- Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) idatzia eta Jokin Mitxelenak (Donostia, 1962) ilustratua, Garalar Maralar bildumak irakurlea Aralarko mendietara hurbiltzea du helburu, bertako bide, gailur eta kobazuloetan barneratzea, Joanes artzaina, Goliat txakurra eta Aiert eta Maren anaia-arrebak protagonista dituzten abentura eta pasarteen eskutik.

Goliat eta izarrak, Joanes eta kanpaiak, Aiert eta herensugea eta Maren eta azeria liburuxkak, Txindoki, Mendukiloko kobak eta San Migel Aralarkoa, Balerdi mendia, Oidui eta Alotza bezalako lekuetan girotzen dira, aditzera eman duZubizarretak. "Behelaino batean bizi izan gara azken aldian, baina Txindokira igotzen garenean, errealitatea beste modu batera ikusten da", gehitu du, pantailetatik aldendu eta naturara berriro hurbiltzeko aldarria eginez: "Aralar bertan daukagu eta altxor ederra da". "Milaka urtetako tradizioa harrika bota dugula esaten zuen Jon Barberrek, jakintza hori ez dugula haintzat hartu. Milaka urtetan artzainek ikasi dutena ez dugu ikusten, oso azkar bizi garelako", gaineratu du ordiziarrak.

Irakurketaz harago, hala, Aralarrera bertaratzeko gonbita egitea ere bada ipuin hauen helburua. Mitxelenaren ilustrazioek inguruneari erreparatzen diote lanean, baita artzain izandako bere aitarengandik jasotako detaileak ere, marrazkilariak berak aitortu zuenez.

Landarlan Ingurumen Elkarteak sustatutako proiektua behar batetik abiatu zen, elkarteko lehendakari Edurne Huesak azpimarratu bezala, hain zuzen "inguruan dugun natura ezagutu eta maitatzea".

Hala, proiektuaren lehenengo urratsa duela bi urte plazaratu zen Aralar, mundua leku den lurra dokumentalarekin. Lau ipuin ilustratu hauek proiektu horren segida dira. Huesak dio, Aralar, izan ere, "ez da Gipuzkoakoa soilik, Gaizka Arangurenek erraten duen bezala, Aralarrek batzen gaituelako".

Huesak zein Aralar, mundua leku den lurra dokumentalaren sortzaileetako bat izandako Ion Fontenlak aditzera eman dute, Europar Batasunak azken bi urteetako ingurumeneko 27 prioektu onenen artean kokatu berri da dokumentala, Natura 2000 sarien finalean.

Dokumentalean, Aralarko ondare natural eta kulturala ezagutzera emateaz gain, hausnarketa eta gogoetarako bidea ematen da, adituen ekarpenak mundu oniriko baten inguruko pasarteekin uztartuz. Idurre Eskisabel eta Lorea agirreren gidoia osatzen duten testuekin eta dokumentaleko irudiekin, orain, liburu formatuko argitalpen bat ere plazaratu da.