ETAren biktima baten azalean

05.03.2021 | 00:50
Irati Goikoetxeak 'Herriak ez du barkatuko' eleberria aurkeztu zuen atzo.

Irati Goikoetxeak 'Herriak ez du barkatuko' eleberria idatzi du Igartza sarian lortutako bekari esker

ETAren indarkeriak eragindako sufrimenduari buruzko Herriak ez du barkatuko eleberria aurkeztu zuen atzo Beasainen Irati Goikoetxeak (Beasain, 1984). Igartza sarian lortutako bekari esker idatzitako lan berri honek Oihana izeneko pertsonaia du protagonista nagusi. Duela 22 urte ETAk aita tiroz hil zion. Hortik abiatuta, bakardadea, abandonua, beldurra, axolagabekeria, hutsunea eta ahanztura bezalako sentimenduetan oinarritu, horien lanketa bultzatu, eta "minaren askatasuna aldarrikatzeko" asmoarekin eraiki du Goikoetxeak fikziozko istorio hau.

Hitza bitarteko hartuta, eleberrian zehar mina marrazten eta hari forma ematen saiatu dela kontatu zuen idazleak: "Gizarteak mina eragin ez duen arren, sentimendu horrek guregan izan behar duela uste dut, min horren eran-tzukizuna hartu beharko genuke".

Eleberria hirugarren pertsonan idatzita badago ere, Oihanaren azalean aritu da lanean, eta irakurleek nobela hurbiltasun horretatik irakurtzea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen Goikoetxeak: "Aita hil dioten pertsona baten tokian jar-tzea ezinezkoa dela esaten du Oihanak". Hortaz, protagonistaren toki berean jarri beharrean, bera izateko proposamena egin du. Hori lortzeko, Oihanaren aitari izen-abizenik ez jartzea erabaki zuela esan zuen Goikoetxeak: "Garrantzitsua da izenaren bidez izana oroitzea, baina kasu honetan, Oihanaren aita, gure –idazle eta irakurleen– aita, eta belaunaldi berrien aitona izatea nahiko nuke".

Bertan landu duen gaia "gogorra, gordina eta iluna" izan arren, bere buruarekin "gustura" sentitu dela azaldu zuen. Izan ere, garai hartan sortutako hausnarketak eta kezka guztiak plazaratzeko eta konta-tzeko behar handia baitzuen, eta "hori izan da askatzeko modua". Bere ustez, literaturak hausnarketarako, eztabaidarako eta solaserako balio du, eta irakurleak horretara ere bultzatu nahi ditu. Hori guztia eraikitzeko tresna "baliagarria" omen da Herriak ez du barkatuko.

Irati Goikoetxeak irakurleengan eztabaida eta hausnarketa sustatu nahi du 'Herriak ez du barkatuko' eleberriaren bidez