Donostia. Txirri, Mirri eta Txiribitonek lehen lerroan egoteari utziko diote baina beraien ordez 2003an sortutako Junior taldea jarriko da. Fernando Ruizek Txirriren papera hartuko du; Juanma Zaldua, Txiribiton izango da, eta Kattalin Ansorena bere aitaren pertsonaian sartuko da, Mirri. Nahiz eta senideak soilik Jose Ignazio eta Kattalin izan, familia handi bat kontsideratzen dira, urte asko darama-tzatelako elkarrekin lanean.

Txirri, Mirri eta Txiribiton, 40 urte egin dituzue talde moduan martxoaren 25ean. Nola egiten diozue orain aurre agurrari?

José Ignacio Ansorena (J.I.A.): Ez da oso gauza handia. 40 urtez gero jendea erretiratu egiten da beraien lanetan. Pena bai, baina pailazo izateari ez diogu utziko, hori hezurretaraino sartu baita, agian noizbait eskatzen digute pailazoarena egitea. Uzteko garaian pentsatu behar duzu zer nahi dut? eta nola utzi nahi dut?. Uzten dugu guk erabaki dugulako, nolabait oraindik ere artistikoki forman gaudela eta zaleak ditugula. Uzten dugu 40 urtez landu dugun egitasmoa forman dagonean eta esku onean uzten dugu. Atzera begiratzen dut eta lan polita egin dugula uste dut, beraz, konforme gaude. Noizbait erretiratu beharko gara eta orain da denbora. Gainera gu sortu ginen euskaraz pailazoak egon zitezen, orduan halakorik ez zegoelako. Aitzindariak izan ginen. Gaur egun, talde asko daude, estilo guztietakoak, eta alde horretatik oso pozgarria da; gure helburua lortu dugu eta orduan alde egitea badaukagu.

Xabier Otaegi (X.O.): Zerikusia du uzteko moduak. Uzten arazten badizute, ez da ona; halabeharrez utzi behar baduzu ezin duzulako edo gaizki zaudelako ere, ez da polita. Gure kasuan 26 funtzio emango dituen jira batekin bukatzen badugu oso pozgarria egiten da agurra. Momentuz hasi berriak gara agur honekin eta nire kasuan eta pentsatu dut besteen kasuan ere, egundoko ilusioarekin hartzen dugu. Honenbesteko funtzio emateak oso sentsazio ona uzten dizu. Igorren izango da azkeneko funtzioa eta seguruenik malkoak aterako zaizkigu eta barnean zer edo zer sentituko dugu, sentiberak garelako.

Txema Vitoria (T.V.): Uzten ere jakin egin behar da. 40 urte eta gero, etapa bat itxi da.

Junior, zuek orain Txirri, Mirri eta Txiribitonen lekukoa hartuko duzue, nola egiten diozue aurre errelebuari? Errespontsabilitate handia izango da beraien izena hartzea?

Kattalin Ansorena (K.A.): Guk gogoz hartzen dugu lekukoa eta, jada, ari gara jira berri batean pentsatzen. Ea beste 40 urte egiten ditugun!. Hamar jadanik egin ditugu, beraz, 30 bakarrik geratzen zaizkigu.

J.L.A.: Garai zailak tokatzen zaizkie. Gure garaiak zailak ziren baina beste modu batean, Frankoren garaian, bestalde, ez zegoen ezer, azken finean, errazagoa zen. Orain mundu nahasia tokatzen zaie.

T.V.: Erronka polita daukate orain.

Fernando Ruiz (F.R.): Bertigo pixka bat ematen digu, baina azkenean izango da hamar urte hauekin jarraitzea. Ez da ezer berria izango, jarraipen bat baizik. Jira berria prestatuko dugu eta beste proiektu batzuk ere, baina izango da orain arte gure eskutan eduki dugunarekin jarraitzea.

Junior, zuen funtzioak aurreran-tzean nolakoak izango dira Txirri, Mirri eta Txiribiton talde bezala, sketch berriak izango dira edo berberak?

Juanma Zaldua (J.Z.).: Eguneratu egin beharko ditugu emanaldiak, egia delako gaurko umeak ez direla orain dela 40 urteko berberak. O-rain informazio gehiago daukate eta traste gehiago erabiltzen dituzte. Moldatu beharko gara. Sketch berriak egingo ditugu, egin ditugu berri batzuk jadanik, baina beraien batzuk ere hartu ditugu.

