mirarte

Gaurtik aurrera, Bego Anton argazkilariak Tabakaleran

29.10.2021 | 00:09
Bego Antonen argazki batzuk. Argazkia: Kutxa Fundazioa

Bego Anton argazkilariak erakusketa prestatu du eta gaur irekiko da Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean. Bertan, oso harrigarri gerta daitezkeen "istorioak, munduak eta jarduerak" erretratatzen ditu; hala nola txakurrekin dantza egiten duten emakumeak, bai eta irrealak direnak, elfoak edo sorginak esaterako, aurreiritzirik gabeko begiratutik eta naturaltasunez.

Sorginak, txakurrak, elfoak eta beste errealitate fantastiko batzuk erakusketan, Bego Antonek (Bilbo,

1984) Islandian, Finlandian, Estatu Batuetan eta Euskal Herrian garatutako lau proiekturen inguruko argazkiak, testuak eta grabaturen baten erreprodukzioa biltzen ditu, beti ere "arauetatik kanpo dauden" istorioak hizpide hartuta, Erika Goyarrola erakusketaren komisarioak atzo adierazi zuenez.

The Earth is Only a Little Dust Under Our Feet (2013-2018) Antonen Islandiako egonaldiaren fruitua da; han zegoela, bertan ikasi izanaren aditu agiria luzatzen duen Reykjavikeko Elfoen Eskolan izena eman zuen. "Elfoengan sinesteaz gain ikus ditzakeela eta ukitu ditzakeela ziurtatzen duen Islandiako biztanleen %2 horri argazkiak ateratzen saiatu naiz", azaldu zuen Antonek, eta unibertso mitologiko hori argazkien bidez birsortzen ahalegintzen da.

Bigarren seriean, Musical Canine Freestyle-aren munduan murgiltzen da Anton. Jarduera hori laurogeiko hamarkadan sortu zen Kanadan, Estatu Batuetan eta Ingalaterran, eta emakume batek eta txakur batek osatutako bikoteak lehiatzen diren dan-tza txapelketetan oinarritzen da. Erakusketan jarduera horretako bideoak daude, bai eta praktikatzen duten hainbat emakumeren lekukotasuna jasotzen duen dokumentala ere.

The Gallop-en (2021), Finlandiako neskatilek eta nerabeek praktikatzen duten hobbyhorse izenekora hurbiltzen da. Hobbyhorse horretan, zaldien heziera klasikoa eta jauzia imitatzen dira, baina jostailuzko zaldi baten gainean.

Duela 20 bat urte sortutako hobbyhorsearen kirol-izaera aldarrikatu nahi izaten dute protagonistek; izan ere, zaldiek egiten dituzten jauziak imitatzeko trebetasuna behar baita, eta ez dute batere maite "jolas-tzat" hartzea.

Haiek Danak Sorginak, berriz, sorgintzat seinalatu eta jazarri zituzten emakumeen omenezko ikusizko birsortze lana da. Proiektu horrek "Euskal Herriko sorginen figura desmitifikatzeko beharrari" erantzun nahi diola adierazi zuen Antonek; eta kontaketa eraikitzeko, ustezko sorginek inkisizioaren torturapean egindako aitorpenetara jo du.

noticias de noticiasdegipuzkoa