Duela 20 urte Donostian sortu zuen idazle talde batek Euskal Idazleen Elkartearen (EIE) Idazleak ikastetxeetanIdazleak ikastetxeetan programa arrakastatsua eta helburua argia izan da hasieratik: eskoletan euskal literaturaren transmisioa lantzea. Horrez gain, egitasmo honek barne hartzen ditu ikasleengan irakurketa sustatzeko lanean baliagarri izatea, baita irakasleei sorkuntza lantzeko tresnak eskain-tzea ere. Aurrerago, EIEk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin hitzarmena sinatu zuen eta horri esker, urtero 268 ikastetxetan saioak egiteko diru-laguntza jasotzen du egitasmoak.

Eta arrakasta bistakoa da. Aurreko ikasturtean EAEko ikastetxeetan 333 solasaldi hitzartu zituzten -diru-laguntzak baliatutakoak baino gehiago-, eta Nafarroako Liburuak gozagarri ekimenaren bidez, aldiz, 160. Orotara, 493 solasaldi eskaini zituzten Euskal Herriko ikastetxeetan. Hala ere, pandemiaren ondorioz, soilik 106 saio egitea lortu zuten Idazleak ikastetxeetan programaren baitan, egitekoak zirenen %40.

Adin guztietako ikasleei zuzendutako egitasmoa da, Haur Hezkun-tzatik hasi eta Batxilergoraino. Ikasturte bakoitzaren hasieran, EIEko bazkide diren 382 idazleen arteko deialdia egiten da eta programan parte hartu nahi dutenekin osatzen da eskaintza. "Eskaintza oso zabala izaten da: emakumeak eta gizonezkoak, argitaletxe handiak eta txikiak, liburu ezagunak eta ez hain ezagunak, literatura genero zabalduenak eta ezezagunagoak... guztiak jartzen ditugu eskuragarri", azaldu dio egunkari honi Nagore Atelak, Idazleak ikastetxeetan ekimenaren arduradunak.

Behin idazle zerrenda osatuta, ikastetxeetara bidaltzen dute eta bakoitzak aukeratzen du autorea eta liburua. Iaz, EIEko 64 kidek eskaini zituzten solasaldiak. "Aukeraketa egin ondoren eta idazlearekin aurrez aurreko saioa egin baino lehen, liburuaren lanketa oso garrantzitsua izaten da. Ekintza horrekin bakarrik ez da lortzen gure helburuak betetzea, baina irakasleak urte osoan zehar liburua eta autorea lantzen baditu, prozesu osoak amaiera bikaina izatea lortzen da", nabarmendu du Atelak.

Ondo egindako lan horrek bere fruitua ematen du, noski. Ikasleak liburutegira joan eta ikastetxean landu duten idazlearen liburua ikusten dutenean, ezagutu egiten dute, aldez aurretik erreferentziak badituztelako. Ikasturte osoa ematen dute liburua irakurri eta aurretiko lana egiten haurrek zein gazteek, eta horretarako denbora behar denez, idazleekin egindako saioen %80 otsaila eta ekaina bitartean izaten dira.

Ordubete inguruko iraupena izaten duten saio horiek "oso harrera ona" omen dute. "Gakoa prestaketa lana izaten da beti. Irakasleak aurretik ondo lantzen badu, liburua irakurraraziz eta ondoren ikasleek galderak prestatuz, motibatu egiten dira eta zoragarri ateratzen da guztia", azpimarratu du.

Idazle bakoitzak bere modura antolatzen ditu solasaldiak, ez baitira ikastetxera joan eta galderak erantzuteko saio soilak. Ikasleek bezala, autoreek ere aurretiko lana egin behar izaten dute, sarrera egoki baten ostean zer egingo duten prestatuz. Horretarako, ikasleen adina oso kontuan izaten dute. "Batxilergora joatea edo lau urteko haurrekin egotea ez da berdina. Irakasleen aldetik ere, ziur asko Lehen Hezkuntzan gehiago lantzeko aukera izaten dute, eta DBHn eta Batxilergoan gutxiago. Hala ere, haiengana ere joaten gara, beharrezkoena adin horretan delako, irakurzaletasuna garai horretan apurtzen delako", adierazi du.

EIEk emandako datuei erreparatuz, iaz partaide izandako idazleen %43 emakumezkoak zirela ikus daiteke eta %57 gizonezkoak. Nabarmentzekoa da emakumezkoen ehunekoak gorantz egin duela azken urteetan, izan ere, 2015ean %29 bai-tziren emakumezkoak eta duela bi urte, aldiz, %39.

Pandemia iritsi zenean saioak bertan behera utzi eta irailean hasi ziren berriro ere idazleak ikastetxeetara joaten. Orain solasaldiak zentzu guztietan "ho-tzagoak" direla aipatu du Atelak: "Otsailean gaude eta leihoak zabalik eduki behar ditugu. Gainera, tontokeria dirudi, baina txikiengana ezin zara lehen bezala gehiegi gerturatu, gauzak elkarbanatu, ukitu... hotzagoa da, baina egia da idazleek diotenez, agian inoiz baino beharrezkoagoa dela horrelakoak antolatzea".

Musukoak eta distantzia tarteko, ikasleak ohitu egin dira ikasgelan protokolo horiek mantentzera, eta ikastetxeak aurten ere gogotsu agertu dira idazleak geletara gonbida-tzeko. Ikasturte honetarako eskaerak osatuta daude eta eskuragarri dauden 268 saio horiek guztiak egitea aurreikusten dute.

"Agian inoiz baino beharrezkoagoa da orain horrelako saioak antolatzea"

'Idazleak ikastetxeetan'-en arduraduna