J.I.A.: Gu ere 40 urtetan asko berritu gara. Hala ere, jira honetan gure sketchik zaharrenak eta arrakastatsuenak egingo ditugu, baina egokituak eta berrituak. Duela 40 urte sortu ginen eta ez zegoen telebistarik eta geroztik telebistan urte pila batez aritu gara eta guretzat garapen handi izan zen. Gaur egun dena digitalean egiten da baina gure garaietan, zeluloidetan grabatzen zen.

X.O.: Guztia oso azkar joan da eta egokitu behar izan dugu, baina gustura egiten bada ez da ezer kosta-tzen.

Junior, zuek nola ikasi dituzue pertsonaiak, nagusiekin saioak egiten edo bideoak ikusten?

J.Z.: Urte asko daramazkit beraiekin, 20 bat inguru, beraz, pertsonaiak oso barneratuak ditut. Soinu teknikari bezala hasi nintzen.

F.R.: Ni, berriz, 18 urterekin hasi nintzen lanean. Chico para todo delakoa nintzen, bai produkzioan, bai monitore bezala. Aktore ere izan nintzen; aspalditik ezagutzen gara.

K.A.: Gainera kariñoa eta sinpatia hartzen diezu pertsonaiei eta benetan ezagutzen dituzu.

Zure kasuan Kattalin, zer suposa-tzen du zure aita Mirri izatea?

K.A.: Txikitan nire heroia zen eta jardunaldi guztietara joan nahi nuen. Gero ere garai bat izan zen zeinetan lotsatu egiten nintzena. Nire lehenengo parrandetan askotan kantatu didate Zapi zuria edo Txirri, Mirri eta Txiribiton. 15 edo 16 urterekin lotsa sentitzen duzu baina gero baloratzen zoaz eta pailazo izatea benetan polita dela konturatzen zara.

Txikitatik jakin duzu pailazoa izan nahi zenuela?

Ez. Nik aktorea izan nahi nuen. Lehen Rocio Durcal eta Marisol gustatzen zitzaizkidan eta nik pailazoarena ez nuen ofiziotzat hartzen; pentsatzen nuen medikua ala kazetaria izan behar nuela. Planteatu zidatenean, Fernando eta besteak jira bat egiten hasi ziren. Hori bukatzean seme-alabek parte har-tzeko ideia sortu zen eta aukera suertatu zitzaidan.

Juanma eta Fernando, zuek betidanik jakin duzue pailazoak izan nahi zenutela?

F.R.: Txikitatik dantza mundua eta antzerkia beti gustatu izan zaizkit. Telebistan hasi nintzen, geroago pailazoekin lan egiteko aukera izan nuen eta pixkanaka beraiekin aukera eduki nuen hainbat emanaldietan parte hartzeko. Ideia sortu zenean guztiz harrituta geratu nintzen, pentsatzen txikitatik telebistan ikusten nituen pailazoak bat batean zuk interpretatu behar dituzula, pozgarria suertatu zitzaidan. Lehenengo emanaldietan beldurtuta nengoen baina gero, ondo.

J.Z.: Beraien soinu teknikaria nin-tzen baina noizean behin pertsonaiaren bat egiten nuen. Beti nengoen saltsan.

Txirri, Mirri eta Txiribiton, zein ezberdintasun ikusten dituzue orain eta duela 40 urteko umeetan?

J.I.A.: Dena da ezberdina, mundu askoz ere aberatsagoan bizi gara orain. Lehenago gutxiago egiten zen, baino gehiago baloratu. Orain, berriz, gehiegizko gauzen konplexua dago, denak ase daude. Orain galdetzen diot nire buruari ea ez ote den saturazio bat. Juniorrek izan dezakeen arazoa dispertsioa izango da, haurrak ezin dira kontzentratu, denek nahi baitute haurraren arreta erakarri. Guk inportantzia eman diogu kontzentrazio horri gure fun-tzioetan. Duela 40 urte ez zen hori pasatzen eta ez zeuden orain beste estimulu. Baita ere, nerabetasuna aurreratu egin da eta atzeratu ere bai, luzatu egin da. Lehen haurra lasaiago bizi zen.

