Melodia on batek ez du kantu on bat ziurtatzen, eta letra on batek ere ez. Kantu on bat melodia on batek eta letra on batek egiten dute”. Eñaut Elorrietaren hitzak dira, eta abeslari gernikarrak badaki zeozer horretaz, berak egin baititu azken hamarkadan euskal musikan arrakasta gehien lortu duten abestietako batzuk.
Kanta baten letra idaztearen prozesua luzea da eta, sukaldaritzan bezala, bakoitzak bere errezetak ditu. Harkaitz Canok hamaika letra ida-tzi ditu kolore guztiko talde eta abeslarirentzat. Bere ustez, “musikarien arteko ezberdintasunik handiena zera da: kanta konposatzerakoan, musikatik hasten ote den edo hitzetatik”. Gehienak, musikatik abiatzen dira, dio nobelagile donostiarrak.
Bakarlari gisa zein Ken Zazpiko kide bezala, Eñaut Elorrietak beti jarrai-tzen du bide bera: “Behin esan nahi dudana zer den argi dudanean, hitz konkretuen bila hasten naiz, eta hi-tzen esanahiari begiratzeaz gain, hauen sonoritateari ere errepara-tzen diot. Gero probak eta probak egiten ditut kantuaren barruan, gauza ezberdina baita letra batek idatzita funtzionatzea, edo errezitatuta edo kantatuta. Melodiaren intentsitateak eta dinamika, eta letrarenak doitzea ere kontutan hartzen dut”.
Hitz egokiak topatzea ez da batere erraza, eta, horregatik, musikari ba-tzuek idazleengana jotzen dute. Jabier Muguruzaren kasua da. Bere ibilbidearen hasieran, berak idazten zituen testuak, baina gero lan hori beste sortzaileen eskuetan utzi zuen. “Idazleak ni baino letragile hobeak dira, eta, gainera, beraiekiko identifikazioari esker, joan naiteke pixkana-pixkana nire mezu pertsonala marrazten”. Bidasoako abeslariarentzat, hitzen garrantzia ez dator “esanahiagatik bakarrik. Mezua bezain inportantea da, niretzat, hi-tzen musikalitatea eta hitzek sugeritzen dutena”.
Muguruza idazle batengana joaten denean, batzuetan ideia bat ematen die, eta beste batzuetan “ideia arrastorik ere ez diet ematen (alferrik baita batzuekin horretan saiatzea)”. Hala ere, azken diskoetan “ez diet poema bat idazteko eskatzen, baizik eta kantu baterako letra bat; ez da gauza bera”.
Bat dator horrekin Harkaitz Cano. “Kantuak ez dira zehazki poemak -nahiz eta salbuespenak badauden-. Kantuan hitzak biluziago daude. Kantu bateko hitzek ‘pisu atomiko’ txikiagoa dute, nolabait esateko. Halako arintasun eta sintesi ahalmen handiago bat aurresuposatzen diet kantuei, printzipioz behintzat, poema bati baino. Errepikapenak justifikatuago daude, hitz naif bat ironiaz ahoska dezake kantariak edo alderantziz?”.
Melodien atmosfera Letra bat idazterakoan, bi eratako prozesuen artean ezberdintzen du Canok: “Musikatik abiatuta eta nolabaiteko neurri lotu batekin, edota kontrakoa: gai librean edo gaia emanda eta gero etorriko den melodiaren zain geratuz (intriga!)”. Lehengoa lotuagoa dela esaten du. “Askoz baldintzatuago zaude, melodiak jada atmosfera bat, gai bat edo tonu bat iradokitzen duelako (nahiz eta gero kantaria harritu egiten den batzuetan: Sehaska kanta bat egin duzula? Maitasun kantu bat zen eta!)”, ironiaz mintzatu da Twist-eko egilea. Lehen talde honen barruan, jarraitzen du Canok, “badira kantua xuxurlatuta bidaltzen dizutenak, “tarareoak” berak ere lagun dezake antzeko ehundura duten hitzak bilatzen, soinuetatik abiatzen esanahitik adina edo gehiago? Jolastiagoa da horrela, ludikoagoa”. Eta badago “ingeles asmatu batean abestuta bidaltzen duenik maketa, gero idazleak euskaraz jar dezan”. Berari gustatzen zaio lehen bide hau, “baldintza guztiekin, badu zerbait desafiotik”.
