Victoria Eugenia antzokiak Ene Kantak ekimenaren ikuskizun berria izango du martxoaren 19a. Hala eman du jakitera Donostia Kulturak gaur, asteazkenarekin. Emozio Festa! deituriko euskara hutsezko ikuskizuna, bi urtetik gorako haurrentzako pentsatuta dago; 80 minutuko iraupena izango du eta, Ene Kantak-en ekoizpenetan ohikoa izaten denez, kantatzeko eta dantzatzeko aukera aparta eskainiko du Victoria Eugeniako hitzorduak. Bi saio eskainiko dituzte, 16.00etan eta 18.30ean, eta sarrerak, jada, salgai daude Donostia Kulturako webgunean.

Urko Oskozek zuzendu du Emozio festa!, eta berak konposatu du Nerea Urbizurekin batera, ikuskizuneko musika. Koreografiak diseinatzeko Oiane Yarza izan dute lagun.

Oraingo honetan, Ene Kantak ekimeneko lantaldeak emozioen kudeaketaren inguruko lanketa bultzatu nahi izan du obra berri honekin. Eta, berriro ere, Eneko eta Nerea dira protagonistak. Udako oporren ostean, eskolako lehen egunean kokatuta dago abentura berria. Egun horretako urduritasunari, beldurrari eta poztasunari modu egokian nola aurre egin ikasiko dute Nereak eta Enekok. “Musikaz, dantzaz eta irriz betetako abentura berri honetan, emozioetan murgilduko dira ikusleak. Emozio horiek guztiak ezinbestekoak dira bizitzan, eta horiek nola kudeatu azaltzen saiatuko gara. Are gehiago, egoera zailei nola aurre egin erakusten ere saiatuko gara”, adierazi dute Ene Kantak ekimenetik ikuskizun berriaren harira.