"Oker ibiliko naiz, baina dena aldatuko da". Hitz hauek Kea abestiaren barruan daude, Atera diskoaren lehen kanta, Zea Mays taldeak aurkeztu zuen iazko Durangoko Azokan. Handik hona, gizartea izurrite batean dago baina musika ez da geldirik egon, oztopoak aurkitu arren. Talde honek Muskizeko El Pobal burdinolan emandako kontzertua eskainiko du azaroaren 20tik 22ra arte Udagoieneko Ostera XXI. edizioan barne, ekimenaren webgunearen bidez.

Ia ia ez daukazue denbora azken diska aurkezpena egiteko. Kontzertu horietan nolakoa izan zen publikoaren erantzuna?

-Erantzun polita izan dugu eta gustora ibili gara. Orain, gauzak aldatu dira, kontzertu gutxiago ditugu eta era desberdinetan. Azkenean, jendea eserita, maskarillarekin€ Buruari buelta bat eman behar diogu, aldatu eta gauzak dauden moduan ikusita ahal duguna egin, Udagoieneko Osterak egin duen bezala: akustiko batzuk sortu, interneten bidez ikusteko. Hori da beste era kultura kontsumitzeko.

Nolakoak izan dira emandako kontzertuak?

-Hasieran pixba bat arraroa egiten zen baina gauza batzuk argi dauzkagu. Nik nahiago dut ikustea jendea eserita maskarillarekin, ez ikustea baino. Talde batek jotzen ez badu, azkenean galdu egiten da. Hoberena da zerbait egitea eta jotzea. Nik, publiko moduan, kontzertu desberdinak ikusi ditut eta asko disfrutatu dut kontzertua, nahiz eta eserita egon eta maskarillarekin.

Udagoieneko Ostera Hegan zikloak aukera bat eman dizue. Gainera, Muskizeko El Pobal budinolan.

-Lekua izugarria da, oso eroso sentitu ginen. Guk ez genuen ezagutu baina mundu guztiari esaten diogu leku oso polita dela joateko. Guretzako oso esperientzia polita izan zen. Gainera, aukera izan genuen akustiko bat egiteko baldintza onenean. Sekulako ekipoa egon zen bai audio bai bideo grabatzeko. Eta estetetika ere, oso zainduta, sua egin zuten hor bertan. Aukera ederra izan zen.

Honelako aukerak beharrezkoak dira?

-Oso. Kultura egiten dugunok guztiz desanparatuta gaude aspektu askotan. Guztiz beharrezkoa da Topaguneak egin duen esfortsua. Adibidez, guretzako sekulako bultzada izan da eta uste dut jende askorentzako bultzada handia izango dela, kontzertu bat era baten ikusteko aukera izango dutelako. Gero eta gutxiago gaude eta gero eta zailagoa da zerbait egitea.

Nolakoa izan zen esperientzia?

-Zuzeneko grabaketa izan zen. Abesti guztiak jarraian jo genituen, zuzeneko bat balitz moduan egin genuen.

Zailagoa da publiko barik kontzertuak egitea?

-Abesti eta abesti txalorik ez egotea eta isiltasun hori... arraroa egiten da. Baina badakizu zertara joan zaren. Oso eroso sentitu ginen han zegoen jendearekin eta gustura egon ginen. Nahiago dugula jendearekin? Argi dago.

Kontzertu gehiago dauzkazue?

-Ez dakigu, egia esan, zer gertatuko den. Gu gaude astero ikusten zer ahal dugun eta zer ez. Ezin dituzu plan askorik egin, gauzak bizi behar dira astetik astera.

Kultura izan da sektorerik kaltetuenetako bat?

-Kultura munduan mugitzen naiz eta nire ondoan dagoen jende asko honetaz bizi da eta orain ez dauka ezer. Ez non lan egin, ez zertaz bizi eta nahiko desesperantea da. Martxoan bertan behera gelditu zen dena. Irailetik aurrera, gauzak gehiago antolatu ziren baina momentu honetan ere dena bertan behera hasi da gelditzen eta ez dakigu noiz errekuperatuko den. Adibidez, Kafe Antzokia itxita dago eta ez dakigu noiz ahalko duten zabaldu edo zabaldu ahalko duten noizbait. Momentu oso gogorrean gaude.