Donostia. Elkar argitaletxeak genero beltzeko bi nobela aurkeztu zituen atzo Taupadak bildumaren barnean: Jokin de Pedroren Etsai gordea eta John Anduezaren Kankaleko misterioa.

Jokin de Pedrok (Bilbo, 1955) esperientzia du nobela beltzaren esparruan eta naturalki jotzen du genero horretara. Bilbotarrak Josu Arriola telebistako kazetari ospe-tsuaren istorioa kontatu du Etsai gordea liburuan. Bere postontzian ezezagun baten gutunak jasotzen ditu bertan mehatxuak daudelarik: "Zure egunak zenbatuta daude, aurpegi faltsu hori ezabatuko dut albistegietatik. denak du bere ordaina".

Mehatxuak areagotzen direnean ikerketa bat hasten da eta kazetariaren iloba ere pertsonaia garran-tzitsua bihurtuko da. Ikerketa argitu nahian, Gorospe inspektorea arituko da, idazlearen Irurac bat eleberrian agertzen zena. Trama horren barnean tartekatzen den ahots misteriotsu bat ere badago, etsai ordea, hain zuzen ere.

Eleberriak irakurlea engainatu egiten du, pista eta datu asko ematen dizkio baina bukaeran bestelako irtenbidea ematen dio istorioari, irakurlearen sorpresarako. De Pedroren aburuz, irakurleari "jakin-mina eta jolasa sortzea funtsezkoa da".

Idazleak, bestalde, bizkaierari lekua eman dio liburuan Gorospe inspektorearen ahotsean, bilbotarraren esanetan, "pertsonaiarekin bat baitator".

Bestetik, John Anduezak Kantauriko herri txiki, lasai eta bukolikoan kokatu du Kankaleko misterioa liburuan. Udaran, turistez josita egoten da Kankal eta halako batean hondartzan gizon bat azaltzen da bi tiroz eraila. Kazetari bat izango da argitu nahian arituko dena. Kazetari frakasatua da, ez dago bere momentu onenean eta zereginik ez duenez, ikerketan bete-betean sar-tzea erabakitzen du. Gertakizun horretan argi pixka bat jartzea da bere helburua.

Bi plano desberdinetan gertatzen da nobela eta oraina eta iragana nahasten ditu. Duela 25 urte gertatutako istorio bat dakar eta garai horretan gertatutakoek zer ondorio ekartzen duten azalduko da. Anduezak aipatu zuenez, "paralelismoak" daude duela 25 urte Orozkon gertatu zen istorioarekin; nahiz eta zehazki gertaera hori ez kontatu, testuinguru bera da. Orozko herrian denak ezagutzen zirelarik hildako bat agertu zen eta istorio horrek beti deitu dio "atentzioa" Anduezari.

Estilo aldaketak ere badaude eleberrian, "puzzle" antzeko bat eraiki nahian, idazlearen esanetan "irakurlearen "atentzioa ez galtzeko".