donostia - Garaipena oraindik “digeritu gabe” zuela esan zuen Beñat Gaztelumendik atzo goizean. Saioaren lehen zatian bere burua ezin kokatu ibili zen arren, buruz burukorako burua asentatu eta lana ongi egiten asmatu zuela azaldu zuen. Finalaren amaieran, bere aitak jantzi zion txapela.

Finalaren prentsaurrekoan aurten “beste zerbait” egitea tokatzen zela esan bazenuen ere, berriro txapela eraman duzu etxera. Zer moduzko biharamuna izan da?

-Nahiko digeritu gabe daukat larunbatekoa oraindik. Duela lau urte adibidez, hurrengo egunean elkarrizketak eduki nituen eta aukera izan nuen ospakizunetik bueltan finala berriz ikusteko. Honetan justu ez dut aukerarik izan eta elkarrizketak ematen ari naiz, baina ez dakit oso ondo zer gertatu zen finalean. Nik nire ikuspegi propioa daukat. Zor-tzigarrena egokitu zitzaidan zozketan eta izkina batean egon nintzen; Ane Labaka neukan alde batean eta bestean, aldiz, hutsune bat. Entzun ere, oihartzun dezente entzuten nuen eta sentsazioa daukat finala lanbro batean bezala pasa nuela eta finalaren nozio oso hori falta zaidala. Baina bueno, txapelarena polita izan da, atzoko bertsoaldi batzuekin ere oso gustura geratu nintzen eta, alde hortatik, aje polita daukat.

Nola sentitu zinen Illunben?

-Nik uste dut bi zati eduki nituela. Hasieran, zortzigarren egokitu zi-tzaidan zozketan; izkina batean egon nintzen eta finaletik kanpo bezala egon ote nintzen kezka izan nuen. Gero, ez nuen uste, baina, espero baino dezente gaindituago egon nintzen egoerarekin. Laugarren finala nuen eta nire bertso ibilbideko momentu mugarrietako ba-tzuk Illunben bizi izan ditut. Bat-batean, 2007an lehenengo aldiz finalera pasa nintzenean nintzen 20 urteko gaztetxo hura etorri zitzaidan eta gogoratzen aritu nintzen garai hartan zer sentitu nuen. Gogoratzen dut, baita ere, 2011n pasa nuen hotza eta kokatu ezin hori. Duela lau urteko momentuak ere etorri zitzaizkidan eta gero, gainera, aitarena zetorren... finalaren hasierako zati hori saiotik kanpo bezala pasa nuen, beste gauza batzuetan. Hala ere, puntu erantzunetatik aurrera eta, bereziki, Oihana Iguaranekin hamarreko txikian kantatu nuenetik aurrera finalean sartu nin-tzen eta dezente gozatu nuen; bai hamarreko txikian eta baita bakarka ere. Eta ondoren, buruz burukoan ere bai.

Zuk egindako zein ariketa gustatu zitzaizun gehien?

-Uste dut ariketa onena lehendabiziko bakarkakoa egin nuela. Baina bat aukeratzekotan, Oihana Iguaranekin egin nuen hamarreko txikia aukeratuko nuke. Ez bakarrik zer kantatu genuen, uste dut ariketa lehenago hasi zela. Ane Labaka eta Beñat Lizaso kantatzen ari ziren bitartean, nik Ane neukan eskubian eta bera altxa zenean barrurago sartzeko aprobetxatu eta Oihanaren ondoan eseri nintzen, taldearen goxo hori sentitzeko. Oihanak hor esan zidan: “Beñat, ondo ari zara, eutsi eta gozatu”. Gero, hamarreko txikikoak nahiko gogorrak zihoazen, suizidioak, bortxaketak eta horrelako gaiak zirelako eta Oihanak berak esan zidan umoretik ez bada ere, behintzat zirrikitu bat aurkitzen baldin bagenuen positibotik kantatzeko, horri heldu behar geniola. Pailazoen gaia jarri zigutenean, gaia esaten ari zirenean begiratu egin zidan eta lehenengo bertsoa bota zuenean ere bai. Oso ona izan zan bere lehenengo bertsoa eta horri jarraitzeko eskatu zidan. Bertsoekin baino gehiago, momentu horiekin gelditzen naiz.

Zure aldeko pankartaren bat edo beste zintzilikatu zuten zaleek bertan. Garrantzitsua al da zuretzat gertukoen babesa?

