donostia - Ikastolen Elkarteak gazteentzako Xabiroi komiki aldizkaria martxan jarri zuen 2005. urtean eta ordutik, Dani Fano komikigilea da bere koordinatzailea. Jada 40 zenbaki argitaratu dituzte, urtean lau ale, eta gainera, hainbat bilduma ere badituzte.

Nola sortu zen ‘Xabiroi’ aldizkariaren proiektua?

-Duela hamaika urte sortu zen eta Ikastolen Elkartearen eskaera bat izan zen. Nik orduan lan asko egiten nuen liburuak ilustratzen eta material didaktikoarekin, baina ezagu-tzen zuten nire komikiarekiko joera eta eurek proposatu zidaten gaztetxoentzat komiki aldizkari bat sor-tzea, DBHtik gorako ikasleentzat. Orduan ez zegoen euskarazko komikirik ia, eta gorputz bat eman nahi genion. Gainera, hemengo egileei euskarri bat eman nahi genien euren lana erakutsi ahal izateko; oso komikigile onak ditugu Euskal Herrian, baina kanpora begira ari ziren lanean. Xabiroi plataforma bat izan zitekeen euren lana erakusteko. Bestalde, iruditu zitzaigun komikiaren hizkuntza zuzena eta sintetikoa denez, tresna on bat zela kaleko euskara lantzeko, jasotzeko eta proposamenak egiteko. Hiru helburu xume eta handi hauekin hasi ginen eta ez dugu izaera asko aldatu.

Lehen ez zeuden ‘Xabiroi’ bezalako proiektuak. Nola garatu da testuingurua urte hauetan?

-Duela hamaika urte nahiko basamortua zen euskal komikigintza, gehienbat euskaraz sortzen zena, kasu konkretuak salbu. Gaur egun, ez dakit oraindik hitz egin daitekeen fenomeno bati buruz, ale bakar ba-tzuk agertzen baitira urtero, segidarik gabekoak. Hala ere, orain ematen du badaudela jarraitutasuna duten hainbat eragile: Astiberri hasi da gazteleraz plazaratuta dituen hainbat komiki euskaratzen; orain ezagutu dugu Harriet ediciones, euskarazko komikiak argitaratzen hasiko dena; eta Txalapartak badu intentzioa komikiak kaleratzeko. Gainera, iaz inoiz baino nobedade gehiago atera ziren euskaraz eta aurten ere bide bera jarraituko duela ematen du. Uste dut horretan gure harri-koskorra ekarri dugula; Xabiroiren ondorio politenetakoa da egile sare bat egonkortu dela aldizkariaren inguruan, eta sare horri adarrak ateratzen zaizkiola. Hori oso positiboa izan da, eta orain ez gara hain bakarrik sentitzen.

Ez da ohikoa hainbeste komikigile euskaldun proiektu berean aritzea...

-Hasieran euskal komikigileak hona erakarri genituen eta komikiaren munduan aritzen ez ziren beste istorio sortzaile batzuk ekarri genituen komikigintzara, adibidez, idazleak. Gure aldizkaritik pasa dira Eider Rodríguez, Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Irati Jimenez, Arantxa Iturbe, Toti Martínez de Lezea, Pako Aristi eta beste hainbeste. Ziur asko, euren lanak komikigintzan argitaratzeko asmorik ez zuten, baina guk bultzatu genituen horretara. Hainbat urteren buruan egile sare handi bat sortu da eta elkarren berri dugu.

Gazteak ez dira publiko erraza izaten. ¿Nola erabakitzen duzue zein gai landu?

