Orain hamar urte sortu zenetik, Etxepare Institutuak 150 euskal literatur obra beste hizkuntzetara itzultzeko prozesuan lagundu du. Ez hori bakarrik, euskal kultura eta euskara nazioarteko "plazara" salto egiteko bidean egiten duen lanak beste datu interesgarri batzuk ere utzi ditu. Urtero, diziplina ezberdinetako nazioarteko jaialdi eta programazioetan, "60 euskal leiho" sustatu, eta 200 bira eta nazioarteko egitasmo inguru babestu ditu. Are gehiago, urtero 4.000 pertsonek euskara ikasten dute Euskal Etxetan eta Europa, Amerika eta Asiako 35 unibertsitatetan. Ez hori bakarrik, goi mailako hizkuntzari dagokionean, erakundeak bederatzi katedra zabaldu ditu nazioarteko zentroetan.

Bernat Etxeparek "munduan dantzan ibiliko zen euskara amestu" zuenetik 462 urte pasa ondoren, 2007an, amets hori gauzatuko zuen Institutua egikaritzea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Hiru urteren buruan, zehazki 2010eko urriaren 29an sortu zen, euskarazko lehen liburuaren autorearen abizena zuen erakundea, Aizpea Goenaga buru zuela. Helburua ezaguna da: Kontrapasen bezala, bertako eta atzerriko eragileekin elkarlanean, euskara eta euskal kultura eta sorkuntza mundu mailan sustatu eta ezagutzera ematera, bidean, beste herrialde eta kulturekin harreman iraunkorrak sortzen dituen bitartean.

Orain, erakundeak hamar urte betetzean iritsi da emaitzen berri emateko momentua. Hain zuzen, horixe egin du institutuak, urteurrena ospatzeko Tabakaleran antolatutako ekitaldi instituzionalean. Egungo zuzendariak, Irene Larrazak, gidatu du ekitaldia eta, bertan, Kultur sailburu Bingen Zupiriarekin batera denboraldi honetako lorpenak eta etorkizuneko erronkak aipatu dituzte: Quebec-ekin elkartruke kulturala sustatu, eta euskara eta gure kultura zabaltzeko estrategia digitalak garatu.

Hamaika kontakizun

Ekitaldian hamarkada honetan bultzatu diren hamaika sortzaile, itzultzaile eta irakasleren "hamaika istorio" entzun dira, Alaitz Arenzanak eta Maria Ibarretxek osatzen duten Sra. Polaroiska kolektiboak prestatutako pieza performatiboan. Hala ezagutu ditugu, Japoniako Sho Hagio eta Hiromi Yoshida itzultzaile eta euskara irakasleak, eta Argentinako Gabriela Mendia euskara irakaslea, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio eta Miren Agur Meabe idazleak, Isaac Xubin itzultzaile galiziarra, Kukai Dantzako Jon Maya, Itziar Lazkano aktorea, Oreka TX taldeko Igor Otxoa, Maider Lopez artista eta Oskar Alegria zinemagileak Insitutuari esker izandako bizipenen testigantzak. "Lagin bat besterik ez dira", argitu du Larrazak.