mirarte

Goiz bat ipuinen munduan

01.03.2021 | 00:35
Goiz bat ipuinen munduan

Yolanda Arrieta idazleak Tolosako Samaniego ikastetxeko Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleak bisitatu ditu 'Idazleak ikastetxeetan' ekimenaren baitan

"Mundua beste era batera imajina-tzeko eta beldurrari aurre egiteko", erantzun dio Yolanda Arrieta idazleak (Etxebarria, 1963) Tolosako Samaniego ikastetxeko Lehen Hezkuntzako laugarren mailako haur batek zergatik idazten duen galdetu dionean. Hamar urteko 23 haur adi-adi daude Arrietak esan eta egiten duen guztiari, eta antzematen da denek ondotxo ezagutzen dutela sortzailea.

Izan ere, ez baita hau Arrieta Samaniegora joan den lehenengo aldia. Iaz ere bertan izan zen Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) Idazleak ikastetxeetan programari esker, eta esperientzia hura ahaztezina izan zenez, laugarren mailako zientzia gelari Yolanda Arrieta izena jartzea erabaki zuten, sarrerako koadroak erakusten duen moduan.

NOTICIAS DE GIPUZKOA Samaniego ikastetxean izan da eta Idazleak ikastetxeetan programak egunerokotasunean nola funtziona-tzen duen ikusteko aukera izan du.

Arrieta 18 urterekin hasi zen euskarazko idazlanak egiten, eta lehenengo liburua, Begigorritarren erlojua, 1992an argitaratu zuen. Magisteritza ikasketak Eskoriatzako Irakasle Eskolan egin, eta horrez gain, Antzerkia eta Kultura eta Gizarte Antropologia ere ikasi zituen. 2015ean Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria irabazi zuen Argiaren alaba liburuarekin.

Goizeko 9.00etan txalo zaparrada bero batekin egin diote ongietorria ikasleek eta jarraian, hilabeteetan zehar Mikel Izagirre tutorearen gidaritzapean landutako idazlearen biografia aurkeztu dute PowerPoint bidez. Aurten, Erein argitaletxeak 2010ean argitaratutako Nitaz ahaztu dira liburua landu dute ikasleek, eta denbora dezente eskaini diote lan horri; izan ere, liburua irakurri ostean, Kahoot aplikazioaren bidez liburuaren inguruko galderak ere erantzun baitituzte.

Arrietak esperientzia handia du Idazleak ikastetxeetan programarekin eta gustura etortzen da topaketa hauetara. Ohikoa duenez, bere maleta morearekin heldu da Tolosara, eta behin ikasleek saioaren sarrera egin ostean, maleta zabaltzeko unea iritsi da.

"Ipuinen munduan guztia hiru aldiz errepikatu behar da. Beraz, hiru aldiz kolpetxoak emango dizkiogu maletari zabaltzeko", esan die begirik kentzen ez dien ikasleei. Barrutik irrati-kasete urdin bat atera, eta hura pizteko "klik, klok, klik" hiru aldiz errepikatu ostean, musika lasai lasaia hasi da. Ikasleen arreta hasieratik bereganatua bazuen ere, erlaxazio ariketa horren ostean, ipuinen munduan murgiltzeko ikasgela dotore giro-tzea lortu du.

Aurten irakurtzea egokitu zaien liburua Nitaz ahaztu dira bada ere, ikasleek lehenago irakurrita zituzten haren beste liburu batzuen inguruan ere hitz egin dute. Haurrentzako euskarazko lehenengo liburua argitaratu zuen Bizenta Mogeli buruzko Bizenta Txiki izan dute mintzagai, besteak beste.

"Hori argitaratu nuen, lehenago Argiaren alaba idatzi nuelako. Dakizuenez, Argiaren alaba liburua idazteagatik Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria eman zidaten. Bizenta Mogelen bizitza osoa kontatzen da bertan, eta Bizenta Txikik haren haurtzaroari buruz hitz egiten du", azaldu die ikasleei.

Bizenta Mogel Azkoitian jaio zen 1782an eta garai horrekin lotuta, Ilustrazioaren inguruan ere hitz egin dute, "orain ditugun zein gauza ez zeuden garai hartan?", galderari ikasleek banan-banan eran-tzunez.

Ordubeteko saio horretan olerki desberdinak ere interpretatu dituzte dantza eta kantu bidez, horietako bat Egun da Santimamiña abestiaren doinu ezagunarekin.

Ikasleen jarrera oso parte-har-tzailea izan da uneoro, eta ordubeteko saioaren ostean, pozik agurtu dute idazlea, goiz honetako esperientziari esker literaturarekin lotutako oroitzapen polita betirako izango dutela jakinda.

"Mundua beste era batera imajinatzeko eta beldurrari aurre egiteko idazten dut"

yolanda arrieta

Idazlea


Noticias relacionadas