Jorge Oteiza (1908-10-21/2003-04-9) gogora ekarriko da Oteiza Museoan bere heriotzaren 20. urteurrenean, artistaren irudian eta ondarean sakon-tzeko asmoz antolatu duten ate irekien eta doako bisita gidatuen programa bereziarekin. Ate irekien jardunaldiak gaur, bihar eta igandean egingo dira, eta doako bi bisita gidatu ere izango dira: igandean 11:00etan euskaraz eta 12.30ean gaztelaniaz; erreserba egitea ezinbestekoa da (recepcion@museooteiza.org), plazak mugatuak baitira.

Ate irekien jardunaldi hauetan artistaren ibilbide eskultoriko osoa erakusten duen Oteiza Museoaren bilduma bisitatu ahal izango da, bere tailer-etxea, baita Interestratos-estratuarteak aldi baterako erakusketa ere; azken horretan, Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz eta Marina González Guerreiro artisten esku-hartzeetatik abiatuta eskulturak formalizatzeko modu berriak daude ikusgai.

Eskultura-interbentzioen proiektu hau, Jorge Oteizaren ondarearekin aurrez aurre jartzen den proposamena da, eta artista oriotarraren heriotzaren 20. mendeurreneko urte berezi honetan zehar aurreikusitako ekintzen programaren parte da, museoak berak ere 20. urteurrena betetzen duelarik.

Urteurren bikoitz horren testuinguruan, Esther Ferrer artistak beren-beregi prestaturiko ekintza performatibo espezifiko bat egingo du Oteiza Museoan, Oteizaren onomastika ospatzen den urriaren 21aren inguruan. Denbora-erreferentzia hori aktibatuko du Ferrerrek Altzuzako zentroan aurkeztuko duen proiektu berri horrekin, bide batez, 1960ko hamarkadaren hasieratik harreman estuan egon zen Oteizaren figurarekin berriro topo egiteko aukera izango duelarik.

Esther Ferrerren esku-hartzea, Karlos Martinez B-k komisariatzen duen Plan izeneko programaren baitan bultzatu da, eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren laguntza izan du. Gainera, urtearen amaierara arte garatuko diren eta urteurrenaren testuingurua ardatz nagusi izango duten hainbat ekintzen hasiera ere markatuko du.

Aldez aurretik, baina testuinguru horretan bertan, jakina, Oteiza Museoak Xabier Salaberria artistak egindako Frisoa erakusketa aurkeztuko du ekainean. Aita Donostiari Omenaldia obra du abiapuntu erakusketa horrek, Jorge Oteizak 1959an egindako harrizko erliebea, eta artistaren horma-sorkuntza garrantzitsuenetako bat. Frisoa erakusketa Tabakalerarekin elkarlanean burutu da, iaz proiektu horren lehen erakusketa egin baitzen bertan.

Bestalde, abuztuan, Tabakalerak eta Artium Museoak sustatzen duten Praktika Artistikoen Institutua (JAI) programan parte hartzaile diren artisten beste egonaldi bat egingo da Oteiza Museoan. Udako arte-eskola hori sortzaileei zuzenduta dago, eta Altzuzako egonaldian Xabier Erkizia izango dute irakasle gonbidatu.