Hasiera batek, amaiera bat behar du. Horren jakitun, Gorka Urbizuk lau kontzertu eskainiko ditu Donostiako Victoria Eugenia antzokian, azaroaren 13tik 16ra bitartean. Lau saio hauekin Tour bat bira arrakastatsuari amaiera emango dio. Sarrerak bihar, asteazkenarekin, salgai jarriko dira, 11.30etatik aurrera, Donostia Kultura, Victoria Eugenia eta artistaren webguneetan, eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan. Berri Txarrak taldeko liderra zenak Hasiera bat diskoarekin abiatu zuen bere bakarkako ibilbidea. Orain, Erresuma Batuetako Abbey Road diskoetxe famatuan abesti berriak grabatzekoetan dela, bere biraren amaiera iragarri du, Donostian emango dituen lau kontzertuak aurkeztuz.

Donostia Kulturak gogoratu duenez, Urbizuk, Hasiera bat diskoarekin, "bere burua berrasmatu eta musikari/ekoizle moduan aurrerapauso handia ematea lortu du kantu eder eta biluzi" horiekin. Adibide gisa har genezake bere familiari idatzitako Etxe bat kantua, berriki Musikaren Akademiaren euskarazko kanturik onenerako izendapena jaso duena. Are gehiago, lana urteko lanik onenen zerrendetan agertu izan da da album eta, besteak beste, MusikaIndependentearen Sarietan (Premios MIN) Euskarazko Diskorik Onenaren Saria erdietsi eta Musika Bulegoa Saria ere jaso zituen.

'Tour bat' bira munduan zehar

2025 honetan, Gorka Urbizuk jotzen jarraitu du hainbat auditorio eta jaialditan, Bakan I izeneko EP-an bi kantuberri kaleratzeaz batera. EP sorta baten lehendabiziko alea da hauxe. Amaia Miranda (gitarra), Karlos Arancegui (1. bateria), Felix Buff (2. bateria) eta Nando Neira (baxua) musikariez lagunduta, Urbizuk Kolonbia, Mexiko, Txile eta Argentinako agertoki nagusietara eraman du bere azken lana. Euskal Herrian eta Estatu mailan ere bidaia luzea egin du Lekunberriko poeta eta musikariak, Boga Boga Festibala bezalako topaketetan bere bikaintasuna azpimarratuz. Tour bat Victoria Eugenian amaituko du, Berri Txarrak taldeak Adarra Saria jaso zuen antzoki berean.