- Urko ez da inoiz Victoria Eugenian bera bakarrean programatua izan. Zor hori, nolabait, igande honetan kitatuko da, oso emanaldi bereziarekin, gainera. Izan ere, zuzenean eskaintzeko aukera nekez izaten duen bere 20 abesti gogokoenak kantatuko baititu. "Oroitzapenen kutxara" bidaia egingo du, "maila handiko musikari taldea" lagun duela, urteak pasa arren, Urkok berritasunik eskain lezakeela erakusteko.

Bere kanturik ezagunenak inoiz falta ez ziren kontzertu-birak hainbat urtez eskaini ostean, Josean Larrañaga Etxabe, Urkok, bestelako zerbait egin nahi zuen. "Abesti berdinak jotzera behartuta sentitzen nintzenez, aldi berean, kontzertu hau diseinatzen hasi nintzen. Behingoz, sikiera, nik aukeratu zer abesti jo nahi nituen", esan zuen atzo abeslariak igandean Donostian eskainiko duen kontzertuaren aurkezpenean.

Beraz, ez Guk euskaraz, ez Maite, maite, maitia, ez dira Victoria Eugeniako errepertorioan izango. Bai, ordea, beste 20 abesti, "publiko gehienari berriak irudituko zaizkionak", zuzenean oso gutxitan entzun ahal izan direlako, eta bere diskografia zabalaren parte direnak. Horrela, esate baterako, Jose Bergamini eskainitako albumeko gaztelaniazko abestiak entzun ahal izango dira, eta baita Brasilgo erritmoak ere Hugo Silveira eta Dani musikariekin batera.

Ikuskizun guztiak %100ean ongi lotuta izateko bere ohiko mimoari leial, Urko "maila handiko musikari talde batez" inguratu da Donostiako kontzertua eskaintzeko; besteak beste, Javier Perez de Azpeitia izango da pianoarekin, Lerman Nieves baxuan, Igor Telletxea baterian, Jorge Pacheco perkursioan, Satxa Soriazu teklatuetan eta Luis Maria Moreno Urretabizkaia Pirata saxoan. Gainera, konposizio batzuk egokitu dituen Iñaki Salvador ere taula gainera igoko da pare bat abesti elkarrekin jotzeko. Izan ere, kontzertuaren atarian hitza eman baitu, "gutxi hitz egin eta asko abestuko" duela, eta "askotarikoa" izango dela, une kutun eta lasaiak mugituagoekin uztartuz.

COVID-19ak lardaskatu duen 2020a pasa ondoren igoko da Urko Victoria Eugeniako agertokira. Irailean Serafin Zubirirekin batera Iruñean jardun zuenetik ez du beste aukerarik izan, eta, horregatik, "gogotsu" eta oso pozik agertu zen Donostian emango duen kontzertuagatik. "An-tzokia betetzea espero dut, besaulkiak hutsik ikustea izugarria baita. Beldurrezko filma ematen du ", azaldu zuen egungo murrizketen inguruan, eta kontzertuetara joateko deia egin zuen bide batez. "Gure profesionaltasuna erakusteko eta beldurrari gailentzen ez uzteko unea da. Antzoki batera joatea autobusa hartzea baino askoz seguruagoa da. Kontrakoa pentsatzen dutenei autobusa hartzea debekatu beharko litzaieke ", esan zuen txantxetan.

Abeslari donostiarrak, lanik egin ezin dutelako "lanbidez aldatzeko erabakia hartu duten" artista guztiak ere gogoan izan zituen; "artistak sortu egin behar du, eta horrekin bizimodua ateratzeko aukera izan". Berari, pertsonalki, dagokionean berriz, "hainbat urtetan osasun arazoak izan ostean" une gozoan dagoela esan zuen. 72 urte dituen honetan, "abesten ari naizela sentitzen dut berriro, eta hori adinak bakarrik ematen dizu", aipatu zuen.

Hala ere, argi azaldu zuen adina antzeman egiten dela, eta, Victoria Eugenian kontzertua emateko, hiru eguneko entsegu nekagarriak egin behar izan dituela Hernanin, musikariekin nahi bezala bat egiteko. "Nire hastapenetan musika baino gehiago asaldura izaten zen; gaur, ordea, gauzak oso bestela hartzen ditut. Inolaz ere, daukadan guztia emango dut", adieraziz amaitu zuen, 50 urteko ibilbidea duten artistek alde ezezagunik ere izan dezaketela erakutsiko duen hitzorduari buruzko aurkezpena.

"Abesti berdinak jotzera behartuta sentitzen nintzen; nik aukeratu zer abesti jo nahi nituen"

"Gure profesionaltasuna erakusteko eta beldurrari gailentzen ez uzteko unea da"

Abeslaria