dONOSTIA. Duela urte batzuk tratu txarrak jasaten zituen emakume baten istorioa gertutik ezagutu zuen Agurtzane Intxaurraga (Orozko, 1966) antzerki zuzendariak. Tratu txarrak ez ziren fisikoak, "hitz iraingarriak eta mingarriak" baizik, hau da, "albiste ez diren tratu txarrak". "Gizonak bere bikoteari nola hitz egiten zion ikustea gogorra egin zitzaidan, batez ere emakumea ez zuelako ezer egiten: isilik gelditzen zen", gogoratu zuen.
Jarrera hori ulertzen saiatzeko -Zergatik ez da erantzuteko gai emakumea? Maitasuna, pena, lotura ala beldurragatik?- Hitzak izeneko antzezlana idatzi eta zuzen-tzea erabaki zuen. Ane Pikaza, Ainhoa Aierbe, Klara Badiola eta Jabi Barandiaran dira aktore nagusiak asteburu honetan Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko duten emanaldian.
hiru aktore, pertsonaia bat Atzoko prentsaurrekoan Intxaurragak onartu zuenez, tratu txarrei buruz asko eta asko hitz egin da zinema, antzerki eta literaturan. Horregatik, gaia bere modura jorratzeko era bilatu eta erabaki bat hartu zuen: hiru aktorek emakume berberaren papera egingo zuten iraganean, orainaldian eta etorkizunean. Mari I (Pikaza) guztiz maiteminduta dago bere gizonarekin eta bere xuxurlak baino ez ditu entzuten. Pixkanaka-pixkanaka, ia konturatu gabe, xuxurlak irainak bihurtuko dira eta "etengabeko gatazkan" biziko da Mari II (Aierbe), isilik gelditzeko erabakia har-tzen duen arte, esaten dituen gauza guztiak gaizki interpretatzen dituelako senarrak. Azkenik, gehien maite duen pertsona galduko du Mari III -ak (Badiolak) eta bizitza bere modura bizitzea erabakiko du.
Gizonaren rola, berriz, aktore berak betetzen du, Jabi Barandiaranek, hain zuzen. Agurtzane Intxaurragak azpimarratu zuenez, bere asmoa ez da izan gizon maltzur bat sortzea. "Bera ere biktima delako, bere heziketaren biktima. Bere gurasoen ereduari begiratzen dio eta hark ere onena nahi du bere emazte eta semearentzat, baina bidean ahazten du Marik ere ilusio propioak dituela", erantsi zuen.
Egilearen ustez, tratu txarrei buruzko antzezlana baino, "maitasun istorioa" da Hitzak, "fikziozkoa" baina "errealitatetik asko" duena. Izan ere, "minak sortutakoa da". Aitortu zuenez, ez du erantzunik aurkitu eta "ziur asko, ikusleak ere ez du aurkituko", baina antzerki-lana "gogoeta sortzeko" baliagarria izango delakoan dago.
TALDEA Estreinako aldiz bere kabuz idatzi du antzezlana Intxaurragak, "testua orrazteko" ohiko lankidea den Arantxa Iturberen kolaborazioa izan badu ere. Miren Gojenola da lanaren zuzendari laguntzailea, Agurtzane taula gainean ere badagoelako: alde batetik, bikote protagonistaren semea irudikatzen duen panpina maneiatu eta haren ahotik hitz egiten du, eta bestetik, laugarren emakume baten papera egiten du. Jatorrizko musika Fran Lasuenena da.
Hitzak bihar, larunbatean eta igandean taularatuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean (20.00etan, 18 eta 15 eurotan) eta datorren urtetik aurrera beste herrialdeetan antzeztuko dute. Martxoan, gainera, gaztelaniazko bertsioa estreinatuko dute. Itzulpena Arantxa Iturbek egina da.