Gregorio Muro eta Koro Muro anai-arrebek zuzendutako Harriet argitaletxeak euskal ekosistema aberastuko duen erabaki bat hartu du: japoniar tradizioko komikiak, hau da, mangak argitaratuko dituzte euskaraz, lehen aldiz. Mikel Muro, Gregorioren semea, izango da Kabe zigiluko arduraduna, eta sail berri horren aterkipean, iragarri dute, jada, argitalpen bat: Tomomi Usuik marraztu eta idatzitako eta gaztetxoei zuzenduriko Cube Arts akziozko komikia. Gregorio Murok komikigintzaren sektorean Harriet ezizen artistikoarekin sinatu izan ditu obrak eta, beti ere, franko-belgikar komikigintzaren inguruan egin du lan.

Tradizio japoniarrari dagokionean, Katsuhiro Otomoren Akira edo Jiro Taniguchiren Barrio lejano bezalako klasikoak zituen irakurriak, baina bere seme Mikelek ez bezala, ez zuen mangaren sakoneko ezagutzarik. Durangoko Azokan errealitate berri baten jakitun izan ziren: guraso asko hurbildu ziren Harriet argitaletxearen stand-era euskarazko mangarik ote zuten galdezka. “Guraso batzuek haur bati komiki bat erosi, eta manga ez zelako hartu zuen kasketa ikusi genuenean, zerbait egin behar genuela ulertu genuen”, esan du Gregorio Murok, segituan honakoa gaineratzeko: “Jende askok irakurtzen du manga”. “Hauek argitaratzea ezinbestekoa ikusi dugu hizkuntza politika kontu batengatik; mangak milaka irakurle ditu, baita euskaldunen artean ere”, azaldu du Murok.

Azken 20 urteotan, Estatu mailan, gaztelaniaz, 12.000 manga-sail argitaratu dira. Are gehiago, 2021. urtean gaztelaniaz 1.000 baino gehiago izan ziren; Frantziako Estatuan, aldiz, iaz 2.200 sail argitaratu ziren frantsesez. Halere, manga zigilu bat sortzeko hautua ez da oraingoa; bat egin du Mendebaldean Japoniako komikiekiko lilura berriarekin. Baina, berez, Murok orain dela hiru urte hasi zituen manga euskarara ekartzeko ahaleginak. Japoniako argitaletxeen oniritzia eta baimena lortzea, ordea, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Bitartekarien bidez lortu behar izan dituzte lizentziak, ezinezkoa baita manga argitaletxe handiekin zuzenean negoziatzea. “Haietako batzuek esan digute haiekin lanean aritu baino lehen, beste manga batzuk argitaratu behar ditugula, erabakiko dutela emaitza ikusi ondoren”, esan du.

Ezinbestekoa izan da Iker Alvarez iruindarraren lana ibilbide horretan. Tokion bizi da itzultzailea, eta Japoniako hizkuntzaren maila goreneko trebetasun titulua du. Hark itzuli du euskarara Cube Arts, eta haren bitartekaritzari esker hasi dira Japoniako manga argitaletxeen erantzunak jasotzen Harrieteko kidea. Gainera, pandemiaren ostean, Japoniako editoreek utzi egin diote Europako kominiko azoketara bidaiatzeari.

'Cube Arts', euskarazko lehen manga

Inguruko merkatuetan eskaintza handia dagoen arren, Harriet argitaletxeak gazteleraz eta frantsesez argitaratu ez diren komikiak euskaratzen saiatuko da. Noski, horrek ere, zailtasunak eragiten ditu. Alde batetik, zaila da titulu esklusiboak topatzea. Cube Arts, esaterako, ez dute gaztelaniara itzuli, bai, ordea frantsesez. Bestetik, argitaletxeak komiki bat ekarri nahi badu, saileko liburuki guztiak erosi behar ditu. Kabe zigiluarekin Harrietek kaleratuko duen komikiaren kasuan, hiru liburukiz osatutako istorioa da. Baina, beste adibide bat jartzearren, mundu mailan aparteko arrakasta duen One Piece 100 liburuki baino gehiagoz osatua dago; gainera, oraindik bukatzeke dago piraten abentura hura. Hau da, argitaletxearentzat ere arriskutsua izan liteke serie luze bat hartzea, eta salmentetan erantzun onik ez izatea. Hirugarren ertz bat egon ere badago: japoniarrek beldur bat dute, euskaraz argitaratzeko lizentziak emateak eragin kaltegarririk izatea inguruko merkatuetan.: “Lasai egoteko esan diet: euskaraz argitaratzearen ondorioz gaztelaniaz argitaratzeko arazoak badituzte, erdaraz ere erosiko dizkiegula eskubideak”.

'Cube Arts' komikia Tokion bizi den Iker Alvarez iruindarrak itzuli du euskarara zuzenean japonieratik N.G.

Zentzu horretan, oraingoz, Cube Arts bezalako mangak ekarriko dituzte euskarara. Tomomi Usui-ren lehen lana da, eta Sword Art Online-n bidetik, errealitate birtualeko bideo-joko baten barruan giltzapetuta gelditzen den batxilergoko ikasle baten abenturak kontatzen ditu. Shojo bat da, hau da, gaztetxoei eta nerabeei zuzendutako istorioak dira. Edizioari dagokionez, Mendebaldean argitaratu arren, Japoniako irakurtze-zentzua mantendu da. Hau da, komikia atzetik aurrera eta eskuinetik ezkerrera irakurtzeko pentsatuta eta maketatua dago -Mikel Muro bera arduratu da maketazioaz-.

Aurrera begira, Cube Arts-en bigarren eta hirugarren liburukien itzulpen eta maketazio lanean ari dira. Gainera, Heroines game komikiaren inguruko tratua itxi dute eta Change the world, Dinosan, Girls’ last tour eta And otaku called god izeneko lau lanak izango dira Harrietek landuko dituen hurrengoak. Komikizale euskaldunak zorioneko dira.