dONOSTIA - Olatu Talka egitasmoa herritarrek parte hartzeko proiektu bat izan da eta 2010etik egin da Donostian, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzarako hautagaitzat proposatu ostean. Donostia Kulturaren baitan ekimen berri asko sortu badira ere, Olatu Talka proiektua 2019an amaitu egin zen.

Oso arrakastatsua izan zen Olatu Talka. Edizio batzuetan 25 nazionalitatek hartu zuten parte, ekitaldi jendetsuak izan ziren eta gai asko jorratu ziren proiektu horretan. Iaz, 200 jarduera baino gehiagoko programa antolatu zuten eta 60.000 lagunek gozatu zuten haietaz.

Hemendik aurrera, Donostia Kulturak bertako zenbait jarduera bultzatzen jarraituko du. "Olatu Talka proiektuan ekintza interesgarriak egon ziren eta beste edizioetarako horietako batzuk erreskatatzea pentsatu dugu", nabarmendu zuen Jon Insausti Kultura zinegotziak. Horietako bat Street Art izenekoa izango da. Loiola kultur elkarteak estreinatu zuen 2019an eta zazpi arte-interbentzio egin ziren, Loiolaren irudia eraldatu zuten muraletan. Aurten, Altzan izango du jarraipena.

Bizirik jarraituko duen beste proiektu bat Basoka izango da. Miramongo basoan egiten zituzten kon-tzertuek osatzen dute eta, iaz, Jon Busselo, Iker Lauroba, Ane Leux eta Luke Armstrong artistek hartu zuten parte.

Olatu Talkatik mantenduko den beste ekintza bat Kontxa Gaumarket da, Kontxako hondartzaren hegalkinetan egiten dena. Bertan, artearekin erlazionatutako elementuak, arropa eta bitxiak egoten dira salgai, eta iaz, 41 saltokik hartu zuten parte.

Azkenik, Argi Artean jaialdiak ere Donostia Kulturaren programazioaren parte izaten jarraituko du. Loiolako Erriberetan egiten da, Oroimenaren lorategian, eta bertan argiak eta musikak paisaiarekin, arkitekturarekin eta herritarrekin bat egiten dute. Gainera, Iesu elizaren eraikinean ikus-en-tzunezko piezak proiektatzen dituzte. - S.I.