Bere nagusien logelara heldu zen, atea zabalik zegoen. Arnasari eutsi zion. Lepoa luzatu eta bi fardel antzeko ikusi zituen gurasoen ohean, nordikoaren pean erdi ezkutatuta, burua bakarrik ikusgai. Bikiak ziren, biak ere begiak itxita. Alboan, besaulki batean, Alice Espanet ama ikusi zuen, kamisoi hutsean eta titi bat agerian. Ezkerrekoa.

Pasarte deigarri honekin hasten da Katixa Agirreren (Gasteiz, 1981) Amek ez dute eleberria; infantizidioarekin, hain zuzen. Beste protagonista narratzailea, ama izan berri den idazlea, iraganean Alice Espanet ezagutu zuela konturatuko da eta kasuak eragingo dion jakin-mina dela-eta, horri buruz idaztea erabakiko du. Sormena eta amatasuna, ordea, ez zaizkio horren bateragarriak egingo. “Amatasunak astindua ematen dizu zure burua ikusteko duzun moduan”. Ideia hori abiapuntutzat hartuz hasi zuen liburua Katixa Agirrek, eta istorioa kontatzeko fikzioa erabiliz, irakurlearen gogoan geldituko diren amatasunaren inguruko hausnarketak paperera ekarri ditu.

Augustin Zubikarai beka jaso zenuen 2016an, ‘Amek ez dute idazten’ proiektuarekin. Orain eleberriaren izenburua aldatu duzu, ‘Amek ez dute’ deitu diozu. Orokorragoa da.

Aditza kendu diot eta utzi dut zabalago, nolabait. Amek ez dute idazten horrek asko markatzen zuen, oso zehatza zen eta nahiago izan dut bakoitzak pentsatu dezala zer den amek egiten ez duten hori. Horrela irakurlearen buruan piztu daitezke erantzunak edo titulu hori osatzeko modua.

“Amek ez dute idazten, idatzita daude” Susan Suleiman idazlearen aipu bat da, liburuaren barnean ere agertzen dena.

Bai. Nahiko egokia iruditzen zait amatasunaren inguruan zelan idatzi den adierazteko, alegia, ez dela idatzi barnetik, baizik eta beti kanpotik idatzitako istorioa izan dela, amek ez dutela ahotsik izan; historikoki horrela izan dela.

Amatasunaz eta sorkuntzaz idatzi duzu. Protagonista ama eta idazlea da; zu zeu ere halaxe zara. Esperientzia pertsonaletik abiatu zara istorio hau sortzen hasteko?

Bai, erabat. Istorioa nire esperientzia pertsonaletik abiatzen da, baina horrek ez du esan nahi istorioa nirea denik edo ni naizela denbora guztian, baizik eta abiapuntua dela. Idazteko grina edo ideia nik bizi izandako zerbaitetik hasten da baina fikzioaren bitartez beste eremu batzuetara jotzen dut. Beraz, ezin da kalifikatu istorio autobiografiko gisa, nire mugetatik kanpo ere mugi-tzen baita.

Istorioaren hasiera deigarriak harrapatuta uzten du irakurlea -ama batek bere seme-alabak hil ditu-. Hasierako pasarte hori oso bisuala da, gainera. Emmanuelle Carrere idazlearen nobela batetik hartu zenuen ideia, eta bera benetako gertakari batean oinarritu zen hori idazteko.

Nobela hori irakurrita bururatu zitzaidan hau egitea, gero istorioa beste bide batetik doa eta ez dauka zerikusirik. Baina guraso bat bere familia akabatzen, irudi horrekin hasi nahi izan nuen, krimenaren osteko eszena lazgarri horrekin. Jatorri hori aitortu nahian-edo, Carrereri egindako beste keinu batzuk ere badaude liburuan zehar: bera aipatzen da ezizenarekin, ama hiltzailearen pertsonaia frantsesa izatea, pasarte bat Frantzian kokatuta egotea?

Protagonistaren pentsamendu gordinak irakurriko ditugu, agian kanpotik ikusita amatasuna bizitzeko modu ez hain ohiko batean, edo idilikoan.

Badaude pentsamendu gordinak, pentsamendu krudelak ere, baina badaude bestelakoak ere. Nik ez dut uste liburu honetan dagoenik amatasunaren kontrako diskurtso bat, ezta gutxiago ere, baina bai amatasunak suposatzen dituen kontradikzioen eta anbibalentziaren erretratu bat. Jende askok esaten dit badaudela pasarte gordinak eta ama ia-ia txarra dela; baina beste hainbat pasartetan oso ondo eta samurtasun handiz idazten du bere semearen eta bere esperientziaren inguruan. Pertsona bat harrapatuta dagoena anbibalentzia horretan, bi poloen artean, egun batean dena ikusten duela arrosa kolorez eta hurrengoan idatzi nahi duela eta umeak traba egiten diola. Gatazka horretan bizi den pertsonaia da.

Uztartzeko zailak dira amatasuna eta idaztea?

Oso zailak, bai. Ume bat sortzeak eta zain-tzeak, lehengo urteetan batez ere, denbora guztia eskatzen dizu, ume jaioberri batek etengabe behar zaitu eta zure buruaz pixka bat ahaztu behar duzu beste horri emateko. Idazten duzunean, ordea, guztiz kontrakoa egin behar duzu: ingurukoak ahaztu behar dituzu eta zeure barne munduan murgildu behar zara. Behintzat, bolada batez, guztiz bateraezinak dira.

Amatasunak identitatea lausotzen du?

