Hamalau kanta eta istorio bat. Hori da Liher musika taldeak azken diskoan batu duena. Genero indarkeria ardatz hartuta sortu du laukoteak Hemen herensugeak daude lana, disko kontzeptual gisa. Otsailaren amaieran argitaratu zuen taldeak bere hirugarren diskoa. Aurkezpen biran murgilduta egon beharko lukete, baina koronabirusak eragin duen alarma egoera dela eta, ezin izango dituzte iragarrita zituzten kontzertu asko eskaini.

Lide Hernando taldeko abeslariak azpimarratu duenez, fikziozko istorio bat sortu dute disko honetarako, “pauso bat” emateko gogoa baitzuten: “Ez genuen nahi soilik abesti batzuk biltzea, zerbait kontatu nahi genuen, zerbaiten inguruan hitz egin”. Hori dela eta, bortxatua izan den emakume baten istorioa bildu dute diskoan, atalez atal kontatuta, kronologikoki. “Edozein emakume izan daiteke, ez genuen nahi izenik jartzerik, emakume izate hutsagatik gertatzen baitzaio gertatzen zaiona”, zehaztu du Hernandok. Aitortu du gai “gogorra” dela, baina “beharrezkoa” iruditzen zaiola horren inguruan hitz egitea. Taldeko abeslariak kontatu duenez, “erronka polita” izan da proiektua gisa honetan planteatzea.

Musikalki, “nahiko uniformea” da lana, Hernandoren iritziz. Lehenengo aldia da kolaboraziorik gabeko disko bat egiten dutena, eta Hernandok adierazi du hori ere badela uniformetasuna eman dien faktoreetako bat. Lan honetan Lide Hernando abeslaria, Iñigo Etxarri gitarrista, Joshka Natke baxu-jolea eta Ander Berzosa bateria -lau taldekideak, hain zuen- arduratu dira diskoko abesti guztiak sortzeaz. “Hainbat estilo daude diskoan, baina esan daiteke gehien biziarazten gaituzten generoak landu ditugula”, zehaztu du. Horien artean daude, rock, blues, soul eta stoner musika, besteak beste.

DIZIPLINA UGARI

Bideoei eta ilustrazioei garrantzia nabarmena eman dio Liherrek lan honetan. “Behin diskoaren istorioa eta abesti gehienak eginda genituela, ikusi genuen lanak bazuela potentziala ilustrazioekin lagunduta joateko”. Instagram bidez ezagutu zuten Matu Santamaria ilustratzaile argentinarra, eta proiektuan parte hartzea proposatu zioten. “Ilustrazioak ikustean pentsatu genuen politegiak zirela disko arrunt batean gelditzeko, eta disko liburua egitea erabaki genuen”, azaldu du Hernandok. Nytia Lopez zinemagile bilbotarra, aldiz, Teloia abestiaren bideoklipa egiteaz arduratu da. Horrez gain, diskoaren sarrera den Hitzaurrea ikus-entzunezko pieza laburra ere egin du Lopezek. “Ilustrazioekin eta bideoekin jendeak istorioaren parte handi bat jaso ahalko du”, adierazi du.

Katalunian grabatu zuten Hemen herensugeak daude lana, Santi Garciarekin. “Taldeko gitarristak begia jota zion Santiri, eta bagenekienez itxaron zerrenda luzea zuela, aurreko diskoaren bira martxan jarri genuenean eskatu genion lan berria grabatzeko txanda, nahiz eta abesti gutxi batzuk bakarrik geneuzkan sortuta”. Hernandok aitortu du “erlojupeko lana” izan zela grabaketa, hiru astez etxetik kanpo zeudela egin behar izan baitzuten. “Esperientzia berria izan da, eta asko lagundu digu Santik berak ere”.

Liher taldeko lau kideek bestelako lanbideak dituzte; musika “bigarren ogibide” dutela azaldu du Hernandok. “Ez da erraza, bakoitzak bere ordutegiak dituelako, entseatzeko tarte gutxi daukagulako, kontzertu asko ematen ditugulako, eta horrek denborarekin desgastea dakar”. Hala ere, gogotsu dabiltzala adierazi du, eta “elkarren artean zaintzen” ahalegintzen direla. “Irabazten dugun dirua proiekturako da, eta aurreko birarekin lortutako aurrezkiak, esaterako, disko honetan inbertitu ditugu”, zehaztu du.