Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak izenburupean doktorego tesia aurkeztu du Miren Artetxe Sarasola (Hendaia, Lapurdi, 1985) EHUko irakasle eta ikerlariak. Soziolinguistika zale, bertso udalekuetan begirale gisa aritutako hilabeteak zein bertso giroko antolakuntzan murgildutako urteak baliatu ditu, belaunaldi berriek, gazteak direnean euskaraz aritzeko hautua zergatik egiten duten aztertzeko. Gazte identitatea eraikitzeak eta kolektibo izaerak berebiziko garrantzia dutela ondorioztatu du.

Non du abiapuntua ikerketak?

Betiko galdera alderantziz formulatzea interesatzen zitzaidan, pentsatu partez, zergatik ez den hitz egiten euskaraz, pentsatzea zergatik hitz egiten den euskaraz. Tesia hasi nuenean, bertso udalekuetako begirale aritzen nintzen eta Ipar Euskal Herriko bertso mugimenduan pixka bat sartuta nengoen. Eta, beraien egunerokotasunean euskaraz egiten zuten gazte pila bat testuinguru soziolinguistiko oso deserosoan zeudela konturatu nin-tzen, alegia, erdaldunean. Horri begiratzea interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen.

Bertso-eskolan aritzen diren gazteak aukeratu dituzu ikerketarako. Arrazoi bereziren batengatik?

Gazteen hizkuntza ibilbidea begiratzea interesatzen zitzaidan baina ez makro ikuspuntu batetik. Komunitate jakin batean gazte horiek euskaraz hitz egitea zerk eragiten zuen jakin nahi nuen. Halaber, jarduera baten inguruan osatutako talde bat aztertzeak metodologikoki eta teorikoki heldulekuak ematen dizkit.

Bertso-eskolak praktika komunitateak direla diozunean zertaz ari zara?

Praktika komunitateak jarduera baten inguruan elkartzen diren taldeak dira eta talde horretako partaideek erregularki esperien-tziak elkarbanatzen dituzte, elkarrekiko lotura bat daukate, eta praktikaren inguru horretan, egiteko moduak, sinesmenak, ideiak, zailtasunak eta bestelakoak elkarrekin eraikitzen dituzte. Izan daiteke futbol talde bat, koadrila bat, lantalde bat, auzoko jubilatuen parkeko taldetxoa. Edozer da praktika komunitate bat. Praktika komunitate bat, baina ez dator bat hizkuntza komunitatearekin. Hizkuntza komunitatea zuk, nik, nire amonak, nire bizilagunak€ osa dezakegu. Baina ez dakit zer konpartitzen dugun hizkuntza bat jakiteaz gain. Hau da, hizkuntza komunitatea hizkuntzarekiko bakarrik erabiltzen da. Horregatik, bertso-eskolak praktika komunitate bezala aztertzeak bai teorikoki, metodologikoki eta praktikoki beste helduleku batzuk eskaintzen ditu.

Zein dira bertso eskolen praktika komunitatearen ezaugarriak?

Niri deigarrienak egin zaizkidanen artean: batetik, bere osotasunean euskaraz garatzen den praktika bat dela -hori Ipar Euskal Herriko testuinguruan eskolaz eta etxez kanpo ez da asko gertatzen-, bertsolaritzaren jiran osatzen dela, hots, bertso jarduera dago teorikoki zentroan, baina beraien artean ere hitz egiten dute gertatu zaizkien gauzez, gai sozialez, oro har, asko gogoetatzen dute euskaraz. Bigarren ezaugarri bat litzake, taldean dagoen konfiantza giroa. Gazteek berezko lotura berezi bat dutela sentitzen dute. Norbait bertsotan ari denean, parean dagoena ez dagoela epaitzen baizik eta babesa ematen sentitzen dute. Eta hirugarren ezaugarria, lotsa galtzen dutela, hitza hartzearen esperientzia bizi dutela, agente sentitzen direla.

Hizkuntza identitateari dagokionez, aztertutako talde honek zein ezaugarri ditu?

Denak dira euskal sisteman ikasitakoak, Seaskako ikastoletan ikasitakoak. Bakoitzak baina bere ibilbidea dauka, batzuk euskaraz egin dute etxean, beste batzuek ez, batzuek euskaraz eta erdaraz. Hizkuntza ibilbide desberdinak izan dituzte, batzuek gehiago hitz egin dute familian eta eskolan gutxiago, beste batzuek alderantziz. Baina ibilbide horietan badaude inflexio puntu batzuk amankomunak direnak.

Hizkuntza-ibilbideak zer dira?

Hizkuntza ibilbideekin ikus daiteke pertsona bakoitzak bere bizitza ibilbidean zein hizkun-tza erabiltzen dituen, zertarako eta zeinekin eta ibilbide horretan zein harreman duen hizkuntza batekin eta bestearekin. Horrela ikusi daiteke, adibidez, bizitzako aldaketa emozional, laboral edo praktikoek eragina dutela hizkuntza erabileran, eta nolabait ere momentu batean edo bestean hizkuntza bat erabiltzeari norberak eman diezaiokeela zentzu bat edo beste, aldatu daitekeena edo ez. Horiexek dira hizkuntza-ibilbideak.

