Euskal preso politikoen sorkuntza lanak argitaratzen ditu urtero Ataramiñe argitaletxeak. 2002an kaleratu zuten lehen uzta, eta, geroztik, urtero eta hutsik egin gabe atera dute argitara barrote artean onduriko literatura. 2019an hiru lan berri kaleratu dituzte: Hodei Ijurkoren Basatza poemarioa, Ibon Muñoaren Gure memoria, gure historia bertso liburua, eta Joseba Erostegik Lore Erostegi ilobarekin elkarlanean sortu duen Amonaren ipuin magikoak liburu irudiduna.

EGUNKARI OLERKITUA Hamar urte eman ditu preso Hodei Ijurkok (Iruñea, 1986). 2008an atxilotu eta espetxean sartu zuten, Segikoa izatea egotzita. Azken bi urteetan aritu da poemak idazten, eguneroegunero. Zehazki, 2016ko uztailaren 21ean hasi zen poemak idazten Ijurko, burutik pasatzen zitzaiona jasoz. Ordutik, egunero idatzi ditu bere gogoetak, askatasuna berreskuratu arte. 2018ko irailaren 21ean atera zen espetxetik, eta bezperan idatzi zuen kaleratu berri duen liburuko azken poema. Egunkari olerkitua egitea izan zen hasiera baten Ijurkoren asmoa, eta halaxe definitu daiteke Basatza. Bertan, zenbait tabu hausten saiatu da Ijurko, hainbat gai landuz: Sexua, asperdura, askatasuna... Askatasuna berreskuratuta, idazten jarraitzen du Ijurkok.

LIBURU IRUDIDUNA Joseba Erostegi Eltzikortak (Antzuola, 1956) 22 urte daramatza espetxean. 1997an atxilotu zuten. Alcala-Mecon izan ondoren, Herrera de la Mancha presondegira eraman zuten eta bertan dago gaur egun. Amonaren ipuin magikoak liburu irudiduna osatu du bere iloba Lore Erostegirekin batera. Bizitzaren geografia ardatz, osabaren testuek eta ilobaren irudiek osatzen dute lana, bidaia baten kontakizun moduan definitu daitekeena. Elkarlanean egin duten haurrentzako bigarren liburua da honakoa. Lehena, Txori mezulariak, joan zen urtean argitaratu zuen Ataramiñek.

Joseba Erostegiren liburuaren haritik, Ataramiñeko kideek adierazi dute, osaba eta ilobaren artean onduriko lan hau “kartzelako literatur lanean nagusi den elkarlanaren adibide” dela. Izan ere, argitaletxeko kideek diotenez, “kartzelan obra oro da lan kolektiboa. Ataramiñe ez da posible elkarlanik eta lan kolektiborik gabe. Egileen ziegetatik argitaletxearen eskuetara heltzeko beharrezkoa da laguntza”.

BERTSO IDATZIAK Guztira, hemeretzi urte daramatza preso Ibon Muñoak (Eibar, 1958). 2000ko urrian atxilotu zuten. Harrez gero preso daukate: Valdermoro, Kordoba, Burgos, Langraitz, Puerto I eta, 2014ko martxotik hona, Kordoban. Ataramiñerekin kaleratzen duen seigarren liburua du Gure memoria, gure historia. Aurretik argitaratuak ditu: Ametsen txokoan bizi naiz (2011), Ainarak herrira itzuliko dira (2014), Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin (2016), Udaberrian biziko gara (2017) eta Hamaika desio utopiarako (2018). Haien ildoari eta ordena kronologikoari jarraitzen diete bere azken laneko bertsoek ere. Hartara, lehen bertsoak 722. zenbakia darama; azkenak, 862.a. Guztira, 141 bertso berri, 2018ko apirilaren 1etik 2019ko ekainaren 23ra artean Kordobako espetxean idatziak.

ARGITALETXE ATIPIKOA Lagun talde baten ekimenez sortu zen Ataramiñe, 2001ean. Geroztik, bide luzea egina du argitaletxeak euskal presoen literatur sorkuntzaren zabalkundean. Izan ere, urtero eman dituzte argitara kartzeletan sorturiko lan desberdinak: poemak, narrazioak, saiakerak, komikiak eta baita marrazkiak ere. Baina bere kideek argi daukate: “Ataramiñe ez da ohiko argitaletxe bat. Argitaletxe atipikoa gara”, aitortu zuen aurtengo lanen aurkezpenean Oier Gonzalez Ataramiñeko kideak. “Desagertzeko bokazioz sortu ginen, eta euskal preso politikorik espetxean geratzen ez denean amaituko da gure ibilbidea”.

Gainera, arduradunek aitortu dute, bidegurutzean dagoela proiektua eta hausnarketa sasoia abiatu dutela. Beraien esanetan, urteekin aldatuz joan da presoen kolektiboa, eta egungo egoerara ahalik eta ongien egokitu nahi dute argitaletxea. Iazko urtera arte, adibidez, hainbat presoren lan indibidualekin batera, urtero argitaratu dute hainbat presoren lanak biltzen zituen lan kolektiboa, baina aurten ere ez dute bilduma kaleratzerik lortu.