Euskal Herrian federatutako abesbatza gehienek azaroaz geroztik ezin izan dute entseatzeko elkartu, nahiz eta protokolo zehatz bat izan. Hori dela eta, elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian Gipuzkoako hainbat abesbatzetako kideek Donostiako Zuloaga plazan segurtasun neurriak betetzen badira kantatzea segurua dela aldarrikatzeko Kantuz bai, ixilik ez! lelopean.

Abestu nahi eta abestea behar dutela adierazi zuten bertan irakurritako manifestuan, eta abesba-tzen jarduera "arrisku handikoa" dela uste bada, aurreikusitako neurriak aplikatzeko, kontrolatzeko moduak bideratzeko eta nahikoak ez direla ikusten bada, neurriak aldatzeko eskatu zuten. "Beste ekintza asko baimentzen joan dira, baina abesbatzak oraindik ez. Azarotik ez dugu entseatzeko aukerarik izan eta ez zaigu logikoa irudi-tzen", azaldu zion egunkari honi David Azurzak, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko presidenteak.

Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak Osalanekin elkarlanean egindako protokolo bat helarazi zieten koruei iaz, baina une honetan ez dute baimenik euren jarduera burutzeko. "Guk protokolo bat dugu hitzartuta iaztik Eusko Jaurlaritzarekin eta ez dugu ulertzen zergatik debekatzen diguten korua elkartzea. Hain arriskutsua bada goazen neurri gehiago hartzera, baina ez ditzatela sistematikoki abesbatzak debekatu", esan zuen Azurzak.

Federatutako abesbatzek entsegu koraletako jarduera aurrez aurre egin ahal izatea exijitzeko baliatu zuten atzoko eguna eta euren aldetik, Eusko Jaurlaritzak onartutako protokolo koraletan jasotako segurtasun baldintza guztiak errespetatuko dituztela adierazi zuten. Horrez gain, entsegu guneak araudi berriari egokitzeko zuzeneko laguntzak ere eskatu zituzten.

Errenteriako Landarbaso abesba-tza ere bertan izan zen eta euren kasua berezia dela azaldu zuen Maialen Dorronsorok, helduen koruko abeslariak. "Profesionalak kontsideratzen diren abesbatza ba-tzuk entseatzeko baimena dute; horien artean, Landarbasoko helduen koruak. Hala ere, elkarteko haur eta gazteen abesbatzek ezin dute euren jarduera normaltasunez burutu eta euren eta gainontzeko taldeen berezitasunak defendatu nahi ditugulako gaude hemen", esan zuen Dorronsorok.

Landarbasoko helduen taldea 45 lagun inguruk osatzen dute eta entseatzen jarraitzen badute ere, ezin dira guztiak batera elkartu. "Entseatzeko zortea dugu, baina neurriak zorrotz bete behar ditugunez, gure entsegu gelan ezin gara abesbatza guztia elkartu. Beraz, abeslari batzuei egun batzuetan ez etortzeko eskatu behar diegu eta ezin dugu ohi bezala entseatu. Guri abestea gustatzen zaigu, baina taldean abestea gustatzen zaigu; hori da abesbatzok aldarrikatu nahi duguna", azaldu zuen Dorronsorok.

Taldean kantatzea "ezin seguruagoa" dela uste du Landarbasoko kideak eta protokoloa horretarako egokia dela defendatu zuen. "Gure lehendabiziko protokoloa aitzindarienetakoa izan zen Estatu mailan eta beste leku askotatik ere eskatu ziguten. Gainera, neurriak zorrozten joan ahala, eguneratzen joan da", azpimarratu zuen.

Hala ere, badira entseatzen hasi baino lehen egoera hobetu arte itxarotea nahiago duten abesba-tzak ere. Horixe azaldu zion egunkari honi Villabonako Eresargi abesbatzako Juan Mari Iparragirre zuzendariak. "Nik 73 urte ditut eta horrek agian ikuspegia aldatuko du, baina ikusiz gaitz honek zer ondorio ekartzen dituen eta oraindik zenbat jende hilko den, ez nau asko konbentzitzen besterik gabe berriro ere entseatzen hasteak. Une honetan bizi dugun egoera ikusita, ez dut uste presioagatik lortu behar direnik horrelako gauzak", adierazi zuen Iparragirrek.

Eresargi 20 pertsonako abesbatza da eta abeslari gehienek 60 urte baino gehiago dituzte. Iaztik ez dute entseatu, baina txertoa jasoz gero, zuzendariak laster berriro ere ekiteko itxaropena du. "Txertoa aurki jasoko dugula pentsatzen dut eta txertatzen bagaituzte, berehala eskatuko dut entseguak egiteko baimena", esan zuen.

Iparragirrek ez daki orain entseguak "modu seguru batean" egin daitezkeen edo ez; izan ere, bere iritziz arazo handiena ez baitira arauak, pertsonak baizik. "Asko musukoarekin ez badira ondo sentitzen kantatzeko tranpa egiten dute eta horrela ez dakit kantatzea segurua ote den. Onena guztiak musukoarekin egotea izango litzateke, tranparik egin gabe", esan zuen amaitzeko.

"Txertatzen bagaituzte, berehala eskatuko dut entseguak egiteko baimena"

Villabonako Eresargi abesbatza

"Gure lehendabiziko protokoloa aitzindarienetakoa izan zen Estatu mailan"

Errenteriako Landarbaso abesbatza

"Abestea arriskutsua bada goazen neurri gehiago hartzera, baina ez dezatela debekatu"

Gipuzkoako Abesbatzen Elkartea