donostia - Helduentzako euskarazko antzerkia gero eta garrantzi handiagoa lortzen ari da Donostiako bizitza kulturalean. Izan ere, iaz 15 lan eskaini zituzten Gipuzkoako hiriburuan, guztira 40 emanaldi. “Euskarak, kulturan ere, lehentasuna eduki behar du”, adierazi zuen atzo Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura arduradunak. Horregatik, an-tzezlan on bat sortu duen euskal talde bat saritzen dute urtero. Aurten, XV. edizioan, Dejabu Panpin Laborategiak sortutako Arrastoak izan da saritua. Azken lau urteetan hiru aldiz gailendu da konpainia, Errautsak (2011) eta Gure bide galduak (2012) lanekin, hain zuzen ere.

Norka Chiapussok, Donostia Kulturako Dantza eta Antzerki arduradunak, epaimahaiaren izenean hitz egin zuen, eta epaiaren arrazoiak aditzera eman zituen. “Gogoeta sorrarazten duen lana da, publikoarengana zuzenean iristen dena”, laburbildu zuen. Gaiei dagokienez, kolektiboko kideek “ausardiaz eta sendotasunez” heldu diote gaurkotasuna galtzen ez duten zenbait auzi garrantzitsuri. “Kasu honetan, nor garen eta nondik gatozen galderei erantzuten saiatzen dira”, azaldu zuen Chiapussok. Estilo aldetik, sormenez beteriko lana dela azpimarratu zuen, eta hizkuntza metaforikoa erabiltzen dutela oso maila bizian. “Baliabide eszenikoen erabilera nabarmentzen da: argia, musika eta itzalekin, euren gorputz espresioarekin eta mugimenduekin egindako joko guztia. -jarraitu zuen-. Elementu gutxi erabili dituzte baina dramaturgia aberatsaren zerbi-tzura egon dira guztiak eta ezin hobeto egokitu dira irudi plastikoaren edertasunari eta eszenen arteko aldaketa bizkorrei”.

Bestalde, taldekideek egindako interpretazio lana eta zuzendaritza kolektiboa goraipatu zituen Chiapussok epaimahaiaren izenean. Ainara Gurrutxaga Dejabu taldeko kideak ideia hori nabarmentzea eskertu zuen. “Balio asko ematen diogu kolektiboki sortutako lana izateari, eta poztekoa da epaimahaiak hori baloratu izana”, azaldu zuen. “Arrastoak antzezlanak generazioen arteko transmisioa erakusten du, esaten ez diren gauza horiek zein ondorio daukaten”, gehitu zuen Gurrutxagak.

Urko Redondo bere taldekideak adierazi zuen urte eta erdian zehar egindako proiektua izan dela. “Gure lan egiteko modua nahiko kaotikoa da; lehenengo, Ainarak zirriborro bat egiten du eta inprobisatuz, lana sortzen joaten gara”, esan zuen. Azaroan estreinatu zuten Arrastoak, eta jada 23 bat emanaldi egin dituzte, hemendik aurrera ere batzuk programatuta badituzte.

sari banaketa Helduentzako euskarazko obrarik onena sortzeagatik, Dejabu Panpin Laborategiak 10.000 euro eta Iñigo Arregik egindako serigrafia jasoko dituzte martxoaren 23an, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna dela eta Victoria Eugenia antzokian egingo duten ekitaldian. Bertan, 8.000 euro jasoko dituzte, baina falta diren 2.000 euroak lortzeko, 2017a baino lehenago beste lan bat aurkeztu beharko du taldeak Donostian. “Oraindik Arrastoak antzezten ari gara, egia esan ez gara proiektu berrian pentsatzen ere hasi”, onartu zuen Gurrutxagak. Taldearen ustetan, denbora asko eskaini behar zaio gai berri batean pentsatzeari, eta azkenean, “bakarrik etorriko da”. Ez dute planifikaziorik egiten, beraz, etorkizunean ez dute pentsatu, oraina bizitzeko garaia baita.

Gertu ikusten dute martxoaren 23ko hitzordua, Victoria Eugenian euren obra eskainiko baitute. Eskarmentua duten arren, gogotsu daude, horrelako antzoki handi batean antzeztea oso polita iruditzen zaie eta. “Garrantzi honetako hitzordu batean jende asko elkartzen da eta oso positiboa da, azken finean, publikoa baita gure lana ondo egiten ari garela erakusten diguna”, esan zuen Redondok.

‘Arrastoak’. Lurrek ez du sekula bere amari buruz galderarik egin. Arrastorik utzi gabe egin zuen alde etxetik bera txikia zenean, eta bakarrik egin behar izan dio bizitzari aurre, etxean harrapatuta bizi den aitarekin, erantzunak bilatzeko astirik gabe. Orain amaren gorpua hilda agertu da eta galderak hasi dira berriz bor-borrean.

Erronka. Belaunaldien arteko lotura ikustezin horiei buruz gogoeta egin nahi du antzezlanak, generazioko herentziaz eta askatu gabeko korapiloez min-tzatu. Kolektiboki sortutako lana izan da, talde artistiko guztiaren artean harilkatua.

Dejabu Panpin Laborategia. Antzerki konpainia hau 2001. urtean sortu zuten Urko Redondok eta Ainara Gurrutxagak. An-tzerki forma berriak interesatu zaizkie hasieratik eta sormen propioko lanak taularatu izan dituzte beti. Urte hauetan euren lengoaia estetiko propioa garatu dute, errealismo magiko eta poetika handiko lanekin.

Antzezleak. Miren Alkala, Urko Redondo, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga izan dira. Testuak eurek eta Oier Guillanek sortuak dira.