Bi langile lurperatu zituen Zaldibarko zabortegiko hondakinen luiziak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. 2020ko otsailaren 6a zen, arratsaldeko 16.00ak aldera. Ordu batzuk lehenago, eguerdian, ArteDrama eta Axut! antzerki konpainiek Zaldi urdina obra antzeztu zuten Basaurin. Bazkalostean, antzezleek AP-8a hartu zuten etxera itzultzeko eta bidean zabor-jauziaren ondorioz sortutako auto-ilararekin egin zuten topo aurrez aurre. Horrela gogoratu du Ander Lipus aktoreak, ArteDrama taldeko sortzaileetako batek: “Gugan, pertsonalki, inpaktu handia izan zuen, baina baita gizartean ere”. Hura gertatu eta hilabetera, aldiz, pandemia etorri zen. Bi elementu horiek hartuta, Ximun Fusch antzerki zuzendariak obra berri bat sortzeko aukera ikusi zuen. Handik jaio zen Hondamendia, Zaldibarreko zabor-jausia Donostiako antzokietara hurbilduko duen obra. Konkretuki, Egiako Gasteszenan taularatuko dute bi asteburuz, urriaren 21etik 23ra eta urriaren 28tik 30era.

Argia, komunikazioa, hondakinak, zarata... Dena da zaborra. Hala uste du Lipusek, hori da Hondamendiak erakutsi nahi duen gauzetako bat. Horretarako, Egia auzoko agertokia hamaika jantziz beteko da, publikoari “gauza gehiegi dituen gizartea garela” gogoratzeko; gauza gehienak, gainera, “zabor hutsa direnak”, ezertarako balio ez dutenak, “ezer kontatzen ez dutenak”. Aitzitik, zerbait kontatu nahi izan diguna, Harkaitz Cano idazlea izan da, bera arduratu baita gidoiaz eta, berriro ere, fikzioa eta errealitatea nahastu ditu, hori bai, hildakoei eta haien familiei errespetuz begiratuz: “Harkaitz Cano bidaide edukitzea oso interesgarria izan da; kristoren maila jarri die bai hitzei bai antzerkiari berari ere”. Ezin bestela izan. Hondamendiak - antzerkia, dantza eta zuzeneko musika nahasten dituen ikuskizunak - erantzunak baino galderak proposatzen dituela azaldu du Lipusek.

“Guk ez dugu esango gauzak beste modu batean egin behar zirenik ala ez, guk galderak plazaratzen ditugu soilik”

Ander Lipus - Aktorea

Aktorearen ustez, gerora covid-19arekin etorriko zenaren “augurio edo preludioa” izan zen Zaldibarko luizia. Halere, gizakiaren ezaugarria bada, gauzekin beranduegi denean jabetzea. Zabortegiko hondamendia gertatu eta berehala, inguruko herrietan musukoak erabiltzen hasi ziren beste inon baino lehenago. Hiritarrek ez zuten maskara jantzi covid-19arengatik, artean ez. Lur mugimenduek azaleratutako amiantoa izan zen berau janzteko arrazoi nagusia. “Gerora jakin izan da Zaldibarrera zaborra Londonetik eta beste toki batzuetatik iristen zela, baina guk ere gure zaborra Afrikako gune urrunetara bidaltzen dugu, baita Txileko Atakamako desertura ere”, azaldu du Lipusek, gehituz ikusle bakoitzak bere ondorio propioak ateratzea duela helburu, hein batean, hori bai, zentzu moralizanterik gabe: “Guk ez dugu esango gauzak beste modu batean egin behar zirenik ala ez, guk galderak plazaratzen ditugu soilik”.

“Inork ez du bere etxe ondoan zabortegirik eduki nahi” eta, ondorioz, Zaldibarren gertatutakoa –zaborra bera– “metafora” ere izan daiteke, Lipusen ustez. Zergatik? Euskal herritarrok sortutako zaborrez betetako mendia gainera erori zaigulako, itolarrian jarriz. “Zaborraz” ari denean, Lipusek zentzu zabalean heldu nahi dio, “absurduak” ere baduelako tokia Fusch-ek zuzendutako lan honetan. “Zarata ere bada zaborra”, gogoratu du: “Pandemian, dena gelditu zenean, txoriak entzuten hasi ginen. Horrek demostratzen du zeinen gizarte zaratatsuan bizi garen. Baita komunikabideekin eta Internetekin ere. Zarata handia egiten dugu, askotan ezer ez esateko”.