-Gazteentzat lan bat egin behar duzunean, pentsatu behar duzu gazteentzat ez egitea. Ezin dituzu ume-tzat hartu, helduentzat egingo bazenu bezala landu behar dituzu gaiak. DBH hamabi urterekin hasten da, baina gure asmoa beti izan da adin horretakoak igo daitezen eta ez besteak jaitsi. Horregatik, egile bati gonbita egiten zaionean, esaten diogu berarentzat egingo lukeen zerbait egiteko. Gure arrakastak horretan da-tza; oso aldizkari zintzoa da eta egileek askatasuna dute lan egiteko orduan. Horrek lan anitza bihurtzen du.

Zeintzuk dira zailtasun nagusiak ‘Xabiroi’ egiteko orduan?

-Gure erronka beti izan da euskalduna izatea, baina ez genuen euskara estandar bat nahi; bakoitzak bere euskara jartzea gustatzen zaigu, hizkera bizia bultzatzeko. Gainera, komikia beti da zaila, inoiz ez da izan masen adierazpen kultural bat; beti esparru txiki batean mugitzen gara, baina badago zaletu talde bat eta gure biziraupena horren erakusle da. Urtero, aldizkariaz gain, bertan argitaratutakoaren bilduma bat plazaratzen dugu, eta oso ondo saltzen dela ikusten dugu.

Ikastolen Elkartetik sortutako proiektua izateak, zein abantaila eta desabantaila ditu?

-Ziur asko autozensura pixka bat egiten dugu egileok, gure publikoa oso konkretua da eta. Nahiago dugu hainbat kontutan ez sartu. Bestalde, sekulako sare handi batera iristeko aukera daukagu eta ziur asko, Xabiroi bezalako proiektu handi bat ezinezkoa izango zen kalera zuzenean aterako bazen. Gure harpidedunak gehienbat ikastolak dira, eta bakoi-tzak ale asko jasotzen ditu. Horregatik, Ikastolen Elkartetik kudeatzea oso erraza da eta 10.000 irakurle baino gehiago izatea ziurtatzen digu.

Orain, erakusketa bat antolatu duzue Komikigunean.

-Ez gara oso ospakizun zaleak. Lehengo urtean, galdetu ziguten ea nola ospatuko genituen hamar urteak eta ez genuen ezer berezia egitea pentsatzen. Orduan, Ondarruako Luterl taldeak proposatu zigun erakusketa bat egitea eta bertan antolatu zuten. Guk erabaki genuen zer sartu: alde batetik, gure azal guztien plantxak daude eta bestalde, egilearen originalak aldizkariko orrialdearen ondoan. Asko maite ditugu komikizaleok originalen erakusketak, egile horrek nola lan egiten duen ikusteko aukera ematen digu eta. Ziur asko honek du balio handiena zaletuentzat.

Komikia barrutik ezagutzeko aukera izango da?

-Bai. Azken batean, egile baten originala ikustean komikiaren hezurdura zein den ikusten duzu, behin-tzat alde grafikoa. Gainera, jarri ditugu bi bitrina eta bi egileren txokoa egin dugu: batean, Juan Luis Landarena eta bestean, Iñaki Holgadorena. Originalak ikusteaz gain, eurek erabiltzen duten materiala ikusteko aukera dago: pintzel motak, errotulagailuak eta beste hainbat gauza.

Bestalde, lehenengo aletik azkenekora daude.

-Orain arte argitaratutako azalak daude, ekaineko zenbakikoa izan ezik, eta datorren abenduan aterako dena ere badago.

Ikusleak garapena nabarituko du azaletan?

-Eduki aldetik ezin da jakin, baina azaletan garapen argi bat izan dugula ikusten da. Hasieran, zaintzen genuen azala, baina ez genion halako protagonismorik ematen, eta beti barruko zerbaiti loturik zegoen. Geroago, momentu batetik aurrera, erabaki genuen azal bakoitzari bere balioa ematea eta proposatzea azal egile eta ilustratzaile onei %100a ematea. Zoragarriak dira; apustu garrantzitsua izan zen, 20. zenbakitik aurrera egin genuena, gutxi gora behera. Horrela, azalari balio erantsi bat ematen zaio.