Aztertutako hizkuntza ibilbideetan zein ondorio atera dituzu?

Lehenengoa, bakoitzak bere hizkuntza ibilbidea duela eta bakoitzarena dela propioa. Bigarrena, denoi eragiten digutela modu batera edo bestera estrukturalak diren egoerek. Eta hirugarrena, bizitzako aldaketa momentuak direla hizkuntza aldaketa ohitura momentuak izan daitezkeenak.

Zein eragin izan dute bertso eskolek gazte hauen hizkuntza ibilbidean?

Bertso-eskolak ez dira izan eragin zuzena eduki duten zerbait baina makulu edo plataforma bezala funtzionatu dute. Ume izatetik nerabe izatera pasatzen direnean, hau da, bigarren hezkuntzara pasatzean bat-batean frantsesa gazte hizkera emulatzeko tresna bihurtzen da. Orduan gazte identitatea sortu nahi duenak, erabili dezake janzkera, musika gustuak, lagun aukeraketa€ eta hizkuntza ere tresna horietako bat da. Hortaz, frantsesera jotzea izan daiteke gazte identitatea garatzeko eta adierazteko tresnetako bat. Bertso-eskolak zentzu horretan ez du eragin zuzenik. Hala ere, bertso-eskolako jarduera komunitatean dagoen taldetxo horretan normalean euskaraz hitz egiten jarraitzen dute edo saiatzen dira edo gaizki sentitzen dira euskaraz ez hitz egiteagatik.

Noiz ohartzen dira horretaz?

Lizeora pasatzerakoan dago aldaketa sakonena. Sentitzen baitute beraien gazte identitatea bertso-eskolaren bidez ere garatzen dutela. Hain zuzen, lotsa galtzearekin, hitza hartzearekin, gogoetatzearekin, gizarteko elementuak kuestionatzearekin lotuta dago. Hori dena, bertso-eskolan euskaraz egiten dute. Orduan, gazte identitatea euskaraz ere garatzen ari direla sentitzen dute bertso-eskolako gazteek eta euskaraz hitz eginda ere gazte identitatea ari direla adierazten. Zentzu horretan da makulu bertso-eskola. Bestelako ekintzetan aritu izan balira, ez litzake berdina izango haien hizkuntza ibilbidea.

Gazte identitatea eta euskara lotuta doaz?

Gazteentzat gazte identitatea oso garrantzi-tsua da. Gaur egun, ume izatetik ez delako heldu izatera pasatzen. Badago tarteko zerbait gazte identitatea esaten zaiona, gazte kulturekin oso lotuta dagoena eta normalean sozialki gutxietsia dena. Urteak irauten dituen fase bat da eta hor linguistikoki gertatzen dena ere determinantea da. Gazteentzat beraien identitatea azaleraztea ezinbestekoa da eta hizkuntza bat ala beste izan, traba bat edo tresna bat izango da gazte identitate hori gara-tzeko.

Ibilbideen barnean mudantzak ere aztertu dituzu. Zer dira mudantzak?

Hizkuntza aldaketa egonkorrei deitzen zaie mudantza. Hizkuntza ohituretan, bakoitzaren hizkuntza errepertorioan eta erabilera ohituretan aldaketa bat ematea. Adibidez, ikertu ditudan kasuen artean, bigarren hezkuntzara igarotzean frantsesera pasatzea, edo Lizeora pasatakoan berriz euskarara buelta egitea. Horiek dira joera nagusiak.

Bertso eskoletan aritua, gertuko gaia izan da zuretzat. Horrek eraginik izan du ikerketan?

Asko. Zintzoa izateko eta ikerketa ere zorro-tzagoa izan zedin, garai hartako nire esperien-tziaren ikerketa bat egin nuen nire buruan. Bestetik, bertso eskoletan ikasle nintzen garaian, nire kide ziren bi kideri elkarrizketatu nituen. Hain zuzen ere, kontrastatzeko gure garaian zer zen estrukturalki ezberdina eta zer konparagarria.

Alderik nabaritu duzu bi belaunaldien artean?

Esango nuke, garrantzitsuena, bertso-eskolak asko garatu direla eta talde izaera daukatela. Izan ere, gure garaian lauzpabost ginen, ez geneukan taldetasun egonkorrik, edo ez zegoen horretarako aukerarik. Dena zen oso zirkunstantziala. Bestetik, gazte erreferenterik ere ez geneukan Ipar Euskal Herrian. Gu izan ginen aurrenekoak.

Tesiaren hasieran galdera bat zenuen buruan, gazteek zergatik egiten duten euskaraz. Aurkitu duzu erantzunik?

Tesia aurkeztuta, ez daukat erantzunik. Baina gako batzuk ikusi ditut eta horietako bat da, euskaraz egitea gazte identitatearekin lotuta egon behar dela bai edo bai. Aitzitik, bertso eskoletako gazteek euskara beraien erabakimenarekin lotuta dagoen esparru batekin lo-tzen dute. Era berean, gurasoekin eta eskolarekin hausturan dagoen espazio batekin lo-tzen dutelako da erakargarria euskara. Transmisiorako eta jarraipenerako, haustura bera da gakoa. Ez da bertso munduan gertatzen soilik. Gazte izatearekin eta agentzia horrekin izan behar luke lotura.