X.O.: Gaur egun izugarrizko konpetentzia dago; guk ez genuen halakorik gu izan ginelako lehenengoak eta bakarrak alde horretatik. Lasaitasun handiarekin hartu dugu, desberdina delako helburu batzuetara iritsi behar izate hori denbora gutxian edo, gure kasuan bezala, helburu hori planteatu gabe apurka-apurka ikasten joatea. Horregatik ez ginen urduri jartzen, gauzak errazagoak eduki ditugu alde horretatik. Baina seriotasun osoz hartu ditugu. Baita ere, denbora eduki dugulako serio hartzeko eta planteamendu profesional batekin. Beste ogibide bat izan arren gure pailazoaren planteamendua guztiz profesionala izan da. Adibidez, 1972an, Lazkaon, urtean behin edo bitan aukera zuten herrian espektakulo bat ikusteko; euskaraz, noski, bat ere ez. Hasi ginenean agian beraien lehen espektakuloa izango zen euskaraz. 2012an, ordea, Lazkaon, haurrak espektakulo beharrik ez dute, etxean baitute telebista, Internet eta dibertitzeko eta ikusteko beste hainbat aukera; orain euskara beste hizkuntza baten modukoa da, hor dago batez ere 40 urteren aldea. Oraingo jiran nabaritzen ari gara normalean etortzen direnak, proportzio altu batean, helduak direla. Gure azkeneko omenaldiak direnez sentsibilitatea jota datoz. Haurrekin etortzen diren heldu horiek ere oso ondo pasatzen dute, hainbat txiste ere badaude helduentzat egokiagoak direnak eta helduen barre hori nabaritzen da.

T.V.: Adina ere izugarri jaitsi da. Lehen hamahiru urtekoak etortzen ziren eta orain geroz eta gazteagoak, berriz. Gauza kuriosoa gertatzen zaigu emanaldietan, emakume asko etortzen direla jaio berriekin.

F.Z.: Nik uste dut gehien disfruta-tzen dutenak hamar eta hamaika urtekoak direla , bere anai edo arreba txikiarekin datozenak.

Junior, noiz hasiko duzue bakarkako proiektua Txirri, Mirri eta Txiribiton bezala?

K.A.: Oraindik prestatzen ari gara. udaberrirako edo izango da, martxoan seguraski. Gidoia osatzen ari gara eta elkartzen ere. Baina irregularra da, egun batean ez duzu ezer eta bestean gauza mordoa.

F.R.: Printzipioz ekaina-uztaila bitarte Euskadi Irratian jarraituko dugu, igande goizero programa bat dugu Tortolikan pailazoek eta horretan gabiltza. Orain proiektuetan pentsa-tzen jartzeko garaia da.

Txirri, Mirri eta Txiribiton zein oroi-tzapen berezi geratzen zaizue 40 urte hauena?

X.O.: Niretzako oso azkar pasa da, ziztu bizian, bizitza pasatzen zaizun moduan. Badirudi atzo hasi ginela, baina konturatzen zara iritsi dela momentua eten unea egiteko eta balantzea izugarri positiboa izan da. Beti geratzen dira gauza onak, gauza txarrak ere eduki ditugu baina haietatik ikasi dugu. Sari handia izan da guretzat ez genuelako ezeren esperorik, objektibo bakarra pailazoak sortzea baitzen, horregatik dugu eskertzeko gogo hau. Jende asko etortzen zaigu 30 edo 40 urtekoak esanez Don Don Kikilikonekin hezi zela eta Txirri Mirri eta Txiribitonekin ere bai. Momentu bat etortzen zait burura, duela 20 bat urte Igorren eduki genuen emanaldia xarmantenetako bat izan zen. Gabon giro honetan zen, herri guztia han zegoen frontoian eta gero kamerinoan ginela baserri ogi bana oparitu ziguten. Bertatik bizi pozarekin atera ginen eta gure bukaera ere Igorren izango da.

J.I.A.: Hasierako helburu xume horren bitartez izan genuen aukera Euskal Telebistako sorreran parte hartzeko, guri burutik inoiz pasatu ezin izango litzaiguken aukera eta oso elementu inportantea izan gara. Lehenengo dramatikoa guk sortu genuen eta pailazoz programaz gainera, beste programa asko egin genituen eta horien bitartez euskal kulturaren arlo guztietan txertatzeko eta harreman izateko bidea eman digu.

T.V.: Ni momentu batekin geratzen naiz batez ere, San Sebastián bezperan grabatu genuen down sindromeko ume batzuekin, oso hunkigarria izan zen, eta bigarrena, Bilboko kontzertua abuztuan.

F.Z.: Kanpoan egin ditugun emanaldiak ere hunkigarriak izan dira: Saharan, Renon, Madrilen...

K.A.: Madrilekoa izugarrizko arrakasta izan zen, gure lehen emanaldia izan zen gaztelaniaz.