-La editorial izenburua duen bere eleberri berrian sakonki ezagutzen duen mundu bati buruz hitz egiten du Toti Martinez de Lezeak. Euskarazko edizioari Egurra S.A. izenburua jarri dio, hildako bat baino gehiago dituen intrigazko istorio horren familia protagonistaren abizena horixe delako.

"Eleberri garaikidea da, gaur egun gertatzen dena eta zirkuitu guztiz sinesgarrietan, eta puri-purian dauden gaiak ukituz. Ba-tzuetan irribarrea eragingo du, eta beste batzuetan pentsatuarazi ", adierazi zuen atzo Inazio Mujika Erein argitaletxeko arduradunak.

Jatorrian, Martínez de Lezeak 2020an kokatu zuen bere kontakizuna, baina COVID-19aren pandemiaren ondorioz bere pertsonaiek mugikortasuna mugatuta izango zutenaz jabeturik, Egurratarren lau belaunaldiak 2019ra eramatea erabaki zuen. Eleberriaren 300 orrialdeetan familia horretako kideak agertzen dira etengabe, osagai nagusien artean, dagoeneko hilda dagoen patriarkak sortutako negozioa bereganatzeko egingo dituzten azpikeriak azalduko direlarik. Baina idazleak ez du soilik familia erretratatu; Egurra S.A.ko langileek ere badute euren lekua eleberriaren traman, zuzendari kudeatzailetik hasi eta zuzen-tzaileraino. Berak ezagutzen duen munduan "inbidiak" ba omen daude, baita idazle "onak, txarrak eta erdipurdikoak" ere.

"Eta editore batzuk liburu onak argitaratzen saiatzen dira, bai; beste batzuei, berriz, bost axola zaie emaitza, saltzea besterik ez baitute helburu. Horiei ez diet nik ezer aurpegiratuko, negozioa baita, baina esan beharra dago ", aipatu zuen.

Argi utzi nahi izan zuen bere pertsonai bakar batek ere ez duela benetako pertsona bat ezkuta-tzen. "Ez dut inorengan erreparatu, ez dut idatzi ezagutzen dudan inoren bizkarrean, izateko moduez baizik", esan du.

La calle de la judería eta beste hainbat narrazio historikoren egileak "izugarri ondo" pasa omen du Egurra S.A. hau sortzen. Azkar idatzi omen du, gainera; besteak beste, ongi ezagutzen duen ingurunean murgildu denez, ez duelako dokumentazio lan handirik behar izan, akzioak erosi eta saltzearen eta testamentuen berezitasunei buruzkoa izan ezik.

Euskaltzaindiara jo zuen sozietate anonimoaren S.A. siglek euskarazko izenburuan kirrinka egiten ez zutela ziurtatzeko.

Era berean, egiaztatu zuen Egurra ez dela abizen gisa existitzen, eta horrela inork ezingo zuela bere burua aipatutzat jo; bide batez, erreferentzia bat ezarri zuen zurarekin, liburuak egiteko erabiltzen den papera fabrikatzeko lehengai gisa hartuta.

"Une honetan norbait ezustean harrapatzea zaila" izango dela esan zuen, baina "gaia ukitu nahi zuelako" idatzi omen du mundu horri buruz. Nahiago izan zuen "intrigazko" eleberritzat definitu, thriller-a baino; eta irakurleak, gainera, sexu eta politika arloko "zer-tzelada nahikoa" aurkituko dituela esan zuen amaitzeko.