Hori da liburuaren abiapuntuetako bat edo neure hausnarketa martxan jarri zuena. Zer nolako astindua, aldaketa suposatzen duen ez zeure bizi estiloan bakarrik, hori ere bai, baina gehiago zuk zeure burua ikusteko daukazun moduan. Bat-batean ematen du iraganeko zure bizitzako beste fazeta guzti horiek ahaztuta geratzen direla eta bakarrik ama zarela. Ze zaila den hori onartzea, zeure identitate berri hori onartzea edo integratzea identitate berri bat.

Dokumentazio lan handia egin duzu, ‘Biblia’ ere irakurri omen duzu.

(Barreak). Esan behar dut ez dela izan bakarrik liburua idazteko, baizik eta gaian interes handia dudalako ere. Gai honi hurbilpena egin nahi nion, “zientifikoa” edo, zorroztasunarekin, eta ikusi zer nolako diskurtsoak eraiki diren literaturaren barnean amatasunaren inguruan. Batzuk libururako erabili ditut eta beste batzuk kontsumo propiorako izan dira.

Zer diskurtso topatu dituzu amatasunaren inguruan?

Susan Suleimanen zitak zioen bezala, ez dela amarik egon bere esperientziaz hizketan. Lehenengo idazleak sortzen direnean, horiek ez ziren ama izan; adibidez, XIX. mendean hasten direnean idazle emakume ba-tzuk famatu egiten, horiek ez ziren ama. Ama idazlearen figura sortu arte denbora asko pasatu behar izan da eta artean beste batzuek esan dute zer den ama izatea. Idealizatu egin dute amaren figura, ama sakrifikatuaren mitoa eraikiz. Hori izan da gure kulturan mendeetan egon den mitorik indartsuena, bere seme-alabengatik dena emateko prest egongo zen amarena, bere bizitza alde batera utzi eta besteari emango ziona.

Hori apurtu izan da gerora, agian beste muturrera ere joan da, eta gaur egun agian bada eremu guztiak kontziliatzeko momentua, edo esateko gauzak ez direla ez beltz ez zuri, hor erdian egia dagoela, hau da, benetako esperientzia eta sentipenak ez daudela muturretan, erdiko inguru gris horretan baino.

Kapitulu laburretan banatu duzu eleberria eta aipu batez hasten da kapitulu bakoitza.

Liburuan amatasunaren inguruko bestelako diskurtso edo historiaren antropologia txiki bat egin nahi izan dut, saiakera tankerakoa den liburuaren aldean. Aipuen erabilera horren isla da, ez hainbeste tramarekin lotuta, baina bai gaiarekin.

Saiakera baino nahiago duzu fikzioa idatzi?

Bai, nik beti daukat istorioak asmatzeko joera hori eta uste dut kontatu nahi nuena hobeto sartzen dela fikzioaren bitartez, mundu fikzional horretan sartuz. Nire joera naturala dela uste dut.

Tabuak diren gaiak ere ekarri dituzu: erditze osteko depresioa, haurdun gelditzeko prozesuak?

Horrek ere badu harremana tituluarekin. Amek ez dute... baina benetan badago zerbait amek ez dutena egiten ala ama da pertsona normal bat edozer gauza egin dezakeena? Alegia, ez dagoela taburik edo ez litzatekeela egon beharko, gauza horietako asko jende askok bizi dituelako. Bada garaia horiei buruz hitz egiteko eta jendeak ikusteko ez daudela bakarrik, amatasuna ez dela kontu intimo bat, politikoa eta soziala ere badela.

Orduan, zergatik dira tabuak gai horiek?

Ziurrenik, ez dutelako bat egiten ama batez espero denarekin. Haur-hiltzailearena argi dago, ama batek bizitza ematen du eta kontrakoa egitea pentsaezina da. Haurdun geratzeko zailtasunen inguruko tabuari dagokionez, arrazoi historikoak egon daitezke; emakume baten funtzio nagusia umeak izatea baldin bada eta ez badu hori lortzen, hori historikoki porrota izan da eta gaur egun ere horrela bizi du jende askok. Tabu bakoitzak badu bere arrazoia.

‘Alkimia’ jarri diozu izena azken kapituluari. Literatura alkimia dela diozu. Idazlea alkimista da, orduan?

Literaturaren inguruan ditudan ideia batzuk plazaratu ditut liburuan. Adibidez, niretzat literatura diziplina nahiko arrazionala dela, ia zientifikoa, asko pentsatu behar dena, “intelektualizatu”; baina aldi berean badu puntu irrazional bat, instintiboa, ez dakizuna zergatik baina hala ateratzen zaizuna. Konbinazio hori dauka. Alkimia da aurrezientifikoa, metodo zientifikoaren aurretik egiten zena, ez zekiten ondo zer egiten ari ziren, baina zerbait ateratzen zen. Hori da erabili dudan metafora.

Zer dago liburuaren azalaren atzean?

Azaleko irudia koadro bat da, Jenny Saville izeneko Britainia Handiko artista batena. Amatasunari dedikatu zion koadro serie bat eta guztiak dira nahiko deigarriak, zirraragarriak, amatasunetik espero dugunetik ateratzen direnak. Lagun batek erakutsi zidan koadro hori libururako azal bila nengoela esan nionean eta ikusi bezain laster jakin nuen hori zela azala, oso egoki ikusi nuen. Oraintxe bertan irakurle batek esan dit ez zaiola batere gustatu eta jota utzi nau, baina niri gustatzen zait.