mirarte

Kalakanek eta Euskadiko Orkestra bira hasiko dute

19.10.2021 | 00:40
Kalakan eta Euskadiko Orkestra entsegua burutzen atzo Donostian. Argazkia: Ruben Plaza

Donostia –Kalakanek eta Euskadiko Orkestrak lanean jardun dute bi urte. Esperientzia horren ondorioz, hirukoteak lankidetza berri bat proposatu zion euskal sinfonikoari, eta bihartik aurrera kon-tzertu bira batean aurkeztuko den diskoan islatzea lortu dute.

Euskal musika tradizionala da disko honen ardatz nagusia; Elkarrek argitaratu du, eta atzo aurkeztu zuten Donostian, euskal orkestra sinfonikoaren egoitzan.

Kalakanen izenean Jamixel Bereau eta orkestraren zuzendari teknikoa den Joxe Inazio Usabiagaz gain, aurkezpen ekitaldian izan ziren Andres Kamio Elkarreko arduraduna, taldearen kantu batzuk orkestra-lengoaira eramateaz arduratu denak Jagoba Astiazaran konpositorea, bai eta kontzertu sorta hauetan zuzendari lanak egingo dituen Juanjo Ocon ere.

Usabiagak azaldu zuenez, pandemiaren ondorioz atzeratu egin behar izan duten proiektu hau, duela bi hamarkada luzetik hona orkestrak garatzen duen KlasikAT ekimenaren baitan kokatzen da. Egitasmo hori baliatuta, alor sinfonikotik aparteko hainbat musikarirekin jardun izan dute, besteak beste Benito Lertxundi, Golden Apple Quartet, Izaro, Kepa Junkera, Mike Olfield edota Michel Camilorekin.

Kasu honetan, "Kalakanek euskal folklorea berritzeko egin duen ahalegina" musika klasikoarekin "fusionatzea" izan da helburu nagusia. Horretarako, Donostiako txistulari taldeko kide ere baden Jagoba Astiazaran izan dute lagun arreglista lanean. Astiazaranek aldez aurretik Kalakan taldearekin lan egindakoa zen, Zuhaitz obrarekin hirukotea musika garaikidera hurbildu zenean. Obra hori Madrilen estreinatu zen, eta orain gutxi Musikaren Sari Nazionala jaso berri duen Gabriel Erkorekak idatzi zuen.

Lehenengo kontzertua bihar bertan izango da Iruñeko Baluarte auditorioan, eta hurrengoa, ostegunean, Gasteizko Principal antzokian. Gainerakoak, Bilboko Arriagan ostiralean, Donibane Lohizuneko Jai Alain larunbatean eta Donostiako Kursaalen azaroaren 5ean.

noticias de noticiasdegipuzkoa