Imanol Larzabal zena jaio zenetik 75 urte beteko dira bihar, ostiralez. Berau gogoratzeko eta bere ibilbidea goratzeko lagun eta hurbilekoek asteburuan zehar antolatu dituzten omenaldiei, Elkar argitaletxearena ere gehitu zaio orain. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren laguntzarekin, Imanol. Kantatzen du kantuz antologia kaleratu du, lehen aldiz, kantautore eta poeta donostiarraren abesti esanguratsuenak biltzen dituen disko-liburu bikoitza. Gaur, ostegunez, Kultura diputatu Harkaitz Millanek, Felipe Juaristi idazleak, Angel Valdes Elkarreko ekoizleak, Carlos Gimenez musikariak eta Andres Camio Jitu Elkarreko Musika arloko arduradunak Imanolen omenezko antologia aurkeztu dute, “barne bakea lortzeko” abestiz osatu dena. “Imanolek bere bizitza eta besteen bizitza maite zituen. Gizakumeentzat momentu ederrak sortzea izan zuen beti bere jomugan. Atsekabeak leuntzeko eta barne bakea ekartzeko ahalegin izugarriak egin zituen 60. hamarkadan bere ibilbidea hasi zuenetik”, azaldu du Valdesek, Imanolek utzitako kantuak euskal musikaren historian erabakigarriak izan zirela nabarmenduz. “Kalitate artistikoari begiratuz gero, kantu gorenak, sublimeak egin zituen” eta, horregatik, aitortu duenez, ekoizleari izugarri kostatu omen zaio zenbait abesti disko-liburutik kanpo uztea.

Mendian gora, Ilun-ikarak, Mayo, Maitiak galdegin zautan, Ausencia, Nire euskaltasuna eta, noski, Kantatzen du kantuz bezalako konposizioekin, Larzabalen ibilbideari errepasoa egiten dio antologiak. Imanolek behin kontatutakoa ere aitortu du ekoizleak: “Berak esan zidan, bere bizitzako helburu bakarra gero eta hobeto kantatzea zela”.

Antologiako testuei dagokionean, Elixabete Garmendia, Karlos Gimenez, Felipe Juaristi eta Valdes beraren hitzekin, Imanol Larzabal garaiko testuinguruan kokatu nahi izan dute, bere musika ibilbidearen gakoak, eta XX. mendearen azken lau hamarkadetako bortizkeriek haren bizitza nola markatu zuten azalduz.

Bardo bat baino gehiago

“Imanol ez zen euskaraz abesten zuen bardo bat bakarrik”, esan du Millanek. Artista donostiarra belaunaldi askorentzat erreferentea izan zela azpimarratu du, eta “euskal kulturaren folklorizazioan” erori gabe, pertsona sakonki “konprometitua” izan zela frankismoaren eta ETAren totalitarismoen aurka. “Imanol Euskadiko kaleetatik botatzea lortu zuten eta bere abestiek, askotan, hori transmititu izan didate nire, zaren lekutik kanporatua izatearen tristura”, esanez amaitu du Millanek.