- 'Berriro asma nazazu' diskoa aurtengo udaberrian kaleratzekoa zuen Tenporak, baina COVID-19ak galarazi egin zuen. Ez hori bakarrik, urriaren 3an Chillida Lekun kon-tzertua eskaintzekotan zineten, eta hori ere 2021era pasa da.

-Konfinamenduarekin, mundu guztiak bezala, planak aldatu behar izan genituen. Diskoa apirilean aurkeztea zen gure ideia eta horrekin sei aurkezpen-kontzertuko bira prestatu genuen. Azkenean, aurkezpen guztiak irailera pasatzea erabaki genuen. Datarik, behintzat, ez dugu galdu; horrekin kontentu gaude. Abuztuan hiru kontzertu eskaini genituen eta beste hirurak diskoa aurkeztu ondoren egitea zen ideia. Tamalez, COVID-19a dela eta, Chillida Lekukoa datorren urteko udaberrira pasa da; Tolosako Leidorrekoa eta Zarauzko Modelokoa mantendu egin dira.

Nolakoa izan zen abuztuan agertokietara itzultzeko esperientzia?

-Konfinamendu egoera lazgarri horrekin eta kultura sektoreak bizi duen krisiarekin, une oro baikorrak izaten saiatu gara. Zuzenekoak itzuliko zirenaren itxaropenari eutsi nahi izan diogu. Eta iritsi, iritsi dira, tantaka bada ere. Gutxi izan badira ere, oso kontentu gaude. Jendea oso abegikorra izan da, nabari da jendea zuzenekoekin disfrutatzeko gogoz dagoela. Taldekideak ere zirraraz beteta geunden, hainbeste denbora eta gero agertoki batera igo eta musika jotzeagatik. Oso hunkigarria izan zen. Egia da baldintzak ez direla berak, publikoaren aurpegiak ez baitituzu ikusten. Horren harira, pentsatzen genuen hotza izango zela publikoaren erantzuna eta, egia bada ere ez dela betikoa izan, jendea oso bero zegoela nabaritu dugu.

Urtebete eman duzue disko honetan lanean.

-Apur bat gehiago, agian. Sorkuntza prozesuan zehar ez genuen ia zuzenekorik eskaini. Tenpora zuzeneko talde bat da, baina gure agendetatik denbora ateratzen dugu astero edo hamabost egunez behin, elkar ikusteko eta kantuak lantzeko. Disko honetarako lan handia egin dugu atmosferak, soinuak, koloreak... ezberdin lantzeko, eta horrek denbora eskatzen du.

'Berriro asma nazazu' da albumaren izena. Disko berri bat atera-tzen duen bakoitzean, Tenporak bere burua berrasmatzen al du?

-Galdetu izan digute ea diskoa konfinamenduaren ondorengo fruitua den. Ez, ordurako disko guztia grabatuta genuen. Tenpora, jotzeko eta esperimentatzeko sortu genuen eta, ondorioz, ez daukagu helburu finkorik. Momentuan datorkiguna islatzen saiatzen gara, momentuko gure eraginak edo entzuten ari garen hori. Bide horretan, geldialdi ezberdinak egiten ditugu diskoak lantzeko. Diskoen ondoren zuzenekoak datoz, zertan aritu garen erakusteko asmoz. Etengabe aldatzen doan izaki bizidun bat da Tenpora, eta baita bere musika ere.

Aitor Etxeberria izan duzue ekoizpen lanean.

-Figura garrantzitsua izan da soinua bilatzerako garaian. Bakoitzaren lan pertsonalaren ondoren, soinuaren trataeran beste pauso bat ematea pentsatu genuen. Aukera ezberdinak eztabaidatu, eta azkenean, Aitorren izena agertu zen mahai gainean. Bere lana gustuko genuen eta gutako batek edo bestek bere proiektuetan ere parte hartu izan du. Aitorri esker buruan genuen ideia hori egitea lortu dugu.

Aurreko diskoekiko zer ezberdintasun ditu azken honek?

-Adituengandik jasotzen ari garen erantzunek eta iruzkinek diote kantuak, akaso, biribilagoak direla. Esango nuke, taldekideekin hitz egin ondoren, nagusiki soinua dela nabarmen aldatu dena. Musikari bakoitzak, ni neu barne, aurreko diskoekiko soinu ezberdin bat landu du. Aurrekoetan soinua argiagoa zen, gardenagoa; taldea oso gardena edo organikoa delako, oso zuzenekoa. Honakoan diskoaren soinua pixka bat zikinagoa egiten saiatu gara, beste estetika, atmosfera edo kolore batzuk lortzeko.

Itxaropentsu mantendu zaretela diozun arren, diskoan 'Esperanza' bezalako abestiak aurki ditzakegu, oso tristeak direnak.

-Badakigu kantu batekin ez dugula mundua konponduko, baina abestietan gure kezkak islatzen saiatzen gara. Berriro asma nazazu da diskoari izena ematen dion abestia. Agian ez duzu abesti hori soilik maitasunarekin lotuko, agian laguntasunarekin ere lotu liteke. Diskoan gai piloa jorratzen dira: denboraren igarotzea, bizitza... Eta, era berean, badaude gaurkotasunarekin erlazio handiagoa duten beste gai batzuk; aurreko diskoetan ere horrela izan zen. Emigranteen gaia, adibidez; Morian gertatzen denaren harira Itsasoan ametsak abestia egin dugu. Esperanzari dagokionez, gure inguruan baditugu kasu batzuk, eta oso gertukoa zaigu etorkinek gure etxeko norbait zaindu behar izatea. Iruditzen zaigu gizartea agian zertxobait anestesiatuta dagoela zenbait gaiekin. Hausnarketa musikal bat proposatu dugu.

Oraingoan, Harkaitz Cano eta Karlos Linazasoroz gain, Leire Bilbaok ere idatzi ditu letrak.

-Karlos eta Harkaitzekin urteak daramatzagu lanean. Leirerekin ere harremana bagenuen eta proposamena luzatu genion. Kantuak sortzerako garaian Juantxo Zeberiok izan zuen berarekin harremana. Bi kantuetan kolaboratu du. Egia da, badirela beste bi kantu berak idatzitakoak, baina azkenean ez ditugu diskoan sartu. Grabatuta zeuden arren rockeroagoak ziren, eta estetika kontuengatik ez ditugu sartu. Oso pozik gaude, emakume baten ikuspuntua ere diskoan sartu dugulako. Haren lana zenbateraino gustatu zaigunaren seinale, diskoari bere kantu baten izena jarri diogu.