Jean Calasek azken ordu gogorrak izan zituen. Gurutze batera lotu eta gogor jipoitu zuten: besoak, hankak, belaunak, artikulazioak birrindu. Ondoren, epaiak finkatu moduan, gurpila deritzoten tortura sistema aplikatu zioten. Bere seme Marc-Antoine erail omen zuen. Louis anaiak egin bezala, hugonote familia hartan katoliko bihurtzeko asmoa zuela zioten. Etxeko beheko solairuan urkatuta agertu zen. Oso beldurtuta eta ultra-katolikoek bere buruaz beste egin zuen semearen gorpua ez laidotzearren, lapurreta saiakera zela esan zuen familiak. Okzitaniako Tolosako legebiltzarreko epaile oso katolikoek ez zuten sinistu eta araugabe eramandako epaiketan, euren tesia inposatu zuten familia protestante haren aurka: aitari heriotza-zigorra, bi arrebak serora sartu eta katoliko ez zen Pierre anaia, erbestera. Suitzan Pierre Calasek Voltaire ezagutu zuen eta kasua azaldu zion. Urtebetera, 1763an, filosofoak ‘Tolerantzia tratatua’ liburuan Calas errugabe zela argudiatu zuen. Hugonoteen aurkako kanpainan, Frantziako Erlijio Gerretan, komeni zen dirudienaren eta denaren artean dagoen arrakala zaintzea. Baita gaur ere. Heriotza-zigorra erabaki zuten egunetik hiru urtera, gaurko egunez, Erret Entzutegiko epaileek Calas aita errugabe jo zuten.
- Multimedia
- Servicios
- Participación