-Bai, nik uste dut bi zentzutan. Bat da babes eta maitasun hori, ederra dena berez. Eta gero, bertsotan ari-tzea nahiko taldeko gauza da eta txapelketa honetan bai aurkitu ditudala espazio dezente beste bertsokideekin partekatzeko. Azkenean, lanketa norberak bere buruarekin egiten du, baina lanketa hori parteka-tzeko eta norberak bere beldurrak azaltzeko espazio horiek uste dut askotan ez direla baloratzen baloratu beharko genituzkeen bezala. Txapelketa honetan bai aurkitu ditudala espazio horiek eta horrekin pozik nago.

Lehen zatian pentsatu al zenuen uneren batean buruz burukora sailkatuko zinela?

-Gehiago prestatu nintzen buruz burukotik kanpo gelditzeko. Egia esan, nik buruz burukoan Agin eta Alaia ikusten nituen, batez ere, ez nintzelako finala osorik entzuten ari. Izkin batean nengoen eta ez nuen nire burua kokatzen. Ez nekien ondo edo gaizki ari nintzen. Ikusten nuen ariketa batzuk ondo egin nituela, beste batzuk, aldiz, ez. Sentsazio arraroak izan nituen eta nire burua buruz burukora ez iristeko prestatu nuen. Gero, zortzikotearen lana bukatu zenean atsedenaldi bat egin genuen eta jaitsi ginen momentuan, bertsokideek buruz burukoan ikusten nindutela esan zidaten eta orduan pentsatu nuen: “Bueno, agian hor egongo gara”.

Azkenean, Agin Labururi gain hartu zenion. Zer moduzko bertsokidea da?

-Aginek prentsaurrekoan esan zuen finalaren ondoren nahi zuela jendeak esan zezala: “Aginek bertsotan horrela egiten du”. Helburu gisa hori jarri zuen eta uste dut finalaren ondoren mundu guztiak dakiela Aginek bertsotan nola egiten duen. Hizketa oso berezia erabiltzen du bat-batean; gaiei arriskuak hartuz eta oso ertz interesanteetatik heltzen die beti; binaka aritzeko ere oso kantukide erraza da beti bideak ireki-tzen dituelako eta, alde horretatik, pertsonalki ere poztu nintzen bertso eskolan ere nahiko gaztetatik elkarrekin ibili izan garelako urte askotan. Uste dut Aginek merezi zuela Gipuzkoako buruz burukoa; ez bakarrik atzo egin zuenagatik, eduki duen ibilbidearengatik ere uste dut Aginen kasuan nabarmena zela buruz buruko hori merezi zuela. Asko poztu nintzen bera pasa zenean, eta orain badaukat kezka bat: ez nuke nahi nire txapelak Aginen buruz burukoa itzalean uzterik.

Azken kartzelako lana abestu baino lehen ‘kartzelara’ bidali zintuzten. Zer pentsatzen aritu zinen han?

-Ezer konkreturik ez. Buruz burukoan seiko motzean ez nintzen guztiz gustura geratu; puntuka bai. Kartzelakoan banekien azkeneko batbateko bertsoak horiek izango zirela saioan eta finala ondo itxi nahi nuen. Hori zen nire kezka bakarra eta kar-tzelan doinuari bueltaka aritu nintzen, gorputzaldi egoki batera etorri nahian.

‘Esan eta esan aritu arren, ez en-tzunarena egiten dizute’ izan zen kartzelako gaia eta zuk betiko kanonak errespetatu nahi ez dituen pertsona baten azalean jardun zenuen. Nola otu zitzaizun?

-Gaiak botere harreman batean beheko posizioan dagoen norbait izatea iradokitzen zuen. Konturatzen nintzen egoera guztiek behartzen nindutela nire gorputzetik ateratzera eta beste pertsona baten larruan sartzera eta justu finaleko azkenengo ariketan ez nuen hori egin nahi. 32 urterekin kuadrillan gauza batzuk hasten dira eta gure borrokak eta izaten ditugu; momentuan horrela atera zitzaidan eta gustura nago heldu nion lekutik heldu niolako. Uste dut originala izan zela eta aldarrikapenarekin ere pozik geratu nintzen.

Kartzelako gaiek normalean gizarteari kritika egiteko balio dute?

-Gaiek baino gehiago normalean norbere heldulekuek balio dute eta hor bakoitzak aukeratzen du zer eta nondik egin nahi duen. Uste dut joera bat egon dela bertsolaritzan askotan fikziotik jotzeko: askotan hartu dugu etorkinen rola edo tratu txarrak jasan dituen emakume batena eta uste dut bertsolaritza horretan eboluzionatzen ari dela eta gero eta gehiago kantatzen duela norberak bere egoeratik eta gorputzetik. Alde horretatik, interesgarria da bakoi-tzak bere lekua nola eramaten duen hitzetara kartzelako gaietan. Gizarteari kritika uste dut ariketa guztietan egiten zaiola, bertsolaritzak berezkoa duen ezaugarri bat baita.

