ultur ekitaldi guztiak bezala, bertso saioak ere bertan behera geratu dira koronabirusari aurre egiteko ezarritako berrogeialdiaren ondorioz. Lasai ordea, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak etxetik mugitu gabe bertsolaritzaz gozatzeko hainbat baliabide jarri baititu guztion eskura. Eta auskalo, agian tresna hauen bitartez, lotan duen bertsotarako trebetasuna ere esnatuko zaio baten bati.

Jarraian, bertsoekin gozatzeko hainbat webgune aztertuko ditugu; beraz, piztu ordenagailua eta prestatu bertsolaritzaren inguruko bidaia erakargarri bat egiteko. Lehenik eta behin, Bertsoikasgela.eus orrialdea arakatuko dugu: Bertsozale Elkarteko irakasleek bertsolaritza lantzeko ikasgelan erabiltzen duten ataria da. Bertan etxeko gazteenekin aritzeko hainbat eduki daude: jolasak, 156 bertso-sorta, 149 bat-bateko saio, eta albisteak ere aurki daitezke. Arratsalde aspergarriei aurre egin eta abesteaz gain, buruari eragiteko ere orrialde aparta da.

Bertsoikasgelak eskaintzen dituen edukiekin gozatu ostean, Bertsoeskola.eus atarira jauzi egingo dugu. Bertan, helduek zein gazteek, trebatuek zein hasiberriek, bertsotan egiteko eta horiek entzuteko aukera izango dute. Bertso-eskola bakoitzaren asteroko talde dinamikan baliatzen dituzten gaiak ditugu bertan: gaitegia, errimategia, doinutegia, hasiberrientzat teknika lantzeko fitxak, bertso jarriak... eta baita bertso-eskolentzat interesgarriak diren garaian garaiko berriak ere.

Gainera, bertso saio bat antola-tzeko argibideak ere ematen ditu: besteak beste, zein espazio diren horretarako egokiak, zenbat denbora iraun behar duen, bertsolariak hautatzeko irizpideak, edota aurkezlea nola aukeratu ere azaltzen du. Eta horra hor berrogeialdian ez aspertzeko beste ideia bat: etxeko guztiak bildu eta bizilagunak txunditzeko moduko bertso saio bat antolatu dezakezue (nahi izanez gero, balkoian ere egin daiteke guztiek hobeto entzuteko).

Baliteke hori guztia egin ondoren, jolastu, sortu edo abesteko gogo handirik ez izatea. Ba, Bertsozale Elkarteak sofan eroso eseri eta patxadaz gozatzeko beste hainbat ikus-entzunezko ere baditu sarean. Horretarako baliabide ezagunena, agian, Bertsoa.eus ataria da. 2006an sortu zuen Bertso Plaza Digitala Elkarteak, eta gaur egun Librean Kooperatiba Elkarte Txikiak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak lankidetzan garatzen dute. Bertsolaritzaren inguruko hedabidea da, eta askotariko edukiak eskaintzen dituzte, formatu eta euskarri desberdinetan, ikus-entzunezkoei lehentasuna emanaz. Bertsolaritza egunean-egunean jarraitzeko hainbat saio daude bertan ikusgai: jaialdiak, bertso afariak, emanaldi bereziak... eta baita konfinamendu garai honetan bertsolariek etxetik egindako online bertso saioak ere.

Eta ikus-entzunezkoekin gabiltzanez, ezin ahaztu Hitzetik Hortzera programa ere. E

Gainera, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia barru-barrutik ezagutzeko aukera ere badago, Bertsoaren aldagelan dokumentalean Lander Garroren eskutik -hori ere E

Bertsolaritza Euskal Herrian sortutako zerbait da, noski, baina munduan zehar badira antzerako kantu inprobisatuak. Horietako asko ezagutzeko aukera ematen du Mintzola Ahozko Lantegiak sortutako Mundu bat ahoz aho dokumentalak. Ordubete inguru irauten du eta Mintzola.eus webgunean dago ikusgai nahi duenarentzat.

Orain arte ikusitako guztiarekin, bertsolaritzan nahikoa jantzita egongo gara, baina baliteke norbaitek atzerrian bertsolaritza zer den ez dakien lagunen bat izatea. Lagun hori ere ditxosozko konfinamendu honekin asper-asper eginda badago, gomendatu iezaiozu What is bertsolaritza? ikus-en-tzunezkoa. 20 minutuko azalpena duen ingelesezko bideoa da, azpititulu eta guzti. Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak garatu zuten, Laboral Kutxaren babesarekin.

Eta 20 minutuko azalpena laburregia iruditzen bazaio edota, besterik gabe, atzerriko lagun horrek gehiago jakin nahi badu, ikus dezala Bertsolari ikus-entzunezkoa. Txintxua Films ekoizpen etxeak euskaraz gauzatutako lana da, eta honek ere baditu ingelesezko azpitituluak.

Ikus-entzunezkoekin amaitzeko, Beste larogei urtian dokumentala ere oso gomendagarria da. Bertsozale Elkartearen 25.urteurrenean egindakoa da, elkartearen ibilbidea gogora ekarriz. Euskaraz ez ezik, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko azpitituludun bertsioak ere badaude eskuragai sarean.

Aurrez gomendatutako guztiarekin nahikoa ez eta oraindik arratsaldeaz gozatzen jarraitu nahi duenarentzat, eskuragarri dago Xenpelar Dokumentazio Zentroak jasotako Bertsolaritzaren Datu Basea, ondarearen zati handi bat biltzen duena.

Eta sarean barrena egindako bidaia honekin amaitzeko, bertsolaritza jarraitzen duten hedabideak ere kontsulta daitezke sofatik altxatu gabe: besteak beste, Bertsolari aldizkaria, Euskadi Irratiko Hitza Jolas saioa, Euskal Irratietako Punttuka, Hala Bediko Bertxoko, Bilbo Hiriako Irratiko Potto, Xorroxin Irratiko Bertsoinka, Tolosaldeko Atariko (H)ari naizela eta Arraio Irratiko Bapateko Unibertsoa.

Bertsozale Elkartearen Bertsoeskola.eus atariak bertso saio bat modu egokian antolatzeko argibideak ematen ditu

Bertsoa.eus webgunean orain arte ospatutako jaialdiak, bertso afariak, emanaldi bereziak eta beste hainbat eduki aurki daitezke