Argazki-liburuen fenomenoa lehertu egin da azken boladan, auto-edizioak ugaritu egin dira eta nazio zein nazioarte mailan argitaletxe berriak sortu. Gabriela Cendoya Bergareche bildumagileak San Telmo Museoan utzitako funtsak (GCBC) argi erakusten du hori, azken hamar urteetako ekoizpena oso modu borobilean islatzen baitu.
Donostiarrak eta Museoak 2017. urtean hitzarmena sinatu zuten, eta hala, bere argazki-liburuen bilduma bertako liburutegian utzi zuen hiritar guztien eskura. Garai hartan, bildumak 2.100 ale inguru zituen eta gaur egun, dagoeneko, 2.500 ale baino gehiago ditu.
San Telmo Museoak argazki-liburuen inguruko urte osorako programazioa aurkeztu zuen atzo; liburutegian bertan garatuko da, hilean behin, goizez. Besteak beste, Miho Kajioka argazkilari japoniarrak, Amak Maahmoodian irandarrak, Naroa Perezek, Londresen bizi den artista donostiarrak, edo Oriol Miñarro artistak euren argazki-liburuak eta argazkiak ateratzeko modua ezagutaraziko dituzte.
"Orokorrean, tailerrak eta solasaldiak izango dira. Gainera, programazio honi esker liburutegia hilean behin larunbatez zabalduko dugu, jendeak egin izan digun eskaerari erantzunez", azaldu zuen Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariak aurkezpenean.
Bildumak, berez, 600 bisitari inguru erakartzen ditu urtero. "Nik hemen liburu batzuk utzi ditut, baina trukean jasotzen dudana ikaragarria da niretzat, jendeak argazki-liburuei buruz ikasteko aukera baitu orain", adierazi zuen Cendoyak. Programazioari dagokionez, "eklektikoa" eta "internazionala" dela aipatu zuen artistak.
egitaraua Lehenengo solasaldia otsailaren 29an izan zen, Juan Miguel Ramirez-Suassiren eskutik. Hurrengoa, larunbat honetan, martxoaren 14an, izango da eta Naroa Perezek eskainiko du. "Oso lan interesgarria du, argazkien ukimen-alderdia garatzeko esperimentuak egiten baititu laborategian", azaldu zuen Cendoyak.
Solasaldiez gain, argazki-liburuaren inguruko bi tailer ere antolatu dituzte. Lehenengoa, (De)construcción del fotolibro, maiatzaren 30ean eta 31ean izango da; hiru argazkilarik eta editore eta galeria-jabe batek eskainiko dute -Juanan Requena, Enric Montes, Israel Ariño eta Caroline Benichou-. Tailer horretarako izen-ematea maiatzaren 1etik aurrera egin behar da museoan bertan.
Bigarren tailerra familiei zuzendutakoa izango da eta Nagore Legarreta argazkilariak eskainiko du irailaren 12an. "Argazkilaria izateaz gain irakaslea ere bada, eta jende askok jarraitzen du. Argazki-bildumaren helburuetako bat gazteak eta haurrak erakartzea da, eta tailer honek horretarako aukera ematen du", argitu zuen Cendoyak.
Programazio honetan nabarmentzekoa da abuztuaren bigarren hamabostaldian -data oraindik zehaztu gabe badago ere -antolatuko den book-jockey-a. "Oso formatu berezia da; liburuetako argazkiak kamerarekin filmatu eta musikaren laguntzaz argazkiak pasatzen joaten dira", adierazi zuen Cendoyak.
Horretarako, argazki-liburu japoniarretan aditua den Juan Cires etorriko da San Telmo Museora. "Bilduman argazki-liburu japoniar ugari daude eta book-jockey-rako horietako batzuk erabiltzea nahiko nuke", esan zuen bildumagileak.
Egitarau honetako azken solasaldia abenduaren 12an izango da, Jon Cazenaberen eskutik. Sarrera doakoa izango da solasaldietarako leku guztiak bete arte.
programazioa
Martxoak 14. Solasaldia: 'The trail of touch', Naroa Pérez.
Apirilak 25. Solasaldia: 'Zanjir', Amak Mahmoodian.
Maiatzak 2. Solasaldia: 'Welcome to the barrio', Oriol Miñarro.
Maiatzak 29. Solasaldia: 'Los caminos del fotolibro', Juanan Requena, Israel Ariño, Enric Montes eta Caroline Benichou.
Maiatzak 30 eta 31. Tailerra: '(De)construcción del fotolibro', Juanan Requena, Israel Ariño, Enric Montes eta Caroline Benichou.
Ekainak 12. Solasaldia: 'So it goes', Miho Kajioka.
Ekainak 20. Solasaldia: 'The saxons of Transylvania', Pascual Martínez eta Vincent Sáez.
Abuztua (zehaztu gabe). Book-jockey: 'Fotolibros japoneses', Juan Cires.
Irailak 12. Tailerra: 'Argazki txikiak', Nagore Legarreta.
Urriak 17. Solasaldia: 'Panorama', Ricardo Cases.
Azaroak 21. Solasaldia: 'A las 8 en el bar', Salvi Danés.
Abenduak 21. Solasaldia: 'Galerna', Jon Cazenave.
Besteak beste, Miho Kajioka argazkilari japoniarrak, Amak Maahmoodian irandarrak eta Naroa Pérez donostiarrak eskainiko dituzte solasaldiak
Gabriela Cendoyak 2017an akordio bat sinatu zuen San Telmo Museoarekin eta bere bilduma utzi zuen bertan, herritarren eskura