Sailkapenean ezustekoren bat egon al da zuretzat?

-Ezustekoa baino gehiago, azkenean txapelketa beti da bidegabea eta postu batzuetan kokatzen ditu, ziur aski, postu batean sailkatu ezin diren pertsonak eta bertsokera pila bat. Alde horretatik, bai dela bidegabea txapelketa. Lehen esan dut Aginen kasuan ez nukeela nahi nire txapelak bere atzoko finalari itzala egiterik. Ez nuke nahiko Alaia buruz burukotik kanpo gelditu zelako atzoko bere finala ez baloratzerik ere, zeren, uste dut oso saio ona egin zuela eta buruz burukotik puntu batera edo geratu zela. Hortik aurrera, Nerea Elustondok sekulako finala egin zuen, Beñat Lizasok hasieratik oso maila ona eman zuen, Ane Labakak asmatu zuen bere lekutik kantatzen, Oihana Iguaranek asko transmititu zuen eta Jon Maiak ere ez dakit zenbateraino gozatu zuen, baina, uste dut berea eman zuela finalean. Pentsa-tzen dut finala ona izan zela eta postuak beti dira bidegabeak, baina zortzi bertsolari gara eta bakoi-tzak leku bat izaten du. Hala ere, postutatik haratago, merezi du finala berriz entzun eta bakoitzaren bertsokera gehiago arakatzeak.

Azkenean aitak jantzi zizun txapela. Zein emozio piztu zituen zugan une horrek?

-Egia esan, hilabete edo hilabete eta erdi da aita txapel emaile izango zela esan zigutela eta nahiko lanketa pertsonal dezentekoa egin dut horrekin. Besteak beste, aukera ikusten nuelako ni finalean egoteko; aukera gutxiago, aldiz, txapelduna ni izateko. Bereziki finalean egonda ikusten nuen nahi nuen azkeneko gauza aitak jasoko zuen aitortzari itzala egitea zela. Txapel emaile izatea da bertsolaritzan jaso daitekeen ohore eta aitortza handienetako bat eta familian hunkituta egon gara azkeneko hilabete honetan. Momentua ederra izan zen, gure estilo euskaldun eta zurrunean besarkatu genuen elkar, baina gustura.

Hala ere, agurreko bertsoa amari abestu zenion.

-Bai. Zalantza dezente izan nituen agur horrekin. Normalean txapela janzten den momentuan agurra beti izaten da kolektibo samarra eta beti bertso mugimendu osoari kantatzen zaio. Nik ikusten nuen aita sekulako aitortza publikoa jasotzen ari zela, ondo irabazita. Amak bertsolaritzan ez du posizio hori eduki izan, baina, aldi berean, aita posizio horretan egon zedin ama izan da etxeari eutsi diona. Aldi berean, niri bertsozaletasuna aitak transmititu zidan umetan, baina ama izan da bertso eskolara eraman ninduena, saioetara eramaten ninduena, saioetan gure nerbioak gestionatzen zituena eta bai ikusten nuela amildegi bat aita jasotzen ari zen aitor-tza publiko horren eta amak jasoko ez zuen horren artean. Nire bertso ibilbidean amaren pisua aitarenaren adinakoa izan da eta ikusten nuen oso desorekatua zegoela momentu horretan. Beraz, ama argazki horretara eramateko hautua egin nuen.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa amaitu da. Zer tokatzen da orain?

-Duela lau urte buruz burukoaren ondoren, Alaia eta biok saio pila bat eduki genituen elkarrekin eta maiatza aldera edo, Alaiak esan zidan orduan bueltatu zela bere gorputzera. Orain digestioa egitea tokatzen da. Nahiko luze joaten da digestio hori, niri dezente kosta-tzen zait, behintzat. Tartean, saio batzuk izango ditugu eta nik nahiko nukeena da nire betiko ibilian jarraitzea ikasten, lantzen, lanean eta uste dut txapelketa honetan asmatu dudala orain nagoen lekutik kantatzen. Nire lekua beti alda-tzen joango da, bizitzan beti joaten den bezala, eta nagoen leku desberdin horietara bertsolaritza ekar-tzea nahiko nuke: hori da nire helburua.