Halere, antzezlana “zauriak ixteko” praktika katarkikotzat defendatu du ArteDrama konpainiako sortzaileak, gure “ispilu” ere izan nahi duelako Hondamendiak: “Gure herrian gertatzen diren gauzei garrantzia ematen diogu eta pentsatu genuen gai hau plazaratzea, bortitza eta tragedia izan arren, beharrezkoa zela”.

Zaldibar, fikzioa eta errealitatea

“Izugarrizko abilezia erakutsi du Harkaitz Canok errealitatea fikzionatzeko garaian”, azpimarratu du Lipusek. Beraz, taula gaineko pertsonaia guztiak asmatuak dira: “Batzuetan fikzio hori errealitatetik oso hurbil dago eta beste batzuetan hegan egiten dugu; kontatzen ditugun gauzak oso humanoak dira eta oso beharrezkoak”.

Luizian hildako bi langileen izenik aipatzen ez den arren, haien familiek izan dute antzezlanaren berri eta, nolabait, obraren garapenaren jakitun izan dira: “Ez genuen egingo haien baimenik izan ez bagenu. Antzezlanaren atzean benetako istorio bat dago eta gai sentsible batzuk ukitzen dira”, dio aktoreak. Bereziki Alberto Sololuzeren alabarekin –zendutako bi langileetatik, aurkitu zen bakarra– lan egin dutela aipatu du eta, zentzu horretan, Hondamendian familien errealitateari ere erreparatu diote: “Berak gauza asko kontatu dizkigu eta antzezlanean errealitate hori islatu dugu; hunkitua sentitu zen pasarte batzuk ikustean, baita eskertua ere”.

Erantzunak baino gehiago galderak planteatzen dituen antzezlana da 'Hondamendia'. Ainhoa Resano

ArteDramak eta Axut!-ek senitartekoekin batera egin dute lan, baita zabortegiko beste langile batzuekin ere. Izan ere, Lipusek lagun bat baitzuen zabortegian lanean eta egun horretan desagertuetako bati txanda aldatzeko eskatu zion, aita gaixorik zuelako. “Lagun horrek sentitu duen kulpa oso handia izan da. Errealitate gordin horiek kontatzen ditugu, baina antzezlanean generoa aldatu diogu pertsonaiari”.

'Hondamendia', antzerki totala

Zortzi pertsona igoko dira Gasteszenako taulara: Ruth Guimerá, Eneko Gil, Maite Larburu, Ane Sagués, Manex Fusch, Maialen Belaustegi, Jon Ander Urresti eta Lipus bera. Bakoitzak bere ezagutza eta esperientzia ekarri ditu hondamendi honetara.

Bestalde, teknologiak garrantzi handia du obran –Axutek eta ArteDramak elkarrekin aurrera atera duten bosgarren ekoizpena da–, telebistak eta proiekzioak erabiliko dituzte dramaturgia indartzeko elementutzat eta horien arduradun Belaustegi izango da. “Garai teknologiko hauetan ez dakit norarte zaborra den irensten dugun guztia”, galdera airean dantzan utzi du Lipusek. Infoxikazioaren garaiotan, Fuschen antzezlanak komunikabideen papera aztertu eta kritikatu egiten du. Komunikabideak hirukiaren ertz bat bakarrik dira; politikari eta enpresarien “trama” ere aztertzen du Hondamendiak.

Bestalde, Eneko Gil dantzariak paper berezia izango du –“Hasiertatik, Ximun Fusch-ek dantzari baten beharra ikusi zuen”–, nahiz eta gainerako aktoreek ere “beste dantza modu batzuk” landu dituzten. Aurrez grabatuak ere izango dira, baina Maite Larburuk hartuko du zuzeneko musikaren ardura –Gilek eta Larburuk aktore lanak ere egingo dituzte–. Horietaz gain, David Bernuesek argiteriarekin egindako lana goraipatu nahi izan du aktoreak: “Argiekin bakarrik istorioa konta liteke”. Azken batean, Hondamendia “antzerki totala” deitu ohi den horretara hurbilduko da: “Obrak dimentsio guztiak hartuko ditu”.

Baliabide horiek guztiak, noski, galderen menpe egongo dira beti. Antzezle bakoitza bi pertsonaia nagusiren azalean sartuko da eta, aldi berean, bigarren mailako beste “hiru edo lau” ere eraiki dituzte; guztiak “pandemiak estali zuen zoritxar hartan” zer gertatu zen jakin nahian.

Ander Lipusek Kalipsorena egiten du, minbiziak jota hilzorian dagoen kazetari erretiratua. Momentu batean, hitz potoloez beteko zaio ahoa: “Politikariez kexu gara, baina guk hobeto egingo ote genuke?”. Galdera horretan dago publikoak autokritika egiteko behar duen hazia.