dugu”, esplikatu du 4.DBHko Ibai Oiartzabal ikasleak. Beraz, lehen ezagutza horretan oinarrituta, istorioak sortzen eta eratzen aritu dira, beti ere bi astelehenetik behin elkartuz.

Ibai, LH1eko haurra, eta Ibai Oiartzabal, Herri Ametsa Ikastolako ipuin pertsonalizatuen ekimenean parte hartu duten bi ikasle. Arnaitz Rubio

Guztira, ia 50 ikaslek hartu dute parte, eta nagusienetako bakoitzak bi txikiri sortu dizkie eurak protagonista diren ipuinak. Bikote eta hirukote horiek irakasleek ezarri zituzten, “bakoitzaren nortasunaren arabera”, dio Nereak. Hala ere, “zerbaitek behar bezala ez duela funtzionatzen sumatzen baldin bada, aldatu egiten dugu”, zehaztu du Olatzek. Hori bai, nagusiak gelan sartzen diren aldiro “gureak zoratzen daude”, berretsi du Nereak.

Sormen eta irudimen prozesua azken txanpan dago, eta ipuinak prest daude jada. Oso istorio desberdinak irakurri ahal izango dira eta “gauza batzuk oso politak direla” aitortu du Olatzek. Izan ere, “batzuk oso gustura egiten dituzte” horrelako lanak, baina “beste batzuei kosta egiten zaie. Denok ez baititugu erakusteko moduko gaitasun edo zaletasun berdinak”.

Esperientzia oso positibotzat jo dute ikasleek. Egunkari honekin hizketaldia izandakoan, oso ondo pasa dutela adierazi dute txikiek, eta nagusiekin gauzatutako jokoak ekarri dituzte gogora bereziki.

Ioritz Robles, Haizea Carlos eta Uxue Quinn, Herri Ametsa Ikastolako ipuin pertsonalizatuen ekimenean parte hartu duten hiru ikasle. Arnaitz Rubio

Ekitaldi berezia ostiral honetan

Ipuin pertsonalizatuen ekimenari amaiera borobila eman asmoz, ekitaldia antolatu dute ikastolan ostiral honetarako. Hasierako plana bestelakoa bazen ere, azkenean irakur-saioak egitea erabaki dute; hau da, talde txikitan banatuta, idazleetako bakoitzak istorioa irakurriko die haur protagonistei. Ondoren, tarte bat izango dute ipuin horien inguruko marrazkiak egiteko, horrek ulermena erraztuko baitie txikiei; eta, azkenik, lehen hezkuntzako ikasleek irakurriko dute euren ipuina, baita etxera eraman ere, familia giroan ere jardun horretan jarraitu ahal izateko.

Proiektu kolektibo honen arrakasta ikusita, adin ezberdinetako ikasleen arteko elkarlana sustatzen jarraituko dute Herri Ametsa ikastolan. Liburuen ekimena amaitu eta gero, gorputza hasi dira lantzen LH1eko txikiak aste honetan; hori izango da, beraz, jorratuko duten hurrengo gaia. “Gure lan egiteko moduan, proiektua aurkeztu eta ikasleen nahieran garatzen da gaia”, azaldu du Nereak. Oraingo hau “nondik bideratzen den ikusten dugunean”, nagusienen “tutoreekin elkartuko gara”; nora iritsi nahiko genukeen azalduko zaie “eta beraiek zerbait proposatuko digute”, azaldu du LH1eko tutoreak.