Bigarren bidean, kantua egiteko letratik abiatzen diren kantarien kasuan (Jabier Muguruza, kasu) askoz askatasun gehiago ematen dio. “Poema bat idaztearen antzekoagoa da. Poemak kantagarria izan behar du, hori bai? baldintza batzuk bete behar ditu”, dio Canok. Prozesu luze horretan laguntzen du “musikariaren unean uneko kezken berri izateak, diskoan ze adierazi nahi duen, eta kasu askotan musikaria laguna denez edo lagun bilakatzen denez kolaborazioaren poderioz, askoz ere modu estuagoan lan egin daiteke harekin? Garrantzi-tsua da kantuaren letra idazten duzun bitartean dagokion kantariaren ahotsean irudikatzea. Aktore jakin batentzat bakarrizketa bat idaztearen pareko zerbait”.
Jabier Muguruzak, adibidez, idazle gehienekin urteak daramatza elkarlanean. “Harreman pertsonala ere badago, eta identifikazio handia, tematikari dagokionez, testuaren tratamenduari dagokionez...”. Beste batzuetan, musikariak argitaratutako poema bat musikatzeari ekiten dio. “Lehenik eta behin, testu ederra izan behar du, Gil de Viedmak zioen bezala, lehen helburuak beti estetikoa izan behar baitu. Gero, bat etorri behar du nire mundu-ikuskerarekin, musikalki funtzionatu, gauzak sugeritu, espiritu kritikoa eta sentsibilitatea aintzat hartu?”, azaltzen du Muguruzak. Baina gertatu izan zaio “poema bat izugarri gustatu eta ikaragarri kostatzea musika jartzea”. Dena den, “ekinez gero, azkenean lortu egiten duzu”.
Eñaut Elorrieta Sarrionandia edota Benedettiren poemak musikatzen ausartu da. “Letraren sonoritatea, erritmoa eta melodia propioa irakur-tzen asmatu behar da. Barrutik pasarazi behar duzu, gero berriro kanporatzeko, zeure egin. Ez da erraza asmatzea, baina lortzen denean, magia ikaragarria da, jaiotze bat bezalakoa”, dio Elorrietak.
Mikel laboa, maisua Kirmen Uribek betidanik ikusi du testu literario bat ezagutarazteko musikak duen potentziala. Bere ustez, euskal musikagintzan letrak zaintzeko tradizioa dago. “Mikel Laboa izan zen maisua horretan, nahiz eta letrak ez izan bereak. Musikariak jakin behar du aukeratzen, zeren, musikan, aukeratzea ia-ia idaztea bezala da, eta Mikel Laboak oso ondo hauta-tzen zituen beren letrak”. Idazle ondarroarrak metodo ezberdinak erabili ditu kantak idazterakoan. Txikiegia, zaharregia agian-en kasuan, badaude kantak non berak idatzi zituen testuak Mikel Urdangarinek egindako melodien gainean, eta beste batzuk non berak idatzi zituen poemak eta gero Urdangarinek, Rafa Ruedak eta Bingen Mendizabalek asmatu zuten melodia. “Baina, nire ustez, gure lanik hoberena Jainko txiki eta jostalari hura da, eta hor musika guztia testuen gainean egin da. Testuak oso landuak egon dira aldez aurretik, baina bazeukaten forma bat, aukera ematen zuena kanta bihurtzeko”. Horrek ez du esan nahi, ohartarazten du, metodo hobea denik hura; izan ere, berari izugarri gustatzen zaio musika baten gainean testua asmatzea. “Melodiak berak laguntzen dizu sortzen. Betidanik egin den zerbait da. Tradizioan bazeuden doinuak eta horiei jendeak hitzak jartzen zizkien. Doinua ez da muga bat, doinua da irudimena pizten duen hori. Eta hori oso magikoa da”.
Izan ere, sentitzen duzuna isla-tzen lortzen duzunean, satis-fakzioa ikaragarria da. Hori gertatu zitzaion Eñaut Elorrietari Hel nazazu eskutik letrarekin. “Pasa-tzen ari nintzen prozesu personalaren isla zen eta lagundu egin zidan”, gogoratzen du.
Harkaitz Canok ere oso gustuko du kantak idaztea. “Ez daukat nire burua oso letragile ontzat, genero konplikatua dela uste dut, kanpotik begiratuta ez dirudien arren? baina ikaragarri gozatzen dut ahalegin bakoitzarekin. Aste honetan Pettik egin bezala, kantari batek kantu bat helarazten didan bakoitzean, zoriontsu egiten nau. Kantu bat, ongi ateratzen denean, emantzipatu den poema bat da, nolabait. Gainera, kantuak abantaila handi bat du hitz idatziarekiko: zerbait fisikoa dela, filtro arrazionalak gero datoz, baina lehenbizi belarritik sartzen da. Oso ederra da hori”.