Donostiak “desberdinen arteko besarkada bat” emango dio ostiralean eta larunbatean Imanol Larzabal (Donostia, 1947) zenari, bere jaiotzaren 75. urteurrenean. Horrela azaldu du hiriburuko Kultura zinegotzi Jon Insaustik, gaur, asteartearekin, Victoria Eugenia antzokian eskainitako prentsaurrekoan. Bertan, Insaustiz gainera, Kultura diputatu Harkaitz Millanek, Joxan Goikoetxea musikariak, Iñigo Kintana errealizatzaileak eta Imanolen Lagunak kolektiboko kide Maite Berzosak asteburuari begirako oroitza eta aitortza ekimenen agenda zehaztu dute. Bi izango dira kantautore eta poeta gogora ekartzeko bideak: alde batetik, ostiralean Imanol, azken kontzertua 70 minutuko dokumentala ikusteko aukera izango da bere izena daraman Lugaritz kultur etxeko aretoan eta, bestetik, hurrengo egunean leku berean belaunaldi ezberdinetako musikariek kontzertu berezia eskainiko dute, Imanolen errepertorioko hamalau bat abestiren bertsioekin.

“Nire egingo ditut dokumentalean Xabier Amurizak esaten dituen hitzak: etorkizunean Imanol bere ahotsarengatik eta bere kantuengatik gogoratua izango da”, adierazi du Goikoetxeak, zeinak gogora ekarri duen Larzabalekin 2004. urtean, Orihuelan –bere bigarren erbestean– hil baino lehen, Donostian egindako bazkaria. Garai horretarako, “gaixo zegoen, ahul”; zainketa intentsiboko unitatean denboratxo bat pasa ostean, Goikoetxea eta Txema Garcesekin bazkaritara animatu zen; Alacantera itzultzeko gogoa adierazi zien, guztiz osaturik ez egon arren. Goikoetxeak Amurizaren hitzak bereak egin ditu, bai, Imanol bere kantagintzagatik gogoratua izango da, baina beste bi ezaugarri ere gehitu nahi izan ditu: euskal artisten artean poesia musikatzeko garaian kantitate eta kalitate arteko oreka nabarmena lortu zuen eta, gainera, oso “langilea zen”. Azken bazkari horretan, esaterako, haurrei eskaini nahi zien disko baten proiektuari buruz mintzatu zen lagunartean, azkenean, aurrera atera ezin izan zuen egitasmoa.

Urriak 11

  • 19.00etan: Imanol, azken kontzertua dokumentalaren emanaldia (gonbidapenak, hemen), Lugaritz kultur etxean.

Urriak 12:

  • 12.00etan: Kantu Jira Antiguako Benta Berri plazatik abiatuko da.
  • 14.00etan: Bazkari herrikoia Txirene elkartean. Izen-ematea, hemen: imanoloroituz@gmail.com.
  • 19.00etan: Kantaldia, Lugaritz kultur etxean (sarrerak, hemen).

57 urterekin hil zen Imanol, artista guztiak bezala, “gazteegi”. “Oso bizirik zegoen artista bati buruzko oroitzapenak etortzen zaizkit burura”, aitortu du Goikoetxeak. Bera izan da larunbatean eskainiko den kantaldiko zuzendari artistikoa eta bertan, besteak beste, Amaia Zubiriak, Olatz Salvadorrek, Maria Amolategik, Olatz Pratek, Iosune Marinek, Telmo Trenorrek eta Beñat Mujikak hartuko dute parte.

Imanol Larzabal: Musika, politika eta etika

Javier Gutierrezek zuzendutako eta On Time-k ekoiztutako Imanol, azken kontzertua dokumentalak, donostiarrak bere bizitzan egindako bidaia jarraitzen du. Horretarako, berau ezagutu zuten 19 lagunen testigantzak jaso dituzte. Horietako batzuk, orain arte lehen pertsonan eskaini ezin izan zirenak. Esate baterako, Martuteneko kartzelatik Imanolek bertan eskaini zuen kontzertuko bafleetan Pikabeak eta berak nola ihes egin zuten jaso du dokumentalak Joseba Sarrionandiaren ahotik. Ikus-entzunezkoak, gainera, Larzabalen bederatzi abestiren bertsioak ere eskaintzen ditu, hain zuzen, inoiz eman ez zuen “azken kontzertu” hipotetiko horren setlist-ean, agian, aurkituko genituzkeenak. “18 urte pasa dira Imanol hil zenetik, eta konturatzen hasiak gara zeinen garrantzitsua den haren legatua”, nabarmendu du Goikoetxeak, jarraian gehituz, euskal kulturgintzari Larzabalek eskainitakoa “ezinbestekoa” izan zela.

“18 urte pasa dira Imanol hil zenetik, eta konturatzen hasiak gara zeinen garrantzitsua den haren legatua”

Joxean Goikoetxea - Musikaria

Imanolek bi erbeste jasan behar izan zituen. Bere gitarra eta ahotsa armatzat erabiltzen zituen eta horiekin frankismoaren aurka borrokatu zuen ETA kulturala izeneko mugimenduan. Parisera ihes egin behar izan zuen; gerora, Amnistiaren legearen aterkipean Euskal Herrira itzuli zen. Musikalki goia jo zuen 80. hamarkadan, baina ETAren biolentzia kritikatzeak bere gainbehera ekarri zuen. Inflexio puntua Dolores González Katarain, Yoyes-en, hilketarekin batera etorri zen, Imanolek sutsuki salatutako hilketa izan zelako. Orduan, urte luzez bere kontzertuak lepo betetzen zituen jende horrek guztiak bizkarra eman zion, 90. hamarkadaren amaieran Orihuelara ospa egitea erabaki zuen arte. Zentzu honetan, Harkaitz Millanek Larzabalen konpromiso politiko eta etikoa azpimarratu nahi izan ditu: “Imanolek totalitarismo guztietatik ihes egin zuen: lehenengo, frankismotik eta gero bera kaletik eta agertokietatik kanporatu nahi izan zuten hartatik. Bere obra guztian nabari daiteke samin hori, parte sentitzen zaren horretatik kanporatzeak sortzen dizun samina”.

Imanolen Larzabalen lagunak

2004. urtean kantaria hil zenean, haren lagunetako batzuk Imanolen lagunak izeneko taldea osatu zuten, eta urtez urte, Antiguan, Larzabalen auzoan, abeslariaren figuraren aitortzaren bidetik berau gogoratu izan dute Imanol oroituz ekimenarekin. “Bere memoria aldarrikatu nahi genuen, baita bere obra behar den tokian jartzea ere”, azaldu du Maite Berzosak. Larunbatean, kantaldiaren aurretik, berriz bilduko dira lagun horiek. Trikitilariek lagundutako Kantu Jira bat abiatuko da eguerdian Antiguako Benta Berri plazatik, Imanoli eskainitako muralaren paretik. Kalejira bukatuta, partaideak Txirain elkartean antolatutako bazkari herrikoian parte hartuko dute.