- Elkano Fundazioak 2021erako prestatutako programazioak beste lurralde batzuekin harremanak estutzearen aldeko apustua egingo du, eta itsasoari lotutako euskal ondarea balioan ipiniko du, hainbat jarduera artistiko eta akademikoen bitartez.

Bingen Zupiria Kultura sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak atzo aurkeztu zuten aurtengo programazioa, eta baita datorren urtekoaren zati bat ere. Izan ere, 2022an amaituko baitira efemeride horri lotutako jarduerak, Donostian eta Getarian bertan presentzialki egitekoa den "maila zientifiko handiko" nazioarteko kongresu batekin.

Gainera, Fundazioa desegingo den 2022. urtean, Getarian lau urtez behin egiten den Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzearen antzezpen berezia egingo da; batetik, antzezpena egiten hasi zireneko mendeurrena ospa-tzeko, eta bestetik, duela bost mende bidaiaren abiapuntu eta helmuga izandako Sanlucar de Barramedan jatorrizko lur-hartunearen 500 urteak gogoratzeko. Horri dagokionez, Getariako alkateak datorren urterako prestatzen ari diren Elkanoren lehorrera-tzearen "eguneraketa" izan zuen hizpide, dagoeneko erakundeak lanean ari baitira, "gure gizartearekin bat datozen aniztasun eta errespetu-balioak" islatuko dituen "jarduera-programa oso bat" garatzen.

Bingen Zupiriak, aldiz, 2021ean egingo diren jarduera "akademikoak" azaldu zituen, esate baterako, Juan Sebastian Elkanoren Udako Ikastaroa, nabigatzailearen garaiko Euskal Herriaz eta espedizioaren ondorioz etorri zen eraldaketa globalaz hausnartzeko. Gainera, ekainean Santiagon egingo den Amerikanisten Espainiako Elkartearen Nazioarteko Kongresuaren XIX. edizioak Juan Sebastian Elkano, el maestre, el hombre sinposioa hartuko du, Fundazioak proposatuta.

Era berean, Más allá del mito y la epopeya: el País Vasco y la expedición Magallanes-Elkano en el contexto de la primera globalización argitaratuko da aurten. Bertan biltzen dira pandemiaren ondorioz iaz gauzatu ezin izan zen Nazioarteko Kongresuaren txostenak, Espainiako hainbat unibertsitatetako ikertzaileek eta Filipinetako, Kanadako, Mexikoko eta Ekuadorko adituek prestaturikoak.

Markel Olanok bestelako ekitaldi batzuk zerrendatu zituen, hala nola Postalak mundubiran ekimena, zeinak, Txileko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionalarekin lankidetzan, aukera emango baitie zortzi eta hamabi urte bitarteko euskal ikasleei Magallanes Eskualdeko eta Antartikako ikasleekin, gaur egun itsasoarekiko duten ikuspegia eta lotura azalduz 500 postal trukatzeko.

Olanok, halaber, Euskal Herri barneko mundubiraren bizikleta-ibilbide berri bat proposatu zuen, lurralde historiko guztietako euskal herriak lotuko dituena, kostaldekoak zein barrualdekoak, lehen ingurabidearekin zerikusia dutenak, "iragana eta oraina itsasoari lotutako historia partekatu baten haritik lotzeko asmoz".

Kultur aniztasunari, astronomiari eta hizkuntzen hedapenari buruzko Mundubiraren ubera solasaldi-zikloaren jarraipena; Getarian Elkano battela, xumea baina gurea ikuskizuna estreinatzea, edota Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean euskarazko planisferio bat argitaratzea izan dira Olanok iragarritako beste jarduera batzuk. Eta ekitaldi horiek osatzeko, pastoral bat eta gazteentzako nobela bat ere egingo dira, biek ala biek lehen mundu bira abiapuntu izango dutelarik.